Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/03/16 22:49:00.557 GMT+1

Calatrava vs Isozaki... Bilbon. Bi divo Hiri Posmodernoan

    A ze espektakulua….zioen The Jam punk taldeak , 80. hamarkadan atera zuen kantu ezagun batek, gurean, Gari rockeroak euskeratu zuena.

    Bilbo, Espektakulu Hiria bihurtzen ari direla bistan dugu denok. Baina, azken aste hauetan gertatzen ari den polemika zurrunbiloak, ahalegin konziente horreri beste koska bat eransten dio. Arkitektura Globalaren bi divo, Calatrava vs Isozaki, elkarri mokoka… edo egia esanda, bakoitzak bere ordezkaria bidalita, lan neketsu horretarako (Pertsonaia lokatzetik babestu behar da). Eta Udalak, gu, hiritarrok, orain, arazo artifizial honetan, eritzi bat, posizio bat izateko premiatzen gaitu.. ze, aizu, Bilbo Barriaren egitasmoa da eztabaidan dagona. Gure egitasmoa da, arkitekto batek, bere ego-keri horregatik kolokan jartzen duena, epaitegietara ta guzti jo du eta.

    Gogoratu beharra dago, Zubi-Zuri izena duen horren egitasmoak ez zuela bere garaian, lehiaketa publiko baten bermea izan. Orduan, hiritarrok, ez genuen aukerarik izan egitasmoa ezagutu eta baloratzeko. Berdin gertatu da, Isozaki Atea deitzen den horrekin. Eta , adi, Pelli - Iberdrola Dorrea, orain eraikitzen hasiko diren horren berri, hedabideek eman digute. Orduan, ez genuen informazioa eskuratu, entzule-ikusle pasiboaren papera betetzera mugatu gaituzte, besterik ez.


Modernitatea eta Posmodernitatea

    Hiri-Posmodernoaren espektakulua dugu aurrez-aurre. Modernitateak, arkitekturan eta hirigintzan., balore unibertsalen bilaketan jardun zuen, eta horren egileek, iraunkortasuna eta beharrezkotasunaren oinarrizko bokazioa zuten. Arkitektura Modernoa, mugimendu ideologiko bat zen, Sozialismoaren iturritik edaten zuena, eta Bauhaus bezelako abangoardietan islatu zena. Adibidez, Modernitate aurreko garaiko hiriek zuten osasun publiko arazoei erantzuna ematen saiatu ziren, eta gehiago, hiritarren askatasuna ta ongizatea zuten aspirazio gisa. Hiria, klaseen arteko tentsio eremua zen. Utopia zen nagusi.

    Posmoderniateak, aldiz, Modernitateari, arlo guztietako gehiegikeriak leporatuz, norbanakoa jartzen omen du zentroan. Hiri Posmodernoak, gizarte taldeen arteko tentsioak bukatutzat ematen ditu (Historiaren bukaera). Modako arkitekturei zabaltzen dizkio besoak. Hiritarrari, ebokazio bidez aurrez proiektatutako irudia bilatzeko exigitzen zaio, eraikina, kalea, plaza… bertatik urrutirago doan esanahia. Ez da izana balioduna, izate baten itxura ematen diona baizik (hortik eraikinon izen ebokadoreak: Zubiari-Zuri eta eraikin bikoteari Atea). Eraikinak duen irudikapen mezua, baliotsuagoa da egunerako duen erabilgarritasuna baino. Eraikinei, plazei, kaleei… beti izan duten zerbitzurako izaera, sumeegia delakoan, traszendentzia antzeko bat erantsita aurkezten dira.

    Guzti honen emaitza, asken muturrean, beste gehiegikeri baten bihurtzen da. Modernitateak liberazio bat bazuen asmotzat: erdi aroko hiriaren osasun eta askatasun eza; eta hiri indutrialaren kutsadura eta brutalismotik askatu. Posmodernitateak, aldiz, hirigintzak -zeregin publiko den heinean- egitura homogeneizatzailegia duela eta, horren ordez, ikusgarritasuna eskeintzen du: askapen virtuala. Horretarako, hiria, eszenatoki bilakatzen da. Baina, badakigu, ikusgarritasuna, moda den heinean etengabeko itxuraldaketak jaso behar dituela, hain zuzen ere, modakoa izaten jarraitu nahi badu. Beraz, Hirigintza Modernoak iraunkortasuna bilatzen zuen, eta aldiz, Posmodernoak momentukeria baino ez du uzten, hasierako ikusgarritasuna esanahi bakar bezela.

    Eta guzti honek, hiritarrok gure hiriarekin batera eraikitzen dugun identitatean ere bere eragin zuzena du. Hiri Posmodernoak, eskeintzen duen espektakuluan ikusle pasiboaren papera barneratzea baino ez digu uzten. Betiko Hiriak, bertan bizitzearen intimitatearen oinarrian altzatzen zuen identitatea. Hiriko alde berri hauetan beste sentimentu bat dugu, ajenoa zaigu, besterena, Calatrava, Isozaki edo Ghery-ren obrak dira. Ez dira Hiriaren biografiaren parte, akaso, alter-biografia bat hasi berri dute: hiriaren biografia virtuala.

 

Ez dago Hiri Egitasmorik, Modaren legea baizik

    Eta orain, zubiaren kontua hau dela eta, divo bi hauen polemikaren erdian, gure ustezko identitate intimo horretatik ari zaizkigu oratzen: aizu… hiriaren zubia da, eta hiriak erabakitzen du zer egin !!!. Baina ez dakit ze erantzun ari diren jasotzen, agian ikusle soil batena, ez hots ez bero. Hiritarra, Betiko Hirian bizi da (fisikoki eta irudikapen aldetik) eta harekin identifikatzen da. Hiri Berriaren gune honetara esperientzia bat sentitzera hurbiltzen da (horrela irudikatu-saldu diote), ez daki nola azaldu, baina oso modakoa ikusten du orduan bere burua… eta badaki, moda etengabeko aldaketa dela, ezer ez da irauteko bere hortan, beraz, eta dena dagola modaren menpe. Atzo bertakoak gaurkoari oztopo egiten badio, ba oraingoaren menpe jarri behar da, ezta?

 
    Ikusle arruntarena egitera gutxiesten banauzue, zergatik eskatu orain niri konpromisoa Hiri Egitasmoaren alde. Edo ez da konpromisoa bilatzen ari direna, ze ez dago Egitasmorik, eta modaren lege bortitza da gauzatu dena: orain datorrenak ez du aurrekoa aintzat hartu beharrik. Eta berdin da aurrekoa Posmodernoa bada ere.

 

Bilbao Hiri Posmodernoari buruz, irakurri Garikoitz Gamarrak, Bifurcaciones aldizkari elektronikoan argitaratutako “Bilbao: pasion y muerte de lo urbano” lana.

Nork: A.B..2007/03/16 22:49:00.557 GMT+1
Etiketak: posmodernoa hiri | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari