Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/12/18 21:02:22.136 GMT+1

Aldaketa klimatikoaren arazoari lurralde antolamendurako politikak egin beharreko ekarpenak (I): ekonomi guneen lurralde sakabaneta arduragabea

Amaitu berria da Balin egin den Aldaketa Klimatikoaren aurkako Gailurra… beste porrot barri batekin. Han izan da Jaurlaritzaren ordezkaritza ere, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailburua, Esther Larrañaga, (AHT-ren aldekoa) buru zela. Ez dakigu ze neurri edo estrategiaren berri ematera joan den, baina, horren aurretik bertan bildutako herrien aurrean barka eske baten premia nagusitu beharko zen… ze Erkidegoak azken hamar urtetan Europar Batasunetik, Kiotoko Hitzarmena betetze aldera, negutegi efektua sortarazten duten gasen isurketa, % 15 igotzea bakarrik baimentzen zigun… baina igoera erreala % 28,2 koa izan da, eta martxa honetan 2012 urterako %36-ko igoera eragingo dugula estimatzen da (Jaurlaritzaren webgune ofizialetik ateratako datuak).

Hau ez da inolaz ere propaganda ofizialetik iragartzen den garapen eusgarria, ezta iraunkorra. Larriena, eta erremina sortarazten duena, aginte publikotik egiten den “erantzunkizunaren transferentzia” delakoa da: hiritarrok garela gure eguneroko jardun biziatuengatik egoera hau sortu dugunak, alegia; eta ez dugula behar beste erabiltzen garraio publikoa, adibidez.

Artikulu honetan, hain zuzen ere, garraioak edo hobeto esanda mugikortasunaren ondorioz eragiten den negutegi efektuaren larritzea ikertuko dugu. Noraino, zentzuzko lurralde antolamendu politika baten gabeziak, azken emaitza bezela, “derrigorrezko mugikortasuna” deritzona biderkatu duen.

Ingurumen Ministerioak argitaratutako txosten batetan “El cambio climático en España. Estado de situación. Noviembre 2007”, hurrengo datu hauek nabarmentzen dira: 1) Estatu Espainarrak bigarren postua bereganatu du Europar Batasunean autobide eta autopisten sarearen dentsitatea neurtu ezkero 2) 1990-2005 urte bitartean mugikortasun indizeak bikoiztu (x 2) egin dira. 3) 1975-2005 bitartean ibilgailu pribatuak x 4 biderkatu dira. Txostenaren egileek lurraldearen okupazioaren eta hirigintzaren ereduak seinalatzen ditu egoera honen sustatzaile eta eragile zuzenak bezela.

Jaurlaritzak berak (Garraio eta Herri Lanetarako Sailak) lehen aldiz, hain gogaikarriak, eta bestalde, ohikoak bihurtu diren eguneroko auto pilaketak sortzen dituzten lan-ordu galtzeak, istripuak eta kutsadura neurtu ditu, behingoz. Emaitza: hiritar bakoitzari urtero 930 €-ko faktura irtetzen zaigu… ez da makala !!.

Lurralde eta hiri planeamenduak erantzunkizun handia dute hiritarren mugikortasunaren eskabidean, eta gainez egiten duen mugikortasun horreri buruzko erantzunak baldintzatzen ditu. Zentzu gabe geratzen da, garraio publikoen arduradunek hiri desplazamenduen kudeaketan norabide aldaketa planteatzea, ibilgailu pribatuaren erabilera mugatu nahian (horrelakorik balego gurean), lurraldearen erabileraren plangintza politikak ez baditu zentzu bereko helburuak barneratzen (hiri bildua vs hiri sakabanatua).

Arlo honetan, eta analisia zerbait mugatzeko asmoz, ekonomi jardueretarako kokapenen arloan azken urteotan eman den lekualdatzeak aztertuko ditugu, eta ze erantzunkizun duten botere publikoek eta heurek finantzatutako garapen agentziek, eremu monofuntzionalak sortzeko erabakietan (inbertsioetan). Horrela, nabarmenak dira, landa eremu erdian sustatu diren parke teknologikoak eta industriguneak. 60-80 hamarkadetan genuen ekoizpen ekonomia ereduaren eraldaketaren ondorioz, gero eta industri kutsakor gutxiago ditugun garai hauetan, ordea, ekoizpen zentru berriak hirigunetatik gero eta urrunago kokatu dira. Ekonomi jardueren (lantokien, azken finean) sakabanaketa honen arrazoi edo justifikazio bezela, hiru faktore azpimarratzen dituzte sustatzaileek: 1) periferiako lurren prezioa merkeagoa dela eta hiriguneetan dauden lur-boltsak kudeatzeko “arazoak” daudela (espekulazioa), 2) enpresen irudiari ingurumen “natural” horrek ematen dien kalitate itxura, eta 3) sustatzaile inmobiliarioen euren negozio estrategiak.

Honela, “Jerarquia urbana y areas de movilidad laboral” (Joseba Juaristi. EHU) txostena jarraituz, 1990 hamarkadan, lantoki gune berrien (edo lekualdatuen) sakabanaketa prozesuaren datuak biltzen dira: 1) Bizkaian Asuako harana (Zamudioko Teknologi Parkea) edo Eroski-k Durangaldean ezarri dituen logistika guneak (Elorrio) 2) Araban: Miñanoko Teknologi Parkea, eta Iruña de Oka eta Legution zabaldutako industrialdeak 3) Gipuzkoan: Deba-Goienean MCC-ren lurralde okupazio sakabanatu berrirako estrategia, eta Donnostialdeatik Oiartzun eta Astigarraga aldera zabaldutako merkatal guneak eta nazioarteko mugarekin loturiko jarduerak.

Lurraldean jarduera ekonomikoek izan duten okupazio estrategia berri guzti hauek, lantegiak biziguneetatik gero eta gehiago aldentzean, bere eragin zuzena izan dute eguneroko pertsonen derrigorrezko mugikortasunean, lanera joateko mugimenduetan hain zuzen. Juaristiren datuen arabera 1991 urtean biztanlegoaren % 54,7-a bizi eta lan hiri berdinean egiten bazuen, 1999 urtean indize hori % 49,9 ra jeitsi zen. 2007 urtean, beste indizi bateri erreparatuz, Jaurlaritzak Mugikortasunari buruzko Ikerketan agertutakoak, lurraldearen lotura gaitasun hau (bizi eta lan udalerri berdinean lotzeko ahalmena) % 45,6 –ra baino ez da heltzen.

Jaurlaritzaren Mugikortasun Ikerketa honekin jarraituz, datu biren indizeak lotzen badira: lanera joateko biztanlegoaren % 54,4 –a bere hiritik mugitu behar dela alde batetik, eta lanerako mugimendu hoien % 60 –a ibilgailu pribatuan egiten direla bestetik. Eta indize horiei, High-Tech lantegiak eta bestelakoak hiriguneetatik zein urruti kokatzen ari diren eta batez ere, haietara heltzeko ez dela garraio publikorik aurreikusi gaineratzen badizkiogu, horra hor negutegi efektua areagotzeko koktel perfektua. Eta lurraldean jardueren sakabanaketa hau eta kutsaduraren erlazio zuzenari buruz, inolako dudarik geratzen bazen, beste datu ofizial bat: garraioak eragindako kutsadura 1990-2005 urte bitartean % 100 igo da, eta egun, negutegi efektua eragiten duten gasen % 23 aren sortzaile izatera heldu da, eta jada, industriak sortutakoari aurre hartu dio (% 22,7).

Benetako paradoxa da, lurraldearen okupazio estrategia berri honen eragile nagusia, agentzia publiko bat izan dela: SPRILUR deritzona. Bere jarduera 1982 urtean hasi zuen, eta 25 urte hauetan 80 Industrialdea eta Parke Teknologiko sustatu ditu, eta orotara 7,5 milloi m2 urbanizatu ditu.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailburuak, aldaketa klimatikoaren errua guri hiritarroi leporatzen digu, kotxea larregi erabiltzen omen dugulako. Galdera zuzena da: Ingurumen Sailburuak SPRILUR-eko Administrazio Kontseiluko kide ere den heinean, jakitun ote da landa erdian, hirigunetatik urrun eta inolako garraio publikorako azpiegiturarik gabe, industrigune berri bat eratzeko inbertsioari aldeko botua ematen dionean, aldaketa klimatikoaren eragile biderkatzaile gisa zer nolako erantzunkizun zuzena bereganatu beharko luken?

Nork: hiripublika.2007/12/18 21:02:22.136 GMT+1
Etiketak: hiripublika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari