Web erabilerraztasuna

Herenegun Navarpartyn Maria Ángeles Bueno web erabilerraztasunaz aritu zitzaigun. “Buenas prácticas para la creación de web accesibles” izan zen hitzaldiaren izenburua. Hasieran ebanjelizazio modua “ON” piztu zuen, eta gero ohar nahiko garbia bota zigun: Espainian 1494/2007 errege-dekretua eta 49/2007 arau-hauste legea atera dira; 2010an betetzen ez dituen webgunea isunak jasotzeko zorian dago.

Web erabilerraztasuna lantzeko arrazoien artean, legea ez da nagusia. Erabilerraztasuna norbanakoak pairatzen dituen gabeziak gainditzen ditu, eta hori ez da ahuntz gauerdiko eztula. Gainera, testu-ingurutik eratorritako murrizketak ere estaltzen ditu, terminal mugikor ahulak edo argiztapen exkaxa kasu.

Erabilerraztasuna zabaltzeko asmoz W3C erakundeak WAI ekimena bultzatu du. Bere baitan ATAG, WCAG eta UAAG arauak daude.

Hitzaldia WCAG arauaren inguruan ibili zen. Lehen bertsioan 3 maila zeuden, eta espainiar legediak 2-AA maila betetzera behartzen du. Zehazki, UNE 139803:2004 egiaztapen araua aipatzen du legeak.

Ordutik WCAG 2.0 argitaratu dute (2008ko abenduaren 11ean), zeinek hautemangarritasun, egingarritasun, ulergarritasun eta sendotasun oinarriak azpimarratzen dituen.

Hala eta guztiz ere, Maria Ángeles irudiko, ez da funtsean aldatu araua.

Gero, hizlariak erabiltzen dituen praktika onak zerrendatu zizkigun. Ez ditut guztiak aipatuko, baina horra hor:

  • ALT, TITLE eta LONGDESC atributuak erabili.
  • Kontuz koloreen erabilerarekin, gizonen %10a Daltonismok jota dago eta.
  • Adierazgailu semantikoak (STRONG, EM, H1, H2) erabili, eta utzi diseinua estilu-orrientzarako.
  • LANG atributuak erabili.
  • TABLE etiketa taula-formako datuentarako da, ez diseinua moldatzeko.
  • Kontuan izan denboraren adierazleak, metadatuetan.
  • Murriztu, ahal den neurrian, txertatutako interfazeak, eta alternatibak eskaini.
  • Dispositibo guztietako idatzi, ahaztu “hobe zenuke nik gustoko dudan nabigatzailea erabili” bezalako mezuak.

Hitzaldi gozagarria izan genuen, lagun-giroan. Partaide batek galdetu zion:

Erabilerraztasunaren kontuan, zeintsuk dira ezagutzen dituzu webgunerik onena eta okerrena?

eta ezin diot azken erantzuna zuei xuxurlatzeko tentaldiari eutsi:

Telemadrid

Gaiaren inguruan informazio gehiago, erdaraz, Gaztela eta Leongo INTECOn.

Iñaki Agirre Pérez