Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eneko Bidegain: "Bete-betean parte hartu zuen "Eskualduna" astekariak Ipar Euskal Herriko euskal gizartea frantsesten"

Dokumentuaren akzioak

Eneko Bidegain: "Bete-betean parte hartu zuen "Eskualduna" astekariak Ipar Euskal Herriko euskal gizartea frantsesten"

2014/12/10 - Unibertsitatea.net
#txiotesia2 lehiaketako "Txiolari originalena" elkarrizketatu dugu: Eneko Bidegain. Egun zertan ari den eta epe laburrean zein asmo dituen galdetu dizkiogu besteak beste.

Azaroaren 18an ospatu zen "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" (#txiotesia2) lehiaketako Txiolari originalenaren saria eskuratu zuen. Berarekin izan gara.

 

Lehenik eta behin, zorionak #txiotesia2 lehiaketako txiolari originalenaren saria eskuratu berri duzulako. Zure tesia 6 txiotara laburtzea lortu duzu eta koplatan gainera. Nolatan ideia?

Iaz parte hartu nuen, eta aurten, parte hartzekotan, ez nuen gauza bera egin nahi. Nire helburu nagusia zen parte hartzea, eta jolastea. Twitter tresna polita da hitzekin jolasteko, eta euskaldunen kasuan, bertsoak tresna egokiak dira horretarako. Hasieran zortziko txiki batzuk egitea pentsatu nuen, baina ez ziren sartzen. Beraz bertso horiek kopla zaharren neurrira ekarri nituen. Uste dut bizitasunean irabazi dutela, modu horretan.

Eskualduna aldizkariak I. Mundu Gerlan bete zuen papera aztertu duzu tesian. Zerk bultzatu zintuen garai hura aztertzera?

Duela zenbait urte landu nituen Eskualduna-ko testuak, hizkuntzaren aldetik. Ikusi nuen eduki aldetik ere interesgarria zela. Hainbat garai edo gertakari azter zitezkeen, baina Lehen Mundu Gerraren mendeurrena hurbiltzen ari zela ikusirik, pentsatu nuen gai egokia izan zitekeela. Gainera, Lehen Mundu Gerra gutxi landu da Euskal Herriko ikuspegitik. Iruditzen zitzaidan Eskualduna astekariak funtsezko papera bete zuela euskaldunen ideologizatze prozesuan, frantseste prozesuan; horregatik, ikertu nahi izan nuen zein izan zen astekari haren ildo editoriala, gai haren inguruan.

Eskualdunak Ipar Euskal Herriko gizartea frantsesten lagundu zuela eta abiapuntu horretatik ekin zenion ikerketari. #txiotesia lehiaketako 6. txioak argi uzten du... "Gerran ibilirik prestu Frantzia zuten babestu Eskualduna­tik eta euskaraz Herria zuten frantsestu".

Ikerketa prozesuan baieztatu ahal izan dut Eskualduna astekariak bete-betean parte hartu zuela Ipar Euskal herriko euskal gizartea frantsesten, etengabe goraipatzen baitzituen Frantzia, Frantziako armada eta, nola ez, Frantziaren alde hiltzen ziren edo sari bat irabazten zuten euskal soldaduak.

Lehen Mundu Gerraren hasieraren lehenengo mendeurrena bete da aurten. Oraindik ere "euskaraz herria frantsesten" dihardu prentsak?

Ez, gaur egun, prentsa gehiena frantsesez ari da. Euskaraz ari diren komunikabideen erreferentzia Euskal Herria da. Alderantzizkoa gertatzen da: mezu abertzalearekin, frantsesezko prentsa egiten da. Aztertu beharko da mezu abertzalea frantsesez zabalduz, zenbateraino laguntzen den herria euskalduntzen ala ez.

Zure tesia liburu forma hartuta ikusteko aukera ere izan duzu aurten.

Tesia bera argitaratu du Euskaltzaindiak, doi bat laburturik. Horrez gain, "Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria" dibulgazio liburua argitaratu dut, Elkar-en eskutik.

Ikerketaren mundua ikerketaren mundutik ateratzeko ahalegina egin behar dela esan izan duzu. Ikertzen den hori kontatzeari garrantzia handiagoa eman beharko litzaioke?

Ikerketaren mundutik ateratzearekin, erran nahi nuen kanpora ere zabaldu behar dela, dibulgazio lana egin behar dela, itzaletik atera, alegia. Txiotesia ekimenak horretarako balio du. Arazoa da ikertzaileak behartuta gaudela aldizkari zientifikoetan anitz argitaratzera, eta horretan jartzen dugula denbora. Ikerketen emaitzek behar dute argitaratu horrelako euskarrietan, horrek ematen diolako seriotasunaren bermea. Baina ezin da mugatu horretara. Lan horiek publiko zabalari ezagutarazi behar zaizkio.

Mondragon Unibertsitateko irakasle, kazetari, idazle... proiektu berririk eskuartean?

Azkenaldian, Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldean ari gara ikerketa proiektu bat lantzen eta garatzen, Euskal Herriko euskarazko komunikabideen balio soziala neurtzeko. Horretan ibiliko naiz datozen hilabeteetan.

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

(txiotesia 2, txiotesia 1)