Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Antton Alberdi: "Ezinbestekoa iruditzen zait zientzialari guztiok dibulgazioari tarte bat eskaintzea"

Dokumentuaren akzioak

Antton Alberdi: "Ezinbestekoa iruditzen zait zientzialari guztiok dibulgazioari tarte bat eskaintzea"

2014/06/12 - Unibertsitatea.net
Nazioarteko ikerlari baten baino gehiagoren interesa eta arreta piztu du Antton Alberdi Biologian doktoregaiak saguzarrak atzemateko erabiltzen duen lan-metodoak: taldean aritzen da, ohikoa ez den arren.

Ikerketez, azterketez eta analisiez gain, ikertzaileek egiten duten lana hori guztia argitaratzea ezinbestekotzat du Antton Alberdi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1987) Biologian doktoregaiak. Arlo horretako ikasketak egin zituen UPV/EHUn, eta, ostean, Biodibertsitateari eta Ekosistemen Kudeaketari buruzko masterra egin zuen.

UEUko Natur Zientzien Saileko kide da, eta, egun, “Plecotus macrobullaris belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioa” izeneko tesia ari da burutzen; lanaren azken hondarrekin dabil buru-belarri. Lanketa horretarako, 3 eta 4 hilabeteko bi egonaldi ere egin ditu Bristoleko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Kopenhageko Geogenetikako Institutuan (Danimarka). Eta gerora ere ez dio ixten atea atzerrira ikertzera joateari.

Biologiako ikasketak egin zenituen UPV/EHUn eta saguzarren munduan murgildu zinen. Nolatan hartu zenuen ibilbide hori?

Ez naiz geldirik egotekoa, etengabe zerbait egiten aritzea gustatzen zait, eta, posible bada, gauza desberdinak egiten, gainera. Saguzarren munduan sartzeak aukera hori eskaintzen zidan: saguzarrak ardatz hartuta, ikerketa-esparru ugari landu ahal izatea. Hala, mendian lan ugari egiteko aukera eman dit: saguzarrak harrapatzen, laginak hartzen, irrati-telemetria bidezko jarraipenak egiten, ultrasoinuak grabatzen edota manipulazio-esperimentuak egiten. Horrez gain, laborategian analisi molekularrak egiten ditut, eta ordenagailuan askotariko modelizazio eta simulazio-analisiak. Saguzarretan oinarriturik, besteak beste, dieta-analisiak, modelizazio ekologikoa, prozesu ebolutiboen berreraiketa eta sistema sentsorialaren azterketa egiteko aukera daukat. Ez dago aspertzeko aukerarik.

Egun 'Plecotus macrobullaris' saguzar belarrihandi alpetarrari buruzko doktorego tesia egiten zabiltza. Zein da zehazki ikerketaren lan-ildoa?

Espeziea Alpeetan deskribatu zen 2002an, eta urtebete beranduago, Ordesan (Aragoi, Espainia) 2.400 eta 2.800 metroko arteko altueran, hainbat ale harrapatu zituzten Inazio Garin eta Joxerra Aihartza UPV/EHUko ikerlariek. Espeziea horrenbeste denboran aurkitu gabe egon izanak eta horren altuera handian harrapatzeak, saguzarren artean ezohiko izaera izan zezakeela susmatzera eraman gintuen; espezie alpetar bat izan zitekeela pentsatzera, alegia. Hipotesi nagusi hori testatzeko hainbat ikerketa-lan diseinatu genituen; hala nola, espeziea ingurune alpetarretan ohikoa ote zen testatzea, bertan gordetzen eta elikatzen ote zen frogatzea hala izanez gero, bere kontinente-mailako banaketa eta beharrizan ekologikoak zehaztea, eta historioa ebolutiboa berreraikitzea.

Horretarako, harrapaketak egin ditugu, esaterako, Pirinioetan, Alpeetan, Grezian eta Kaukason, eta saguzar hori goi-mendietan ohikoa dela ohartu gara. Pirinioetan harrapatutako animalien gorotzetatik DNA erauzi, eta analisi molekularren bitartez, zein intsektuz elikatzen den ezagutu ahal izan dugu, eta baita non ehizatzen duen ondorioztatu ere. Irrati-telemetria bitartez, saguzarrak transmisorez markatu eta 1.500 eta 2.450 metro bitarteko altueran gordetzen direla ikusi dugu: emeak harkaitzetako arrakaletan eta ar asko legarretako harri artean. Saguzarren artean, hori ezohiko portaera da oso, Europan bakarra. Modelizazio ekologiko bitartez, saguzarraren banaketa zehazten duten aldagaiak identifikatu ahal izan ditugu, eta DNA laginetatik abiatuta espeziearen historia ebolutiboa berreraiki dugu azken 1,5 milioi urteotan.

2002an espezie izendatutako saguzarra da alpetar belarrihandia. Espezie nahiko berria dela esan daiteke. Nolatan deskubritu da orain gutxi?

Bi dira espeziea horren berandu izendatzearen arrazoi nagusiak: Plecotus generoko gainerako saguzarren oso antzeko itxura duela, eta mendi-inguruneetara mugatutako espeziea dela. Azken urteotan, saguzar-espezie ugari deskribatu dira analisi molekularretatik abiatuta, itxuraz oso antzekoak izan arren, izatez espezie desberdinak direla konturatu direlako ikerlariak. Saguzarren eboluzio-erritmoa, bereziki, geldoa izan ez arren, itxura morfologikoa oso poliki aldatzen da. Pentsa, izurde arruntaren eta orkaren arbaso komuna duela 8 milioi urte inguru bizi izan zen. Bada, Plecotus generoko (saguzar belarrihandiak) espezieen arbaso komuna ere garai hartan bizi izan zen, eta, gaur egun, itxuran soilik erreparatuta bereiztea zaila edo ezinezkoa suertatzen da. DNA analisiak egin behar izaten ditugu ziur egoteko.

Bestalde, mendi-inguruneetan jende gutxiagok egiten du lan ingurune lauetan baino, arrazoi agerikoak direla eta. Jende asko ez dago prest saguzarrak harrapatzeko gauez  1.000 metrotik gorako desnibelak egiteko, edota markatutako saguzarren irrati-seinalearen atzetik 3.000 metroko altueraraino igotzeko eta egunean 20-30 kilometroko ibilbideak egiteko.

Mendikate nagusietan aurkitzen den saguzarra da 'Plecotus macrobullaris', Euskal Herrian aurkitu daiteke?

Euskal Herrian, Larra inguruan, soilik harrapatu dugu espeziea, Ani eta Hiru Erregeen Mahaia inguruan. Pirinioetan, oso ugaria da, betiere 1.500 metrotik gora, eta Larra eta Belagoa inguruko goi-larreak eta harkaiztiak leku paregabea dira espezie horrek ehizatzeko eta gordelekuak aurkitzeko. Aralar, Aizkorri edota Urkiolako ingurune harkaiztiak ere ez dira leku txarra banaketa-modeloek erakutsi digutenez, baina litekeena da populazioak mantentzeko eremu txikiegiak izatea. Oraingoz, ez dugu belarrihandi alpetarrik harrapatu Euskal Herriko beste mendiguneetan.

Saguzarrak atzemateak ez du lan erraza denik ematen. Nola gauzatzen da lana? Kanpoko lana ala laborategikoa da handiagoa?

Uda-garaia mendian pasa ohi dugu, kanpaina intentsiboetan. 3-4 asterako mugitu ohi gara, eta 24 orduak igarotzen ditugu ikerketan murgilduta. Nire tesiko ikerketaren kasuan, Pirinioetan, Europako Mendietan, Alpeetan, Pindos mendietan eta Kaukason egin ditugu laginketak, baina beste proiektu batzuetan, Ertamerikan ere izan gara lagintzen. Taldean ibili ohi gara, eta laginketak 2-6 lagunen artean egin ohi ditugu. Dena den, belarrihandi alpetarraren irrati-telemetria egiteko 12 lagun ibili ginen Pirinioetan: esaterako, ikerlariak, ikasleak eta basozainak.

Gauez aritzeak, eta maiz, leku arriskutsu xamarretan, neurri bereziak hartzea eskatzen du, eta hori da taldean ibiltzearen arrazoietako bat. Horrez gain, ordea, taldean aritzeak guztiok lan taldearen proiektu guztietan murgitzea eragiten du, elkarlana sustatuz eta askoz ere gehiago ikasiz. Lan egiteko modu hori ez da ohikoa saguzar-ikerlarien munduan, eta atzerritar batek baino gehiagok esan izan digu hala lan egitea ikaragarri gustatuko litzaiokeela. Urteko gainerako hilabeteak laborategian edo ordenagailuaren aurrean igarotzen ditugu, batez ere; nire kasuan, azken aldian, ordenagailu aurrean soilik, tesiaren azken txanpan sartuta bainago.

Bloga duzu, 'EuskalNatura' UEUko Natur Zientzietako Saileko blogean parte hartzen duzu, iaz antolatutako Natur Zientzietako I. Topaketen antolaketan aritu zinen, 'Txiokatu zure tesia 6 mezutan' lehiaketako partaide izan zinen... Natur zientzietan egiten den lana dibulgatzea garrantzitsua dela deritzozu?

Ezinbestekoa iruditzen zait, zientzialari guztiok gure denboraren tarte bat eskaini beharko geniokeen esparrua dela uste dut. Euskaldunak izanda, gainera, gehiago; euskarazko zientziari buruzko edukiak mugatuak baitira. Bati baino gehiagori belarrietatik tira egiteko tentazioa emango diodan arren, askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zait denbora dibulgazio-kontuetan inbertitzea, tesia euskaratzen igarotzea baino.

Nik ez daukat inongo dudarik zientzia euskaraz egiteko gaitasunaren edota ahalbidetasunaren inguruan; nik euskaraz pentsatzen dut, zientzia euskaraz egiten dut eta ingelesez publikatzen dut. Ez daukat konplexurik, ez zait iruditzen inori ezer demostratu beharrik daukagunik euskararen “gaitasunaren” inguruan, aurreko mendeko 70eko eta 80eko hamarkadetan gertatu bezala. Karrera edo tesia euskaraz egiteagatik euskara-gaitasun tituluak erregalatzea, esaterako, ez zait ongi iruditzen, gutxiagotasun-konplexua agerian uztea iruditzen baitzait.

Bizitza honetan efizientea izan beharra dagoela uste dut, eta norbere lanaren helburuak eta audientzia ondo definituta izatea. Nire tesiko lana teknikoa eta oso espezializatua da, nazioarteko ikerlari jakin batzuei bideratua dagoena. Horretxegatik, ingelesez publikatzen ditut artikulu zientifiko-teknikoak eta ingelesez idazten ari naiz tesia. Ez daukat tesia euskaraz idazteko asmorik, denbora hori zientzia eta natura dibulgatzen, proiektuak sustatzen eta gustuko ditudan beste gai batzuk jorratzen igarotzea nahiago dudalako, saguzar belarrihandi alpetarraren xehetasun guztiak euskaratzen igaro beharrean. Askoz ere aberasgarriagoa iruditzen zait euskaldunek naturari eta zientziari buruzko euskarazko informazioa aurkitu ahal izateko www.euskalnatura.net moduko webgune bat lantzea, esaterako, swarming site edo feeding-buzz euskaraz nola esan beharko genituzkeen jakiteko nire tesia euskaratzea baino.

Aurrera begira, zein proiektu dituzu esku artean?

Ikerketari dagokionez, lehentasuna da tesia amaitzea eta argitaratzeko dauzkadan artikuluak publikatzea. Ondoren, orain arte bezala, hainbat ikerketa-esparru jorratzen jarraitu nahiko nuke; aukeran, atzerrian. Dibulgazioari dagokionez, EuskalNatura proiektuarekin jarraitzeko asmoa daukat, gainerako kideekin batera, eta baita artikuluak eta erreportajeak idazten jarraitzeko gogoa ere.

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"

KZjaia2