Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alaitz Etxabide Etxeberria: “Sintetikoak diren plastikoak naturalak diren plastikoengatik ordezkatuak izateko lanean dihardugu”

Dokumentuaren akzioak

Alaitz Etxabide Etxeberria: “Sintetikoak diren plastikoak naturalak diren plastikoengatik ordezkatuak izateko lanean dihardugu”

2016/05/20 - Unibertsitatea.net
Alaitz Etxabide Etxeberria ikertzaile lesakarrak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra ikasi zituen. Orain, BIOMAT taldean ikerlari moduan dihardu; “Laktosaren gehikuntza bidez eraldatutako gelatinan oinarritutako materialak” izena duen doktoretza-tesian, hain zuzen. Duela urtebete, 2015eko maiatzean, Iker Gazte kongresuan parte hartu zuen eta bertan aurkeztutako artikuluaz aritu gara.

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?

Gradu amaierako lana bukatu ondoren, master amaierako lanean gai horri jarraipena ematea erabaki nuen eta doktoretza-tesia egiteko beka lortzen banuen, garbi nuen hasitako ikerketa horri segida eman nahi niola. Beraz, doktoretza hasi nuenean, bide horretatik jarraitu nuen.

Arrain gelatinazko elikagaiak biltzeko filmak eta laktosa esaldi berean; zein da euren arteko harremana?

Elikadura munduan laktosa esnearen azukrea bezala ezagutzen den konposatua izan arren, niretzako gelatina bezalako proteinetan oinarrituriko materialen propietateak aldatzeko erreaktiboa dela esan dezaket. Bi konposatu hauek elkar erreakzionatzeko gai dira eta, ondorioz, gelatina filmen propietateak aldatzea lortzen da, elikagaiak biltzeko ezaugarri egokiagoak dituen materiala lortuz.

IkerGazten aurkeztutako ikerketa-lanak hain zuzen, elikagaiak ontziratzeko gelatinazko filmak sortzea du helburu: zertarako birsortu, jada, existitzen dena?

Existitzen den horrek ingurugiroan arazo nabarmenak sortzen dituelako, hain zuzen. Gaur egun merkatuan elikagaiak ontziratzeko gehien erabiltzen diren materialak petroliotik eratorritako plastiko sintetikoak dira. Plastiko hauek erabilera bakarrekoak dira eta, ondoren, biologikoak ez diren zabor bilakatzen dira. Sintetikoak direnez, ez dira ingurugiroaren eraginez degradatzen eta ondorioz zabor bolumen handiak sortzen dira, ingurumenari negatiboki eraginez. Horri aurre egiteko, iturri berriztagarrietan oinarritutako material biodegradagarriekin ikerkuntzak egiten ari dira, sintetikoak diren plastikoak naturalak diren plastikoengatik ordezkatuak izateko eta materialaren bizi-zikloa guztiz ixteko (zero zabor). Gu, alor horretan gabiltza.

Nolakoa izan da material biodegradagarri hori sortzeko prozesua?

Gure ikerketa taldearen funtsa industria-hondakinei balioa ematea da eta, Euskal Herrian, arrantza sektore tradizional nagusietako bat denez, prozesuan zehar sortzen diren hondakinetatik lortu daitekeen gelatina filmak prestatzeko material nagusitzat hartzea pentsatu zen. Gelatinazko filmak laborategi mailan prestatu eta karakterizatzean, elikagaiak ontziratzeko film moduan erabiltzeko filmen propietateak aldatzea beharrezkoa zela ikusi zen eta beraz, filmak egiteko prozesuan laktosa konposatua gehitzea erabaki zen. Ondorengo pausua, laborategitik industriara jauzi egitea da. Hori kontuan hartuz, dagoeneko industria munduan erabiltzen diren makinekin lan egin dugu eta prozesu horien bidez ere elikagaiak ontziratzeko erabili daitezkeen gelatinan oinarritutako materialak lortu ditugu.

Hortaz, laborategian lortutakoa merkatuan eskuragarri izango al dugu etorkizunean? Hau da, arrain gelatinazko filmek ordezkatuko al dute plastikoa?

Nahiz eta denbora eta lan asko eskatzen duen prozesua izan, hori da gure helburua! Ezinezkoa da laborategitik merkatura zuzenean jauzi egitea, tarte horretan industrian saiakuntzak egin behar direlako. Hala ere, plastiko tradizionalen fabrikazio-prozesua urte askoz landu da eta beraz, elikagaiak ontziratzeko produktua lortzeko prozesu globalean erabiltzen diren makinak dagoeneko industrian daude. Ondorioz, egin beharreko aldaketa handiena, petroliotik eratorritako plastikoak gelatina bezalako material biodegradagarriez ordezkatzea da eta horretarako, ezinbestekoa da industriaren interesa piztea eta gaur den egunean hondakin plastikoentzat ezarritako legedi eta arauak egokitzea eta behar bezala betetzea. Orduan, gelatinan oinarritutako materialak etorkizun batean merkatuan ikusteko aukera izango dugu.

Petroliotik eratorritako plastiko zabor kantitate handiek ingurumenean eragiten duten inpaktuak benetan kezkatzen al gaitu?

Garbi ditugu plastiko sintetiko hauek sortzearen eta erabiltzearen eraginak zeintzuk diren eta baita horrek sortzen dituen ondorioak ere, baina, hauek fabrikatzen eta geroz eta gehiago erabiltzen jarraitzen dugu. Nahiz eta arazoaz jabetu eta batzuetan kezkatu, material berriztagarriekin eta biodegradagarriekin ikertzen jarraitzeaz gain, giza pentsaera eta portaera aldatzeko lanketek indar eta garrantzi handiagoarekin aurrera jarraitu beharra dutela pentsatzen dut.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

Gaztea eta ikertzailea izatea zure ezagutza zabaltzeko, formakuntza sendotzeko eta zure burua gustukoa duzun gai batean espezializatzeko etapa bat dela esango nuke; etorkizun batera begira, ikerlari moduan lanean aritzeko laguntzen duena. Geroz eta zailagoa eta konpetitiboagoa den bidea dela uste dut, ikerketarako geroz eta diru-laguntza gutxiago emateak, ikerketa munduan esperientzia gutxiko ikerlari bezala lanean aritzeko zailtasunak besterik ez dituelako jartzen. Horregatik, ikerlari gaztea zaren bide horretan lanean gogor aritzeaz gain, zure lantokitik ateratzeko, beste herrialde batera joateko, lan modu berriak ikasteko, esperientzia berriak bizitzeko eta jende nahiz kultura berriak ezagutzeko gogoa edukitzea ezinbestekoa dela pentsatzen dut.

txiotesia,elkarrizketa