Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Zientzian diharduten emakumeen lana erakusteko panel lehiaketa

Dokumentuaren akzioak

Zientzian diharduten emakumeen lana erakusteko panel lehiaketa

2011/11/09 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak "Emakumea naiz, zientzialaria naiz, nor naiz?" panel lehiaketa antolatu du. Emakumeen lana agerian jartzeko asmoz, partaide bakoitzak emakume zientzialari baten biografia eta ekarpenak plazaratu beharko ditu.

Orain ehun urte Marie Curiek Kimikako Nobel Saria jaso zuela ospatzeko, UNESCOk Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu du 2011. Horren baitan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte unibertsitateek. Oraingoan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Berdintasunerako Batzordeak emakumeen ekarpenak plazaratzeko asmoz, panel lehiaketa antolatu du.

Deialdian unibertsitate publikoarekin zerikusia duen edozein pertsonak parte hartu dezake. Partaideek panelak aurkeztu behar dituzte, emakume zientzialari baten biografia, lanak eta ekarpenei buruzko datuak plazaratuz.

Lanak azaroaren 15etik 30era bitartean aurkeztu behar dira Zientzia eta Teknologia Fakultateko atezaintzan izenburua eta egilearen ezizena jarrita. Horrez gain, gutunazal itxi batean egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak (telefonoa, e-mail eta matrikularen ordainagiria ikasleen kasuan) entregatu behar dira.  Xehetasun gehiago "Emakumea naiz, zientzialaria naiz, nor naiz?" lehiaketaren oinarrietan.