Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ate joka dugu dagoeneko Zientzia Astea

Dokumentuaren akzioak

Ate joka dugu dagoeneko Zientzia Astea

2016/10/20 - unibertsitatea.net
Azaroaren 2tik 6ra bitartean zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz hitz egiteko aukera izango da Bilbo, Donostian zein Gasteizen. Tartean "Koloso Jurasikoak" erakusketa zabalduko dute gaur Bilbon.
Ate joka dugu dagoeneko Zientzia Astea

Koloso jurasikoak UPV-EHU

Zientzia astea -Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea- antolatu du beste behin ere UPV-EHUk Euskal Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan. XVI. Zientzia astea azaroaren 2tik 6ra bitartean izango da eta helburua “inguruan dutenari buruz jakin-mina duten guztiek” zientzia lanbide dutenekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz hitz egiteko aukera izatea da. Helburu horrekin tailerrak, stand zientifikoak, ibilbide didaktikoak, erakusketak, lehiaketak, janari-dastatzeak, irteerak, bisita gidatuak eta beste hainbat gauza antolatu dituzte Bilboko Bizkaia Aretoan, Donostiako Kursaalen eta Gasteizko Bibat Museoan.

UPV-EHUn egiten diren ikerketak eta esperimentuak ikusi eta egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Zientzialari eta ikertzaileekin hitz egin, zalantzak argitu eta oraindik gehiago ikasteko.

Zientzia astearen atarian, gaur bertan, Bilbon “Koloso Jurasikoak” erakusketaren inaugurazioa egingo dute. Erakusketan Goi Jurasikoko animalia erraldoiak gertutik ezagutzeko aukera izango da. Terueletik eta Estatu Batuetatik ekarritako gorpuzkiak dira eta, besteak beste,  Turiasaurus riodevensis ezagutuko dugu, Europako dinosaurorik handiena. Erakusketa gaurtik azaroaren 27ra arte egongo da ikusgai Bizkaia Aretoan.