Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Bilboko Artxandape Ikastolako gazteek automatikoki irekitzen den zaborrontzi bat diseinatu dute Zientzia Azokan

Dokumentuaren akzioak

Bilboko Artxandape Ikastolako gazteek automatikoki irekitzen den zaborrontzi bat diseinatu dute Zientzia Azokan

2018/04/16 - Unibertsitatea.net
Bilboko Artxandape Ikastolako Zabor sensor Taldeak Zientzia Azoka ekimenaren baitan bizitako esperientzia jaso dugu atarian. Dani Peña irakaslea eta Jon Alkorta ikertzailea izan dituzte bidelagun proiektuan.

Elhuyarrek kultura zientifikoa gizartean sustatzeko egiten dituen ekimenetako bat da Zientzia Azoka (#zientziazoka). Ekimenean 12-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte eta 2018ko edizioan 33 ikastetxetako 911 ikasle ari dira proiektua lantzen.

UEUk bat egiten du proiektuarekin eta lanean ari diren bost talderen esperientziak jasoko ditugu atarian.

Asteon Bilboko Artxandape Ikastolako Zabor sensor Taldearen esperientzia jaso dugu. Nora Alonso, Ane Garcia, Julene Hermosilla eta Garazi Lazkanok osatzen dute taldea eta automatikoki irekitzen den zaborrontzia diseinatzen ari dira Dani Peña irakaslea eta Jon Alkorta ikertzailearen gidaritzapean.

Idatziz edo ikastetxean egindako bideo grabaketen bitartez jaso dugu prozesuan bizitakoa. Hona hemen:

 

Zabor sensor (Nora Alonso, Ane Garcia, Julene Hermosilla eta Garazi Lazkano) ikasle taldeari egindako elkarrizketa:

 

 

 Dani Peña irakasleari egindako elkarrizketa:

 

 

 Jon Alkorta ikertzaileari egindako elkarrizketa:

 

Jon Alkorta

 

Zerk bultzatu zaitu ekimen honetan parte hartzera?

Ekimen interesgarria iruditu zitzaidalako eman nuen izena. Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua kontzeptuak ere arreta deitu zidalako parte hartu dut.

Nola antolatu duzu ikasleekin lana? Zer da azpimarratu diezuna?

Ikasleekin e-mail bidez nago harremanetan. Ikasleek proiektuaren zein fasetan dauden kontatzen didate, baita izan dituzten arazoak ere. Euren egoera nolakoa den jakin ostean, zenbait proposamen egiten dizkiet.

Gehien azpimarratu diedana proiektuaren garapenean hartzen dituzten erabakiak edota proiektuan zehar egin dituzten urratsak dokumentatzea izan da. Egindakoa dokumentatzea garrantzitsua iruditzen zait, gero proiektuarekin jarraitu nahi izanez gero, ahaztuta eduki zenitzakeen kontuak bertan edukiko dituzulako jasota.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Esperientzia interesgarria izaten ari da, bi aldeen partetik uste dut gainera. Ikertzaileak proiektuaren jarraipena egin behar du eta jarraipena egitea gustatzen ari zait. Bestalde, ikasleek ikertzailearen ikerketa-zentroa ezagutzeko aukera ere badute baina pena da oraingoz ezin izan dugula aurrez aurre elkar ezagutu eta ezin izan diedala IXA ikerketa-zentroa erakutsi. Ea geroago posible dugun. Bien bitartean, Interneten eskuragarri dauden demoen bidez jakin dute ikerketa-zentroan egiten dugunaren zati bat.

Zientziarekiko interesa sustatzeko modu egokia dela uste duzu?

Nire ustez, modu honetako ekimenek zientziarekiko interesa sustatzen dute ikasleengan. Ikasle garaian, askotan sentsazioa izaten da ikasitako zenbait eduki ez direla erabilgarriak izango etorkizunean, besteak beste, kontzeptuak batzuetan abstraktu samarrak izan daitezkeelako. Honelako ekimenen bidez, eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera sortzen da eta horrek ikasitakoa baliagarria izan daitekeela erakuts dezake eta ondorioz, ikasleak gehiago ikastera motiba ditzake.

Errepikatuko al duzue esperientzia?

Dudarik gabe, berriz errepikatzeko esperientzia bat izaten ari da. Zientzia Azokan ikertzaileen paperak ez du ardura handia eskatzen baina ikasleei eman ahal zaiena handia izan daiteke. Bi aldeentzat aberasgarria den jarduera moduan ikusten dut.

Eta zer esango zenieke beste ikasleei parte hartzeko?

Beste ikasleei parte hartzeko esango nieke. Nire ustez, eurentzat oso ekimen interesgarria da eta klasean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera bat izan daiteke. Gainera, proiektu bat aurrera eramateak izan ditzakeen zailtasun edo arazoak nola konpondu ikastea baliagarria izan daiteke bai ikasketa-prozesurako eta baita bizitzako beste edozein arlotarako ere.

 

 

logo_elhuyar              ueu_logo

 

 

Zientzia Azoka