Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Xantiana Etchebest: "Izan Baionan, Durangon edo Iruñean, ikertzaile gazteek jakin behar dute beren sailean zer gertatzen den, nola egiten den"

Dokumentuaren akzioak

Xantiana Etchebest: "Izan Baionan, Durangon edo Iruñean, ikertzaile gazteek jakin behar dute beren sailean zer gertatzen den, nola egiten den"

2019/04/09 - Ikergazte2019
2017ko Ikergazte kongresuan parte hartu zuen Xantiana Etchebest mauletarrak eta bertan “Zuberotar dardarkarien bariazio sozio fonetikoaren azterketa akustikoa” aurkeztu zuen. Iruñeko esperientzia horretaz, zein aurtengoa Baionan egiteak esan nahi duenaz hitz egin dugu berarekin. Baita bere ikertzaile lanaz ere.

2017ko Ikergazte kongresuan parte hartu zuen Xantiana Etchebest mauletarrak eta bertan “Zuberotar dardarkarien bariazio sozio fonetikoaren azterketa akustikoa” aurkeztu zuen. Iruñeko esperientzia horretaz, zein aurtengoa Baionan egiteak esan nahi duenaz hitz egin dugu berarekin. Baita bere ikertzaile lanaz ere.

 

2017ko Ikergazte kongresuan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Duela bi urte IkerGazte kongresuan parte hartu nuen. Esperientzia biziki ona izan zen. Nire doktoretza lantzen ari nintzen eta lanari zentzua eman nion eta plazaratu ere. Ikusi nuen interesa pizten ahal zuela. Motibazioa ekarri zidan ere, eta beste lan interesgarri batzuetan ere oinarritu nintzen.

Zuberotarra izateak galderak sortzen ditu besteen baitan. Horrek frogatzen du ere zuberotarra oraindik exotikoa gelditzen dela, bereziki hegoaldean eta aztertzea merezi duela. Euskalki guztiek landua izateko eskubidea eta aberastasuna dute. Nik nire euskalkia landu nahi dut eta besteei ezagutarazi. Ikergazte kongresuak horren egiteko parada eman zidan eta oraindik eskertzekoa da.

Zure ikerketa zubererazko dardarkarietan oinarritu da. Zer duzu eskuartean une honetan?

Gaur egun, ikerketa lana bazter utzi dut irakaskuntzan bermatzeko. Hala ere, beti dardarkariei buruz lan egiteko gogoa dut. Konparaketa bat egin nahi nuke duela urte batzuk egina izan den EHHA (Euskal Herri Hizkeren Atlasa) eta gaurko hiztunen artean. Tesian zehar frogatu nuen gaur egun Zuberoan bederatzi dardarkari mota nahasten direla, baina desberdintasun bat agertzen zela adinekoen eta gazteen artean. Batzuek diote adinekoek dituzten soinu desberdinak gazteen artean galtzen direla. Nire ustez bai galtzen dira, baina beste aberastasun edo beste soinu mota batzuk sortzen dira. Apikarietatik ubularretara pasatzeak ez du soinu aberastasun kontua kaltetzen nire ustez. Hizkuntza batek bizitzeko aldaketak ezagutu behar ditu. Lehen Zuberoan entzuten zen Ikastolek zuberotarra aldatu zutela. Pinpirin hitzaren erraiteko frantsesez “papillon” erraiten dena, zuberotarrez “papillu” entzuten zen eta gaur egun “altxalili”. Ez dut uste “altxalili” hitzaren sartzeak zerbait kaltetu duenik. Beste hitz bat sartu da eta bere izateak bere maneraz hizkuntza aberastu du. Dardarkariek ber egiteko manera dute. Apikariak desagertuko dira, baina nork daki, ubularrek ere beste soinu mota batzuk sortuko ditu. Horretan ez dut uste beraz soinu baten galtzeak eta beste baten sortzeak hizkuntzaren aberastasuna trabatzen duela. Gure gizartean ez dira gauzak desagertzen beste gauza batek bere tokia hartu gabe. Soinuetan ber zikloak direla pentsatzen dut.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?

Ikergazte hitzak zentzu anitz ditu nire buruan. Urtez urtez eraikitako lan bati esker, ikertzaile hitza nireganatzen ahal dut. Hau ez da gauza txikia. Ez da ikertzaile izendatzen ahal nahi duena. Ikertzaile batek gauzak frogatu ditu. Egia erran, duela bi urte ikergazte egin dudanean, ez nintzen ikertzaile sentitzen oraindik. Ikergazte hitzak, hasiberriaren zentzua ematen dizu. Oraindik gauzak ikasi behar dituzu. Ez du kentzen bizian zehar gauzak ez dituzula ikasiko, baina oraindik frogatu behar duzu zerbait. Kongresuetan parte hartuz, doktoretza gaindituz eta pixkanaka pixkanaka zure izena ezagutaraziz, gaztetik ikergaztera pasatzen zira. Orain, non den muga ikergazte eta ikertzaileen artean ? Oraindik gainditu gabea egoten baita, ezin dut erran...

Aurtengo Ikergazte kongresua Baionan izango da. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Oker ez banago, lehen bi Ikergazte saioak Hegoaldean eginak izan dira, eta hirugarrena Baionan egiteak zentzu asko dauka niretzat noski. Baionan Ikerketa zentroak eta unibertsitateak ikerketan indarra eman nahi dute. Euskal ikerketako maila desberdinetan ezagunak diren ikertzaile asko dira orain. Horrek erran nahi du Baionak eta Iparraldeak hizkuntzaren ikerketari zentzua ematen diola. Ikergazte Baionan egiteak indar eta bultzada hori sariztatzen du ere. Baina bestalde, Iparraldeak egiten dionari zentzua ematen dio ere. Mugak, ikerketa mailan ez luke trabarik sortu behar. Politikoki eta administratiboki pausatuak diren oztopoak begi-kliska baten bidez eta IkerGazte2019ri esker berriz ere gaindituak dira. Geroz eta gehiago, Ikerketa trukaketak dira eta beti aberasgarria atzematen dut beste herrietako ikertzaileek zer egiten duten ikustea. Beraz izan Baionan, Durangon edo Iruñean, ikertzaile gazteek jakin behar dute beren sailean zer gertatzen den, nola egiten den.

ikergazte2019