Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Xabier Lozano: “Hizkuntza bat ez da inoiz oztopoa, bidea baizik”

Dokumentuaren akzioak

Xabier Lozano: “Hizkuntza bat ez da inoiz oztopoa, bidea baizik”

2012/06/28 - unibertsitatea.net
Xabier Lozano 25 urte ditu eta soziologian lizentziatua da. Gaur egun, “1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean” lanean dabil.

Xabier Lozano 25 urte ditu eta soziologian lizentziatua da. Gazte-gaztetik dabil lan munduan gora eta behera. Lizentziatu bitarte eta lizentziatu ostean, hainbat lanetan aritu da. Batzuk ikasketekin erlazionatuagoak (merkatu ikerketak, inkestak, datuen prozesaketa...) eta beste batzuk ez hainbeste. Gaur egun, “1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean” lanean dabil.

 

Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Lehenengo aukeran, Ingeniaritza Teknikoan matrikulatu nintzen; handik denbora gutxira karrera aldatu, eta soziologian sartu. Imajinatu neukan nahaste-borrastea! Aukera bat edo bestea hartzerakoan izandako arrazoiez galdetzen badidazu… momentu hartan ez nituen sobera argi, eta gaur egun gutxiago ere. Lehenengo kasuan, seguru asko lan merkatuari begira egin nuen hautaketa; bigarrenean, materiekiko interes hutsagatik.

 

Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?

Erantzun tipikoari ihes egin nahiko nioke, baina sentsazioa ezin ukatu... egia esan atsekabe itzela hartu nuen. Unibertsitatera heldu eta “ezagutzaren tenplua”-ren ateak zeharkatzen ari nituela sinetsirik, superfizialidadea eta inozokeria aurkitu nuen. Betiko eskemak, betiko ikasketa prozesu mekanikoak, betiko irakasleak betiko “pergaminoekin”…

 

Zer bota zenuen falta?

Besteak beste, jarrera kritikoa, ikaskidetza, arrazonamendua, esperientzia pertsonalaren eta hausnarketaren bidezko garapena...

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

Napar batekin ari zara… Beste milaka naparrek bezala, niretzat ez da egon nire herrian eta nire hizkuntzan ikasteko eskubiderik. Nire burua exiliatu behar izan nuen, Bilbora, euskaraz ikasi ahal izateko.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Hizkuntza bat ez da inoiz oztopoa, bidea baizik. Gertatu ohi da, erabiltzen ditugun kartografiak eta iparrorratzak erdoildurik daudenean, errez galtzen garela. Edozein kasutan, geuk galtzen dugu bidea, eta ez bideak gu…

 

Soziologian lizentziatua zara eta hainbat ekimenetan parte hartu duzu. Besteak beste, gurekin lan egin hilabete batzuez. Orain, “1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean” lanean zaude. Horrez gain, beste zerbaitetan zabiltza?

Ibili, ibili, hamaika saltsetan nabil. Momentu honetan ordea, indar guztiak Nafarroa Bizirik ekimenean metatuak ditut; bereziki hilaren 16an Iruñean ospatuko dugun ekitaldi nazionalean. Askotan gertatzen zaidan zerbait da, kontu jakin batean buru-belarri sartu eta denbora guztia horretan xahutzen dudala. “Gertatzen zaidala” esan dut, baina beti hala nabilela ikusita, maite dudalaren susmoa ere badut...

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Ideiak, hamaika ditut. Planak ere mordo bat. Zerbait konkretuki azaltzea eskatzen badidazu ordea, ezingo nuke aukeratu. Horrek ez nau kezkatzen ere, ez baitut gauzak sobera planeatzeko ohitura. Juergazaleak garenok ere jakin badakigu, askotan planeatu gabeko parrandak hoberenak izaten direla!

Agerikoa da, eta sarritan sumatzen dut, epe luzerako bizitzaren planifikazioa egitea behar-beharrezkoa suertatzen zaiola zenbait jenderi. Niri beste gizarte mota bateko eredua iruditzen zait. Etorkizunean pentsatu beharra badago ere, normalean nahiago izaten dut erabakiak unean-uneko testuinguruaren arabera hartzea. Izan liteke oraindik ez dudalako gaztaroa baztertu; hamaika ikusteko jaioak bagara, nik ez dut oraindik bost ikusi!