Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uztaro giza eta gizarte-zientzien aldizkariak 100. zenbakia

Dokumentuaren akzioak

Uztaro giza eta gizarte-zientzien aldizkariak 100. zenbakia

2017/03/09 - unibertsitatea.net
Martxoaren 14an Bilboko Kafe Antzokian antolatu dute ospakizun ekitaldia eta, besteak beste, zuzendari aldaketa izango da.

1990ean sortu zen Uztaro giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak euskaraz argitaratzeko helburuarekin. 27 urte geroago 100. zenbakia kaleratuko du. Denbora tarte horretan 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira (ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia zein geografia arlokoak) eta 773 lagunek parte hartu dute proiektuan.

100. zenbakia ospatzeko martxoaren 14an ekitaldi berezia antolatu dute Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 18:30etan. Aldizkariaren ibilbide luzean jende askok parte hartu du eta guztiekin ospatu nahi lukete. Joateko asmoa dutenek aurretiaz mezua bidaltzea komeni da.

Sorreratik bertatik Jokin Apalategi Begiristain izan da Uztaroko zuzendaria. Gustura dago egindako ibilbideaz, pausoz pauso lortutakoez, baina, era berean, momentu egokia iruditu zaio bere zuzendari ardurari agur esateko. Hala adierazi du Buruxkak.eus webgunean egindako elkarrizketan. Bere esanetan "bizitzaren arlo guztietan bezala honetan ere lekukoa pasatzen asmatzea garrantzitsua da. Gauzak ongi doazenean, ongi agertzen direnean, ordezkatzea egin behar da". Lekukoa belaunaldi berriak jasoko du. "Gu geu ez bezala prestaturik daude. Jakitun dira jokoan dauzkagun helburuak zeintzuk diren eta bat-batean eman daitezkeen ezusteak agertzen bazaizkie ere, gainditzeko kemena izango dutelakoan nago. Baldintza guztiak betetzen dira erreleborako. Aurrera bada!". Martxoaren 14an pasatuko dio  lekukoa zuzendari berriari. 

Berriki uztaro.eus webgunea gailu mugikorretara egokitu dute.

Etiketak: uztaro