Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uxue Sanchez: "Iberiar Penintsulako Erdi Aro osteko eta Aro Modernoko zeramika ekoizpen zentro garrantzitsuenak ikertu nahi ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Uxue Sanchez: "Iberiar Penintsulako Erdi Aro osteko eta Aro Modernoko zeramika ekoizpen zentro garrantzitsuenak ikertu nahi ditugu"

2021/10/07 - Unibertsitatea.net

Uxue Sanchez Garmendia (Andoain, 1993) Kimikan graduatu zen Donostiako kimika fakultatean (UPV/EHU). Ondoren Analisi Forentsea Unibertsitate Masterra egin zuen eta kimika analitikoan espezializatu zen. Bigarren Hezkuntzan eta batxilergoan irakatsi ahal izateko Irakaskuntza Masterra egin zuen gero, eta masterra egin bitartean UPV/EHUko GPAC (Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldea) taldearen barruan praktikak egin zituen. Orain, beraiekin doktoretza egiten ari da. Hala ere, ez da honekin bakarrik identifikatzen. Besteak beste, oso gustuko du irakaskuntza eta gazteak STEAMetara hurbildu nahian ibili da mentore bezala, Inspira STEAM eta Elhuyar Zientzia Azoka proiektuetan.

Kimika ikasi zenuen eta egun tesia egiten diharduzu.

Egia esan, zalantza dezente eduki nituen gradua aukeratzeko garaian. Zientziak (kimika, batez ere) asko gustatzen zitzaizkidan, baita historia ere, beste batzuen artean. Ikerketa gustuko nuela banekien, baina batxilergoan nengoela, ikerketa batez ere kimikarekin, edo, hobeto esanda, laborategiko lanarekin lotzen nuen. Gustuko nuenez eta kimikan ondo moldatzen nintzenez, azkenean, kimikako gradua egitea erabaki nuen, gero, zerbait ikertzeko asmoz. Ez nekien oso ondo zer, baina kutsaduraren inguruan ikertu nahi nuela nioen garai hartan. Gero, graduan, kimika analitikorantz bideratu nintzen; alde batetik, toxikologiak eta analisi forentseak atentzioa deitzen zidaten. Horregatik, Erasmuseko laborategiko proiektua, eta gero egin nuen forentseko masterra, arlo horiek arakatzeko aprobetxatu nituen. Bestalde, GRALean, Joxean Mujika arkeologoarekin eta Miren Ostra kimikariarekin batera aritu nintzen lanean. Bertan, Mendaroko Aizkoltxo kobazuloko historiaurreko lurrontzi baten elikagai arrastoen analisiaren bidez, garaiko eta lekuko elikadura ohiturak ikertzen aritu ginen. Honako hau izan zen arkeometriarekin eduki nuen lehenengo kontaktua. Izugarri gustatu zitzaidan lan hau. Beranduago, arkeometrian aritzen den Arkeomat taldea ezagutu nuen (GPACen baitan dagoen talde bat) eta beraiekin tesia egitea aukera polita iruditu zitzaidan; kimikaren bidez historian eta arkeologian sortzen diren galderak erantzun ahal izateko eta baita historiarekiko neukan interes hori arakatzeko ere.

Arkeometriaren alorrean ari zara doktoregoa egiten. Zer da zehazki?

Arkeometria ikerketa arkeologikoa eta historikoa da; kimika, geologia, fisika edota biologia konbinatzen dituen ikerketa. Horrela, arkeometriaren bidez erantzun daitezkeen galderek oso esparru zabala hartzen dute: garai eta leku jakin bateko biztanleen elikadura ohiturak, zeramikak edota beirak egiteko erabiltzen zituzten lehengaien jatorria, material arkeologikoen datazioa, garai eta leku jakinean material horiek egiteko jarraitzen zuten teknologia, materialen distribuzioa...

Gure kasuan, ikerketa arkeologikoa eta batez ere kimika, geologia eta historia konbinatzen ditugu Post-Erdi-Aroko eta Aro Modernoko Zamora eta Aveiroko zeramikak ikertzeko. Horrela, lehengaien jatorria, zeramikak egiteko jarraitzen zuten teknologia eta zeramiken distribuzioa ikertzen ditugu besteak beste.

Erdi Aroko eta Aro Modernoko Zamorako zeramiken pastak aztertu dituzue alde batetik, eta, beira beira bestetik, zeramika horien beira. Zergatik?

Ikerketa proiektuaren helburuetako bat Erdi Aro osteko eta Aro Modernoko Iberiar Penintsulako produkzio zentro garrantzitsuenen ekoizpena aztertzea da. Zeramiken pasta aztertuz, zeramika non ekoiztu zen, zeramikaren pastaren konposizio kimikoa zein den, zein mineralez osatuta dagoen, zeramikak nola egiten zituzten (labean egiten zen egosketa mota, beira nola gehitzen zitzaien...) edota non saltzen zituzten jakin daiteke, besteak beste. Guk, gainera, Zamorako zeramika batzuei gehitzen zitzaien beiraren berunaren jatorria aztertu nahi izan dugu, produkzio zentroak ahalik eta sakonen aztertzeko eta lehengaien banaketa-fluxuari eta eskualde barneko zein eskualdeen arteko merkataritza-sareei buruz sakon ikertzeko. Beiraren osagai nagusietako bat beruna da, batez ere, galena mineraletik ateratzen zutena. Beiren berunaren jatorri geologikoa berunaren arrazoi-isotopikoak neurtuz ezagutu daiteke.

Zamorako zeramikak antzinatik gaur egun arte oso ezagunak izan dira, eta izaten jarraitzen dute, horregatik aztertu ditugu. Hau, batez ere, zeramika mikatsuek sukaldean egiteko eskaintzen dituzten propietate onei esker da. Aveiroko ekoizpena ere oso ezaguna zen eta Europako iparraldeko herrialdeetaraino eramaten zuten.

Nolakoa izan da prozesua?

Ikertutako zeramika gehienak museo ezberdinetan jaso ditugu eta egoki dokumentatu ondoren (etiketak, argazkiak...) laginaren prestaketa egin dugu. Zeramikaren pasta aztertzeko, 10 g. zeramika inguru hartzen ditugu eta lehenik eta behin beira eta zikinak dauden zatiak kentzen ditugu. Gero, zati hori ehotzen dugu, irinaren testura hartzen duen arte. Ehotutako zati honek laborategiko beste hainbat prozesu pasatzen ditu, analizatu aurretik. Beira aztertzeko, aldiz, beira zatitxo bat hartuta zuzenean analizatu daiteke.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Alde batetik, Zamorako museoetan jasotako zeramika asko Zamorako Olivares auzoko ekoizpen zentroetan ekoiztutako zeramikak direla ondorioztatu dugu. Zeramika horiek Zamora hiriko hainbat leku arkeologikotan berreskuratu zituzten, baita Zamora lurraldeko hainbat herritan ere. Horrek esan nahi du, Olivareseko zeramika horiek Zamorako hiri desberdinetara iristen zirela. Gainera, zeramiken beirak egiteko erabilitako beruna, XV-XVI. mendeetan Euskal Herritik eta Kantabriatik, XVI-XVIII. mendeetan Ingalaterratik, eta XX. mendeetan Linares-La Carolina (Jaen) eta Alcudiadik (Ciudad Real) ekarritako galenatik ateratzen zutela jakin dugu.

Bestalde, Aveiron XVI-XVII mende tartean hondoratu zen itsasontzi batean garraiatzen ziren zeramikak aztertu ditugu eta Aveiro hirian ekoitziak izan zirela eta Aveiron zeramika gorriak eta beltzak ekoizten zituztela jakin dugu.

Galenaren jatorriaren gainean erantzun gabe geratu diren galderak ikertzen jarraitzea da asmoa?

Bai, beno, Ikergaztetik (*) hona galdera dezente argitu ditugu. Orain azken xehetasunak definitzen gabiltza.

Epe laburrean zein erronka dituzu eskuartean?

Tesiaren azken txanpan nago orain, tesia idazten. Beraz, tesia bukatzea eta defendatzea dira nire erronka nagusiak.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Oso ona! Asko gustatu zitzaidan. Egia esan, Txiotesiak ideiak ordenatzen eta gaia bera hobeto ulertzen lagundu zidan eta ondo pasa nuen haria prestatzen (nahiz eta Twitterra erabiltzen ikasi behar izan nuen lehenengo... kar kar). Gainera, ikerlari euskaldun pila bat ezagutu nituen ekimenari esker eta hori beti da aberasgarria.

(*) Ikergazte Kongresuan parte hartu zuen Uxue Sanchezek. Esteka honetan (45. orrialdetik aurrera) ikusi dezakezue bertan egin zuen ekarpena.

txiotesia,elkarrizketa