Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uxoa Iñurrieta eta Iraia Muñoa izan dira #txiotesia3 lehiaketako irabazleak

Dokumentuaren akzioak

Uxoa Iñurrieta eta Iraia Muñoa izan dira #txiotesia3 lehiaketako irabazleak

2016/12/02 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko IXA taldeko Uxoa Iñurrieta izan da txiolaririk ulergarriena eta UPV/EHUko medikuntza fakultateko giza ugalkortasun taldeko Iraia Muñoa txiolaririk originalena

Atzo arratsaldean izan zen "txiokatu zure tesia 6 mezutan" #txiotesia3 lehiaketako sari banaketa Donostiako Garoa liburudendan eta Uxoa Iñurrietak eta Iraia Muñoak jaso zuten saria. Iñurrieta izan zen txiolaririk ulergarriena eta Muñoa, ostera, originalena, eta, beraz, 500 eta 300 euro jaso zituzten hurrenez hurren.

Euren lana aurkeztutako edo egiten ari diren tesia 6 txiotan laburtzea izan zen eta guztira 52 ikerlarik parte hartu zuten azaroaren 22ko lehiaketan. Koldo Garcia epaimahaikide, UEUkide eta ikerlari eta dibulgatzailearen eskutik jaso zuten saria bi irabazleek.

 

Txiolari ulergarriena: Uxoa Iñurrieta (@UxoaInurrieta)

 

Uxoa Iñurrieta itzultzailea UPV/EHUko IXA taldeko kidea da eta hona hemen bere tesia 6 txiotan:

1 Izen+aditz konbinazioen itzulpena: azterketa linguistikoa eta tratamendu konputazionala

2 Izen+aditz konbinazio batzuk Unitate Fraseologikoak (UF) dira: konbinazio osoari begiratu behar zaio esanahia ondo ulertzeko

 

3 Normalean ez dira hitzez hitz itzultzen, baina asko ez daude hiztegietan, eta denek ez dituzte gramatika-arauak jarraitzen

 

4 Matxin itzultzaile automatikoari, oinarrian gramatika-arauak eta hiztegiak dituenez, UFak oso nahasgarri gertatzen zaizkio

 5 Bi erronka nagusi: gaztelaniazko UFak identifikatzea eta euskarara zuzen itzultzea. Konbitzul datu-basea lagungarria da bietan

6 Konbitzulen jasotako UFei, ordainei eta informazio linguistikoari esker, Matxinek gero eta hobeto itzuliko ditu UFak

 

Txiolari originalena: Iraia Muñoa (@iramai)

Iraia Muñoa biologoa ere UPV/EHUko ikertzailea da, baina kasu honetan medikuntza fakultateko giza ugalkortasun taldekoa. Hauxek bere txio originalak:

1. Jaun-andreok! Ongi etorriak “Belaunaldiz belaunaldiko oinordetza epigenetikoaren zirkura”! Ikuskizuna hastera doa!

2. Sar zaitezte! Norberaren bizi ohiturek DNAn sor ditzaketen aldaketa epigenetikoen malabareekin gozatzeko aukera izango duzue.

 

3. Hiru aldaketa epigenetikoen umoreaz (DNAren metilazio, Histonen antolamendu eta Kodetu gabeko RNA), barrez lehertu zaitezte!

4. Eta aldaketa horiek hozi zeluletan ematen direnean, momenturik harrigarriena bizi! Gure aztiak erreprogramazioa burutuko du!

5. Izango al du erreprogramazioak aldaketa guztiak desagertarazteko trebetasuna? Hurbildu karpa handira dena prest dago eta!

 

6. Aldaketak ezabatu ezean… ondorengo belaunaldietara pasatuko dira, oinordetza epigenetikoaren bidez! Has dadila funtzioa!

 

 

"Txiotesia:akademia eta solasa eta jolasaren garrantzia"

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eman zion hasiera ekitaldiari eta azken 5 urteetan UEUk ikertzaile gazteen ikusgarritasuna eta ezagutza bultatzea ildo estrategikotzat duela azpimarratu zuen eta Txiotesia horren adibide garbia dela. Era berean, unibertsitate.net atariaren 10. urteurrena dela eta, atari horren helburuak gogorarazi zituen. Komunitate unibertsitarioaren bilgune izatea, informazioaren fokalizatuz eta komunikazioa zein interakzioa bultzatuz.

Sari banaketa bakarrik ez, ikertzaileen topagune ere izatea zen helburua eta baita  ospatzea ere. Horren harira "Txiotesia: akademia eta solasa eta jolasaren garrantzia" mahai ingurua izan zen. Xabier Landabidea UEUko komunikazio saileko sailburu eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariaren gidaritzapean Estitxu Garai, Itxaro Perez eta Itziar Gonzalez-Dios aurreko irabazleek parte hartu zuten solasaldian. Tesia lantzerakoan aurkitutako zailtasunen inguruan, zabalkundearen inguruan...

Eta mokadu artean jarraitu zuen gozo gozo ikertzaileen tertuliak. Azken batean, elkar ezagutzeko aitzakia ederra baita.

Zorionak irabazleei eta lehiaketan parte hartu duzuen guztioi!