Dokumentuaren akzioak
Uste baino hamar aldiz arrain mesopelagiko gehiago dagoela frogatu dute Azti-Tecnaliako ikertzaile batzuek
Arrain mota guztietan biomasa handiena duena mesopelagikoa da. Orain arte, biomasaren kopuru totala 2.000 tonakoa zela uste zuten, baina oraintsu egindako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute uste baino hamar aldiz handiagoa dela kopuru hori.
Malaspina 2010 Circumnavigation izeneko nazioarteko espedizio bat iritsi da ondorio horretara, eta tartean, Azti-Tecnaliako ikertzaile talde batek eta Xabier Irigoien Ozeanografiako doktoreak hartu dute parte.
'Nature Communications' aldizkarian argitaratu dute artikulua, eta han diotenaren arabera, "berraztertu" egin beharko litzateke arrain mesopelagikoek ozeanoetako ekosistemetan eta ziklo biogeokimikoetan duten rola. Izan ere, lehen mailako produkzioaren % 10 ur-sakonetan lortzen da, hain justu, arrain mota horren bizileku den inguruetan.
Arrain mesopelagikoa gai da karbono dioxidoa 1.000 metroraino eramateko, eta horregatik da garrantzitsua betetzen duen funtzioa. Gainera, ikerketako emaitzek diote "harreman estua" dagoela ozeano irekietako arrainen biomasaren eta lehen mailako produkzioaren artean, eta uste baino handiagoa dela fitoplanktonen eta arrain mesopelagikoen arteko energia trukaketa ozeano irekietan.
(Iturria: Azti-Tecnalia)