Dokumentuaren akzioak
Ursula Luna: "Museoetako hezkuntza ekimenek herritarrengan izan duen garrantzi hezitzailea erakutsi du tesiak"
Ursula Luna (Ordizia, 1987) Artearen Historian lizentziatu zen UPV/EHUn, Gasteizen. Zenbait urtetan museo hezitzaile bezala lan egin ondoren Murtziako Unibertsitatean Educación y Museos: Patrimonio, Identidad y Mediación Cultural masterra egin zuen eta ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra UPV/EHUn. 2017an, Artearen Historia eta Musika sailean doktoratu zen.
Arte ikasketak egin zenituen eta museoen munduan murgildu zinen tesian.
Artearen Historian lizentziatu nintzen UPV/EHUn, baina azken urtetik aurrera eta praktikaldia dela eta, hezkuntza munduarekin erlazioa izaten hasi nintzen. Praktikak egin nituen Guggenheim museoko hezkuntza zerbitzuan, ikasleekin bisita gidatuak, tailerrak eta abar egiten. Hortik abiatuta hasi zen nire interesa museoen hezkuntza sailekiko. Artearen Historia eta historia bera gustuko nituen hasieratik, baina didaktika munduak erakartzen ninduen. Lizentziatura amaitu ondoren museo hezitzaile bezala aritu nintzen lanean zenbait urtetan, eta orduan erabaki nuen arlo honetan nire formakuntza osatu behar nuela. Murtziako Unibertsitatean Educación y Museos masterra burutu nuen eta hortik abiatuta erabaki nuen doktoretza egitea eta nire tesia gai honetan zentratzea. Aldi berean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra egin nuen UPV/EHUn, nire formakuntza dozentziara ere bideratuta egon behar zela pentsatzen nuelako.
Gipuzkoako museoen hezkuntza-ekimenen historia aztertu duzu. 70 museo guztira.
Lehen museoa 1902an ireki zen, gaur egun ere existitzen den San Telmo Museoa hain zuzen ere. Urte honetatik 2014ra mugatu nuen nire ikerketa, orduan amaitu bainuen datu bilketa. Museoak etengabe ireki eta ixten doaz, eta beraz, beharrezkoa zen muga bat jartzea azterketa burutzeko. Ikerketarako datuak biltzea oso zaila izan zen. Alde batetik, apenas dagoelako museoen hezkuntza sailei buruzko literatura zehatzik, eta are gutxiago Euskal Herriari dagokionez. Bestalde, dokumentatu eta artxibatu gabeko jarduerak eta ekintzak izan direlako historikoki. Hau da, museoetan burutu diren obrak, erosi diren piezak, egin diren erakusketak eta abar ongi dokumentatu izan dira, baina hezkuntza sailetik (existitu izan diren kasuetan) egin diren tailer, jolas, ekimen berezi eta bestelako ekimenen inguruan, hala nola hezitzaileak, erabilitako material eta espazioenak, apenas dokumentatu dira. Era berean, museoz museo aritu behar izan naiz informazioa jasotzen, horietako bakoitzak gordetzen baitu urteetan zehar egindako lana. Hezkuntza sailetako hezitzaileen laguntza ezinbestekoa izan da datu bilketarako.
Hiru ikuspuntutatik landu duzu gaia: museoetako hezkuntza-sailak, egindako hezkuntza-ekimenak eta publikoa. Zer lortu duzu?
Aurrez esan bezala, kasu askotan informazio oso eskasa gorde izan da, ez da dokumentatu. Baina orokorrean esan genezake hezkuntza sailak, bere horretan, ez direla existitu Gipuzkoako museo gehienetan. Asko museo txikiak dira eta bertako langileek funtzio anitzak betetzen dituzte: administrazio lanak, harrerakoak, hezkuntzakoak eta abar. Baina aldi berean erakutsi dute museoetako hezitzaileek zer-nolako indarra eta garrantzia izan duten museo hauen demokratizazioan. Hezkuntza ekimenei dagokionez, askotarikoak izan dira egindako jarduerak. Aipagarria da 80ko hamarkadan hezkuntza jarduerek izandako garrantzia eskolako taldeei lotuta, edota jarduera hauen dibertsifikazioa 2000. urtetik aurrera. Publikoaren eremua da informazio gutxien bildutakoa, normalean publiko orokorrari zuzendutako jarduerak edota eskolako taldeentzat prestatutakoak nagusitu baitira. Oso museo gutxik egokitu izan dituzte beraien hezkuntza eskaintzak publiko zehatzetara edo behar bereziak dituztenera.
Hau guztia kontutan hartuta, Gipuzkoako museoen hezkuntza-ekimenen historiaren fase-proposamen bat ere egin duzu: Loaldia, Esnatzea, Esplorazioa eta Lasterketa. Azalduiguzu.
Izen hauek modu oso argian adierazten dute zein izan den hezkuntza eta museoen eboluzioa Gipuzkoaren kasuan, baina modu orokor batean Espainiako kasura ere zabaldu genezake. 80ko hamarkadara arte, tartean Dikdatura garaia eta Trantsizioko urteak, museoen funtzio hezitzailea 2. plano batean geratu zen. Oso modu anekdotikoan eta publiko zehatzei zuzenduriko jarduera isolatuak egiten ziren. 80ko hamarkadan esnatze fase bat eman zen eta gizartearen eremu ezberdinen berrantolatze eta aktibatze faseari gehitu zitzaizkion museoak. Gipuzkoako ondarea balorean jartzeaz gain, hori herritarrei gerturatzeko lanak izugarriak izan ziren, eta ondare hezkuntzak garrantzi handia hartu zuen. 90ko hamarkadan ordea, esplorazio fase bati hasiera eman zitzaion. Behin esnatuta, museo desberdin asko agertzen hasi ziren, ondare mota ezberdinen inguruan lan egiten hasi ziren eta egindako hezkuntza lanak askotarikoak izan ziren. Azkenik, 2000. urtetik aurrera eta museoen irekieraren "boom" bati jarraiki, lasterketa eta lehia bat eman zela esan dezakegu. Herri guztiek nahi zuten euren museoa, guztiak hezkuntza eskaintza zabala egiten hasi ziren eta lasterketa azkar baten baitan mugitzen hasi ziren erakunde hauek.
Gipuzkoako museoetan urteetan zehar egindako hezkuntza-ekimenen garrantzia argi geratu dela diozu.
Bai. Aurrez esan bezala, hasiera batean museoen funtzio hezitzailea bigarren plano batean geratzen zen eta gaur egun ere erakusketa handiek eta erakusten den ondareak berak, hala nola publiko kopuruak edota ospeak, atzean uzten du erakunde hauek duten funtzio nagusienetako bat: ondarearen gaineko hezkuntza. Orain arte horrelako lanik egin ez izanak eragin du Gipuzkoako museoek urteetan egindako lana agerian ez geratzea. Baina tesiaren bitartez ikusi dugu hezkuntza ekimen hauek benetako garrantzi hezitzailea izan dutela herritarrengan, gure ondarea balorean jartzeaz gain gizartera iristeko ezinbestekoak izan direla alegia.
Museoetako hezkuntza-alorrari garrantzi gutxi eman zaiola ere badiozu. Museoak koadroekin eta eskulan tailerrekin lotzen direla zenion Txiotesiko txio batean. Oso estereotipatuta dago museoen egitekoa?
Bai. Hezkuntza jarduerak katearen "azken pausoa" kontsideratu izan dira askotan. Erakusketa handiak muntatu, diseinuari garrantzi handia eman, difusio kanpainak egin eta behin dena prest dagoenean eskatzen zaie hezitzaileei horiek publikoari azaltzeko. Edozeini galdetzen badiozu, seguruenik museoetan umeentzako tailerrak eta eskolako ikasleentzat bisita gidatuak soilik egiten direla esango dizute, eta koadroak edota eskulturak ikusteko aukera dagoela. Baina Gipuzkoako museoak kasu, ikusi dezakegu hortik haratago doala eta ondarea bera oso gai zabala dela, hortaz ondare hezkuntzak ere badituela mila aukera.
Dokumentazio falta izan da zure ikerketa aurrera eramateko oztopoetako bat. Honi irtenbide bat emateko museoetako hezkuntza-ekimenen eta publikoaren katalogaziorako fitxa bat proposatu duzu. Zein aurrerapausu suposatuko du honek?
Arazo edo oztopoetako bat dokumentazio falta da. Esan dudan moduan, museo askotan ez dira hezkuntza sailak bere horretan existitzen eta langileek funtzio desberdinak betetzen dituzte, jarduera didaktikoak diseinatu eta garatzeaz gain. Aldi berean, museo hauen kudeaketa enpresa desberdin askoren esku geratzen da eta taldeek lan egiteko moduak oso desberdinak dira. Hortaz, egiten diren ekimen horiek dokumentatzeko modua oso askea da eta talde horien esku geratzen da nola jasotzen den. Kasu gehienetan hileroko txostenak burutzen dira, bisitari datuekin, egindako jarduera eta datekin… baina erabiltzen diren material didaktikoak, lantaldeen izaera eta beste hainbat datu ez dira gordetzen askotan; are gehiago 2000. urtetik aurrerako urteen kasuan, non apenas aurkitu diren dokumentu erabilgarriak, salbuespenekin noski. Horrelako fitxa batek langileen lana erraztuko luke, eta aldi berean etorkizunerako ikerketa eta txostenen osaketan lagunduko luke. Adibidez, Gipuzkoako museo guztiek urtean zehar egiten dituzten jarduera motak, dituzten lantaldeak eta publiko hartzailearen izaerari buruzko ikerketak egiteko datu unifikazio bat erraztuko luke.
Nola ikusten duzu gaur egun museoen etorkizuna? Pandemiaren ostean askok berriro ateak ezin izango dituztela ireki diote.
Museo gehienak, Gipuzkoaren kasuan bezala, txikiak dira eta hasiera hasieratik mugitu izan dira "bizirauteko" fase batean. Urteetan ikusi izan da museoak inauguratzeak dakarren garrantzia, baina horiek mantentzeko inbertsioak ez dira nahikoak eta zaila da bisitari kopuruaren baitan eta finantzazioari loturik mugitzea modu egoki batean. Pandemiak erakutsi digu museo handiek izan dituztela egoerari aurre egiteko nahikoa baliabide, sare sozialei loturik batez ere, eta etorkizunean egoera berriari aurre egiteko aukera izango dutela: aforoa kontrolatu, areto desberdinak erabili…baina zer gertatuko da herrietako museo txikiekin? Aurrez zaila bazen bisitariak erakartzea, hemendik aurrera egoera horri aurre egitea oso zaila izango da.
Zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun erronkak?
Momentu honetan nire ikerketa unibertsitateari dago loturik, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea bainaiz, Magisteritzan. Gizarte Zientzien Didaktika Sailean dihardut duela urte batzuetatik eta era berean GIPyPAC, Grupo de Investigación de Patrimonio y Paisajes Culturales (UPV-EHU) ikertaldearen parte naiz. Gure ikerketak Ondare Hezkuntzan zentratzen dira, eta hortaz, jarraitzen dut hezkuntza eta ondareari loturik, museoetako espazioetan egiten diren ekimenak ez ezik, ondare eremu guztiari zabaltzen baita gure ikerketa lerroa. Nire etorkizuneko erronkak ikerketari zein dozentzia arloari loturik doaz.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso dibertigarria baina aldi berean zaila. Txioetan hainbeste urtetako lan potoloa laburtzea zaila egin zitzaidan, baina ariketa interesgarria izan zen egindako lan guzti hori modu labur eta ulergarri batean idaztea, zure tesia ezagutzen ez duen norbaiti azaltzeko moduan ipintzea.