Dokumentuaren akzioak
UPV/EHUko ikertzaileek ere parte hartuko dute NASAren Mars2020 espazioko misioan
Beste zenbait unibertsitaterekin batera UPV/EHUk osatzen duen CamOnMars2020 partzuergoak hitzarmena sinatu berri du NASArekin Marte 2020 misioan lan egiteko. Valladolideko Unibertsitatea, Malagako Unibertsitatea eta Madrilgo Complutensea dira Partzuergoko beste kideak.
UPV/EHUko IBeA ikerketa taldea Marteko gainazala aztertzeko erabiliko den ‘Rover' ibilgailuko Supercam izeneko tresna zientifikoaren kalibrazio sistemaz arduratuko da. "Kalibratzeko txartela Supercam tresnaren funtsezko osagarria da. Horren bidez aztertuko dira Marteko gainazaleko harriak eta lurzorua, bost neurketa espektroskopikoren bitartez (agerikoa, infragorria, fluoreszentzia, LIBS eta Raman). Neurketa horiei esker, aztergai den laginaren oinarrizko kontzentrazioari eta haren konposizio molekular eta estrukturalari buruzko informazioa lortu ahal izango da", ikertaldeko arduraduna den Juan Manuel Madariaga irakaslearen esanetan.
NASA Mars 2020 izeneko misioan Curiosity ‘Rover'-a (Marten dago 2012tik) ordezkatuko duen ibilgailu bat garraiatuko da Martera; besteak beste, bizi aztarnak bilatzeko eta bertako klimaren, atmosferaren eta geologiaren ikerketa hobetzeko. Marte aztertzea interesgarria da, planeta horrek ur ugari izan zuelako duela milioika urte. Astro-biologoek diotenez, ezinbesteko baldintza da hori bizia garatzeko, eta horregatik lortu nahi dituzte bizi aztarnak. Aztarna organiko eta bio-organikoak bilatuko dira eta hori ezinezkoa litzateke Supercam tresnaren kalibrazio sistemarik gabe.