Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian UPV/EHUk lehen euskal unibertsitate publikoaren 75. urteurrena ospatuko du

Dokumentuaren akzioak

UPV/EHUk lehen euskal unibertsitate publikoaren 75. urteurrena ospatuko du

2011/11/22 - Unibertsitatea.net
Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia sortu zen 1936ko azaroaren 18an, Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Hauxe izan zen lehen euskal unibertsitate publikoa. 75. urte sortu zela igaro dira eta Euskal Herriko Unibertsitateak urteurrena ospatuko du azaroaren 23tik abenduaren 1era.

Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia izan zen lehen euskal unibertsitate publikoa. 1936. urtean sortua fakultate bakarra izan zuen: Medikuntza Fakultatea - Osakintza Ikastola. Bilboko Ospitale Zibilean kokatuta, 1937ko urtarrilean Medikuntzako ikasketak jarri zituzten martxan 22 irakasle eta 100tik gora ikaslerekin. Otsailean, Erizaintzako ikasketak abian jarri zituzten, erizaintzako bi espezialitate eskainiz:

  • "Guztietarako gai den gaxozaiñaren izena lortu al izateko gertuera."
  • "Gizarte-laguntzari buruzko osakintza berezia ikastea."

 

276 emakumek hasi zituzten ikasketak baina amaitu gabe utzi behar izan zutez. Izan ere, biziraupen laburra izan zuen Unibertsitateak, urtarrilean ateak zabaldu eta 1937ko ekainean, tropa frankistak Bilbora sartu ondoren,  itxi behar izan baitzuten ateak.

UPV/EHUk azaroaren 23tik abenduaren 1era lehen euskal unibertsitate publikoaren 75. urteurrena ospatuko du erakusketa ibiltari batekin, hainbat hitzaldi eta ekitaldiekin.