Dokumentuaren akzioak
Unibertsitate nazionala eta euskalduna aldarrikatuko da gaur Arabatakadan
Arabatakada unibertsitate euskaldun eta herritar baten aldeko jai aldarrikatzailea da. Aurten, ospatzen den bederatzigarren aldia da eta urtero bezala Arabako unibertsitateko ikasleek ospatu dute. Apurka apurka, jaialdia kualitatibo zein kuantitatiboki handitu da eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea hurbiltzen da.
Urterik urte jaialdia asko aldatu da, batez ere tamaina aldetik. Hasierako urtean Arabako campusean bertan egiten zuten, bertako ikasleentzat bereziki. Baina urteekin, jaialdiak lortu duen arrakasta aurreikuspen guztiak gainditu ditu, eta horrek jaialdiari beste izaera bat ematera eraman zituen antolatzaileak. Ordea, jatorrizko filosofia ez dute aldatu. “Unibertsitatea dugu edozein herriren zutaberik garrantzitsuenetariko bat, etorkizuneko belaunaldi askoren hezkuntzaz arduratzen dena, etorkizuneko jendartea formatzen duena. Beraz, unibertsitatea, herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko erabili behar da”, adierazi zuten antolatzaileek. Klasez klase, fakultatez fakultate, herri eta jendarte honek behar duen unibertsitate eredua sortzen ari direla adierazi zuten Arabatakada muntatzeaz arduratzen diren ikasleek. “Herritarra, nazionala eta euskalduna. Eta Arabatakada borroka honen bozgorailua da”, gaineratu zuten.
10:30ean hasi da festa, campusean bertan, ikasleen arteko olinpiar jokoekin. Azken urteotan arrakasta itzela lortu du ekitaldi horrek, eta aurten berriro antolatzea erabaki dute, Ioritz Iparragirre jaialdiaren antolatzaileetako batek azaldu zuenez. Gasteizko campuseko ikasleek dute olinpiar jokoetan parte hartzeko aukera. Hamar edo hamabi kidek osatutako taldeetan esku hartu dezakete, betiere neska eta mutilez osatuta badago. Horrez gain, ikasleek jai egingo dute egun osoz. Euskal taldeen kontzertu sorta handia izango da 17:00etatik aurrera. Gose, Hesian, Betagarri, Kaotiko, EH Sukarra taldeen kontzertuaz eta Tximeleta taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango dute ikasleek. Horiekin batera, aurtengo maketa lehiaketaren irabazleak ere joko du: Anai-arrebak taldeak. Kontzertuek goizaldera arte iraungo dute, baina egun osoan egongo da zerekin gozatu. Hori bai, “unibertsitate nazionala eta euskalduna” leloa ahaztu gabe.