Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Unibertsitari euskaldunak, bildu!

Dokumentuaren akzioak

Unibertsitari euskaldunak, bildu!

2006/11/29 - Lore Erriondo
Azaroaren 29an, asteazkenarekin, gaur, inuzenteen eguna baino hilabete lehenago eta agian inuzenteak garelako, errurik gabeak alegia, etengabean ahaleginean gabiltzanak beste modura esatearren, UEUren ekimenez, unibertsitatea.net ataria aurkezten dugu.

Bizi dugun teknologia berrien aro honetan, klik batekin edonora irits gaitezkeen honetan, ziberespazioa baliatu nahi izan dugu mundu zabaleko unibertsitario euskaldunak elkartzeko, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik; mundializazio eta globalizazioak ekar dezakeen indar homogeneizatzailearen gainetik eta deslokalizazioak eragin dezakeen deserrotzearen azpitik.

Asko gara unibertsitario euskaldunak: ikertzaileak, ikasleak, irakasleak, gurasoak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, laguntzaileak,...; gutxi gara euskaldunak ordea. Gutxi, gutxi, nondik begiratzen zaion. Euskaldunon artean, guztiak gara euskaldunak, baina erdaren murgilean aldiz, gutxi gara eta sakabanatuta gaude gainera; sakabanatuta eta galduta askotan. Galduta, baztertuta, minduta eta bakarrik batzuetan, nor garen eta zenbat garen jakin ezinda. Honegatik, aterpe asmoarekin sortu dugu atari hau, elkargune, hartu-emanetarako, zalantzak argitzeko, nor garen jakiteko, egiten dugunaren berri izateko, trukerako, ikasteko, kalakan jarduteko, duda-mudan gabiltzanean ipar-orratzarena egiteko, irakasteko, asmo berriak partitzeko, planak egiteko, lanean jarduteko, barrabaskeriatan, iritzi-trukean, sorkuntzan, ...

Honexek bultzatuta, beharrak eraginda ekin genion duela bost bat urte lan isilari, isilean egiten dena omen delako lanik emankorrena; horrela erakutsi ziguten behintzat gure aurrekoek. Diruz aberasteko asmorik gabe baina guztiak aberasteko esperantzaz, fama baino hobea dela lana pentsatzen dugulako. Hori izan da orain arteko gure izaera, eta horri eutsi nahiko genioke garai berritan ere.

Askok uda-sasoiarekin lotzen gaituzue, batzuk iraganarekin, gehienak euskal unibertsitatearen aldarrikapenarekin. Hala ere, udaz gaindi, goi-mailako etenik gabeko prestakuntzan, jardunaldi eta mintegietan, unibertsitate-liburuen argitalpengintzan, ikastaroetan, elkarlanean egin izan dugu topo maiz; beti makinatzen, beti aurrera begira, erronka berriek akuilatuta, premiak antzeman eta ase nahian.

Isil-misilean iritsi gara gaurko ospakizunera, eta isiltasuna urratu eta builaka eta burrunbaka gabiltza azkenaldi honetan, bitarteko baliabide hau zuei guztiei ezagutzera ematearren, guztiek maneia dezazuen, guztiek har dezazuen abiatu berri den hau guztiona izatearen ardura. Nola? Erabiliaz, zuen kezkak azalduaz, zer hobetu iradokiaz, materiala zintzilikatuaz, kontsultak eginaz; klik, klik eta klik.

Zer da gaurtik aurrera erabil dezakeguna? Zer ikas dezakegun euskaraz Euskal Herriko unibertsitate bakoitzean eta hauetako bakoitzean beste hizkuntzatan zer eskaintzen duten (Zer ikasi, non ikasi); ingurune unibertsitarioan egunean-egunean sortzen diren berriak (Ziztu bizian); material biltegia (Otarrrea): apunteak, hitzaldiak,...; hainbat gairi buruzko blogak: Kafeteritza; Heterodoxia, Ekonomiaz haratago; Katu-saldoa; Ingurumena eta azpiegitura Euskadin: Euskal Herritik Euskal Hirira; Hizkuntza-teknologiak; Podologia; Antropologia eta feminismoa; Hiripublika; Euskal Curriculuma; Ezagutza eraikitzen IKTak bidelagun; Zientzia eta beste; Euskal Unibertsitatea Europan; HiritArtea; Lehena orain: historia bloga; Farmazia; Soziologia Ingurunea eta Gizartea eta Markeskoaren leihotik

Gaur oraindik ez ditugu ikusgai, baina laster batean, ikasleen txokoa ere martxan izango dugu, baliabideen erreminta-kutxa eta ikasketen inguruko orientazio zerbitzua.

Hauek dira gure ustez, ditugun premia nagusiak, beste inork eskaintzen ez duena eta guk egin dezakegun ekarpena erkidego unibertsitarioari. Hemendik aurrerakoa diseinatzeko, martxan jartzeko eta gainerakoan moldaketak egiteko, ezinbestekoa zaigu zuen guztien laguntza, iradokizunak, eskaerak, kritikak, aldarrikapenak, mesedeak,... finean,

EGIN KLIK!

Lore Erriondo Korostola
UEUren Zuzendaria