Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ugaitz Agirre: “Abestiek eragin handiagoa izan dezakete intelektual, politikari edo aditu batek baino”

Dokumentuaren akzioak

Ugaitz Agirre: “Abestiek eragin handiagoa izan dezakete intelektual, politikari edo aditu batek baino”

2019/05/28 - Ikergazte2019

Ugaitz Agirre Zapirain usurbildarrak lehenengoz parte hartuko du Ikergazte kongresuan. “Tipi-tapa euskararen erritmoan: Korrikako abestien bilakaera, 1980-2019” izeneko lana aurkeztuko du Baionan. Historian graduatua (UPV/EHU) da Agirre eta Historia Garaikideko masterduna. Doktorego tesiarekin ari da orain.

Korrikaren aurtengo abestiak eman du zeresana. Hain zuzen ere, korrikako abestien bilakaera aztertu duzu zuk. Musikak ideia ezberdinak plazaratzeko izan duen garrantziaz mintzo zara
Musikak gizarte baten bilakaera aztertzeko balio du, ez bakarrik adierazpen artistiko edo kultural bat izateagatik, baita gizartean duen kokaleku eragileagatik ere. Musikariak erreferenteak bihurtu dira masa kulturan, eta euren abestietan diotenak eragin handiagoa izan dezake intelektual, politikari edo aditu batek baino.

Bestalde, ekitaldi politiko, sozial, kultural edota beste edozein motatako abesti propio bat izatearen eraginkortasunaz baliatu dira, identitate zeinu bat bezala. Ikastolen aldeko jaiak, Gure Esku Dago, Euskaraldia, gazte egunak… (Herrialdeen ereserkiak ere kolektibo baten identitate adierazpide den heinean) Eta Korrika bera ere. Identitatearekin lotuta dagoen adierazpena izanda, hortik ulertzen dut “Klika” abestiaren inguruan egin diren aipamenak.

Zeintzuk izan dira ikerketa honen helburuak?
Bi izan dira helburuak: batetik, Korrikak, den ekimen kultural eta nazional gisa, irudikatzen duen euskaltasuna nola joan den aldatzen ikustea bere abestien bidez; eta bestetik, prozesu hori guztia kontrakulturaren logikan ulertzea.

Zergatik kontrakulturaren logikan?
Kontrakultura Theodore Roszak historialariak sortu zuen kontzeptua izan zen, hain zuzen eredu teknokratari kontra egiten ari zitzaion 1960ko ikasle eta gazte mugimendua izendatzeko. Eredu teknokrata da teknologiaren eta zientziaren garapenean oinarritutako ikuspegi sozioekonomikoa, non aspektu kuantitatiboak pisu gehiago duen kualitatiboaren aldean. Beraz, kontrakulturak bestelako gizarte eredu bat proposatzen du, ez dena homogeneoa. Hori horrela izanda, eta ikuspegi global batetik, euskal kantagintza berritik eratorritako protesta kantua (edozein delarik ere musika estiloa) kontrakulturaren parte ikusten dut. Hala ere, protesta kantua beste eragileekin harremanean ulertu behar da, bai eta masa kulturarekin ere, azken batean ez delako emantzipazioa gertatzen bien artean.

Gaineratuko nuke, bestalde, euskal identitateari abesten dion kantua ere kontrakulturala dela identitate subordinatu edo mendeko bati abesten dion neurrian. Nazio-estatuz osatutako munduan, estaturik ez duen identitatea beste identitate handiagoaren barruan sartzen da, gure kasuan frantses eta espainiarrean (eta europarrean honek indarrik izango balu). Are kontrakulturalagoa euskaraz izanda (hizkuntza gutxitua, alegia).

Hala ere, Euskal Herrian kontrakulturak kokapen hegemonikoa izan du, agian gaur egun galtzen joan daitekeena, eta kontrakulturaren barruan hegemonia ezberdinak izan dira.

Beraz, kontrakultura kontzeptu aproposa da ezarritako edonolako balioei planto egiten dien jarrera musikalak ulertzeko.

Zure esanetan gehien bat subjektuaren ezaugarriak izango dira aldatzen joango direnak abestiz abesti
Subjektuaren ezaugarriak diodanean, oso lotua dago herri ikuskerarekin. Diskurtsoari begiratzen badiogu, euskalduna euskaraz dakiena edo egiten duena da, eta hori izango da Euskal Herriaren oinarria. Hala ere, 1980tik hona Euskal Herriko gizartea aldatzen joan da, eta euskararen aldeko aldarriak beste aldarri sozialekin elkartu dira. Fermin Muguruzak ikuspegi ekologistatik abesten du “Big Beñat” abestian, Betagarrik atzerritik datozenei ongi etorria ematen die Euskal (Euskararen) Herrira, eta azken abestian diskurtso feminista gehitzen da abestira. Diskurtsoaren aldetik aldaketa gehiago ez daude, ildo horretatik behintzat. Baina musikan bai aldaketak daudela, eta erakusten du euskal doinuak (eta era berean euskal subjektuaren ezaugarriak) nolakoak diren.

Batzuetan abangoardian kokatzen dela diozu. Besteetan, tradizioaren defentsan
Horixe bera. Baliteke zuriegia eta beltzegia izatea bereizketa hori, baina modakoa eta klasikoa bereizteko izan da. Adibidez, 2003an Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak abestu zuten aurretik Fermin Muguruza eta ondoren Afrika egonda. Noski, 2003an Ez Dok Amairu omendu zuten eta logikoa zen Laboak abestea; eta gainera, Korrikak adin tarte zabala hartzen du, ez zaio beti gazteen modari jarraituko. Oskorriren abestia (horrelako ekimen baterako oso esperimentala joko nukeena) bi bertso sortaren artean kokatzen da 1987. urtean, hau da, bertsoa euskaltasun garbiaren eta tradizioaren ikur denean. Abesti bakoitzak bere ezaugarriak eta testuingurua ditu eta horien arabera ulertu eta interpretatu behar dira.

Zein da atera duzun ondorio nagusia?
Ondorio nagusia euskaldun identitatearen diskurtsoa askorik aldatu ez den bitartean, euskal identitatearen melodiak joan-etorri ezberdinak izan dituela izan da. Euskarak izaten jarraitzen du bai 1980an eta bai 2019an euskaldun identitatearen ardatza. Bestalde, folkaren hegemonia identitarioa rock doinuengatik aldatuz joango dira, batik bat mende berriarekin. Horri lotuta, abestien inguruan (eta batez ere aurtengo ediziokoari lotuta) gertatu diren kontrako iritziak jarrera nostalgiko bezala ulertzen ditut. Aldaketak hain azkar datozela iruditzen zaigun garaian zerbait finkoari eta seguruari lotu nahi gara.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?
Ez da pentsatu izan dudan galdera bat hori. Besterik gabe, ikerkuntzan jardun nahi eta ari den gaztea naiz eta interesa dudan gaien inguruan ahalik eta ekarpen interesgarrienak egin nahi dituena. Ez da bereziki loa kentzen didan zerbait Ikergaztea izateak zer suposa dezakeen ez jakitea.

Zerk eraman zaitu Ikergazte kongresuan parte hartzera?
Duela bi urteko edizioaren berri izan nuen eta ordutik ekimena hurbiletik jarraitzen saiatu naiz. Horri lotuta, tartean doktoretza programa batean hasi naizelarik, aproposa iruditu zitzaidan nire parte hartzea egitea, batez ere zer egiten den ikusteko eta elkarbanatzeko iritziak, zalantzak, ikuspegi ezberdinak… Eta gehituko nuke euskaraz izateak garrantzi handia duela, horretarako dauden aukerak oso murritzak dira eta.

ikergazte2019