Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian #txiotesia6: parte hartzeko argibideak

Dokumentuaren akzioak

#txiotesia6: parte hartzeko argibideak

2022/10/24 - Unibertsitatea.net
Euskal ikertzaile gazteei zuzendutako lehiaketa da eta azaroaren 22an egingo da Twitter sare sozialean.

"Txiokatu zure tesia 6 mezutan" (#txiotesia) lehiaketaren 6. edizioa egingo da azaroaren 22an. Euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea eta hauei izen-abizenak jartzea du helburu.

2019/2022 urte bitartean tesia aurkeztu duten ikertzaileei edo egun egiten ari direnei zuzenduta dago eta beraien zeregina da urteetako ikerlana 6 txiotara ekartzea. Parte hartzaileen artean bi saritu izendatuko dira: "Txiolari ulergarriena" eta "Txiolari originalena", eta 500 eta 300 euroko diru saria eskuratuko dute hurrenez hurren.

Beste edizio batzutan parte hartutako ikertzaileek parte hartu dezakete, ez ordea irabazle izan direnek. Lehiaketan parte hartzeko kontutan hartu beharrekoak zehaztuta dituzu ondoren:

  • Parte hartzeko Twitter kontu publikoa izan behar da.
  • Tesia 6 txiotan azaldu behar da eta beraz ez dira kontuan hartuko 6 txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikerlarien parte hartzeak.
  • Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Txioak euskaraz idatzi behar dira.
  • Lehiaketa egunean goizeko 09.00etatik 21.00etara bitartean idatzi behar dira txioak. Txioak aldi batean edo tarteka bidali daitezke baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.
  • Txio bakoitza zenbatu egin behar da: 1, 2, ... mezuaren aurretik jarrita.
  • Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia6 traola.
  • Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da.
  • Azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du.
  • Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.
  • Ez dira onartuko txioak ordezkatuko dituzten testu osagarri, dokumentu atxiki edo ikusentzunezko baliabidetara bideratutako estekak.
  • Aldiz, audioak, bideoak, irudiak edo bibliografia estekak gehituz eman daitezke.

 

Informazio guztia hemen: #txiotesia

UEUren Unibertsitatea.net atariak antolatzen du egitasmoa, eta aurten UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedra izango du kolaboratzaile.

Etiketak: txiotesia6