Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian #txiotesia4: parte hartzeko gida

Dokumentuaren akzioak

#txiotesia4: parte hartzeko gida

2018/10/18 - Unibertsitatea.net
Azaroaren 20an erronka polita dute euskal ikertzaile gazteek. Urteetako ikerketa lana 6 txiotara laburtu behar dute. Honekin Txiolari ulergarriena edo Txiolari originalenaren titulua eskuratu dezakete. Eta trukean euskal ikertzaile hauen guztien argazki eder bat irudikatzeko aukera izango dugu.

Dakizuenez, #txiotesia (Txiokatu zure tesia 6 mezutan) lehiaketaren 4. edizioa antolatuko dugu azaroaren 20an. Euskal ikertzaileei izen-abizenak jartzea eta hauek egiten dituzten lanak gizarteratzea da helburu nagusia eta 160 ikertzailetik gora animatu dira orain arte antolatu diren 3 edizioetan.

Erronka polita da ikertzaileentzat, urteetako lana 1.680 karakteretara laburtu behar dutelako. Parte hartzaileetako bik eskuratuko dute Txiolari Ulergarrienaren eta Txiolari originalenaren titulua eta lehiaketarekin euskal ikertzaile gazteen argazki eder bat irudikatzea lortuko dugu.

Lehiaketako hamaika ikertzaile elkarrizketatu ditugu eta argazki hori osatzen joateko oraingoan zu ere gurekin parte hartzera animatu nahi zaitugu.

Hona hemen orain arteko informazioaren laburpena:

Nori zuzenduta:
  • Tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei.
  • 2015/2018 urte bitartean (biak barne) tesia aurkeztutako ikertzaileei.
  • Aurreko edizioetan parte hartu duten ikertzaileek berriz ere parte hartzeko aukera dute.
  • Irabazle izan direnek ezin dute parte hartu.
Helburua:
  • Ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.
  • Txiokatutako mezuak lehiaketa ondoren bistaratzeko gordeko dira Unibertsitatea.net atariko "Txiotesia" atalean.
  • Antolatzaileek gordetako parte hartzaileen txioak gainbegiratuko dituzte arauak bete dituzten edo ez ziurtatzeko.
  • Arauak bete dituzten txiolarien mezuak epaimahaikideek baloratuko dituzte.
  • Bi txiolari hautatuko dira:
    • Txiolari ulergarriena: 6 mezutan bere ikerketa lana modu borobilenean azaltzeko gai izan den txiolaria.
    • Txiolari originalena: 6 mezutan bere ikerketa lana modurik irudimentsuenean zabaldu duen txiolaria.

Arauak:

  • Parte hartzeko Twitter kontu publikoa izan behar da.
  • Tesia 6 txiotan azaldu behar da eta beraz ez dira kontuan hartuko 6 txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikerlarien parte hartzea .
  • Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Txioak euskaraz idatzi behar dira.
  • Azaroaren 20an (asteartea) goizeko 09.00-21.00ak bitartean idatzi behar dira txioak. Txioak aldi batean edo tarteka bideratu daitezke baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.
  • Txio bakoitza zenbatu egin behar da: 1, 2, ... mezuaren aurretik jarrita.
  • Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia4 traola.
  • Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da.
  • Azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du.
  • Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.
  • Testu osagarria edo dokumentu atxikiak ezin dira esteka bidez bideratu.
  • Aldiz, audioak, bideoak, irudiak edo bibliografia estekak gehituz eman daitezke.

Sariak:

  • Txiolari ulergarriena: 500€
  • Txiolari originalena: 300€
  • Irabazle biei elkarrizketa egingo zaie Unibertsitatea.net atarian.

 

2018ko Txiolari ulergarriena (500€) edo Txiolari originalena (300€) izan nahi baduzu atariko Txiotesia atala bisitatu dezakezu: joan begiratzen lehiaketako arauak, orain arteko ikertzaileen parte hartzeak (#txiotesia1, #txiotesia2, #txiotesia3. ) edo aurreko edizioetako irabazleak nortzuk izan ziren. Lehiaketarako sortu dugun kartela eta infografia ere bertan dituzu. Baita lehiaketaren gaineko aurkezpen dokumentua.

Euskaraz egiten den izaera honetako lehiaketa bakarra da eta aurten ere lehiaketan parte hartzera edo bere berri ematera animatu nahi zaituztegu! Informazio gehiago nahi izanez gero idatzi ataria@ueu.eus helbidera.

Etiketak: txiotesia