Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 3. edizioa azaroaren 22an ospatuko dugu: #txiotesia3

Dokumentuaren akzioak

"Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 3. edizioa azaroaren 22an ospatuko dugu: #txiotesia3

2016/11/02 - Unibertsitatea.net
#txiotesia3 lehiaketa 2013/2016 urte bitartean tesia aurkeztutakoei edo tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei dago zuzenduta eta sari bi banatuko dira: txiolari ulergarriena eta txiolari originalena

#txiotesia3 azaroaren 22an ospatuko da eta gainera, Unibertsitatea.net atariak 10 urte egiten dituen honetan, "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketarekin bat egin, eta sari banaketaren ekitaldi berezia egingo dugu.

Egitasmoarekin ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea lortu nahi dugu eta baita lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea. 2013/2016 urte bitartean tesia aurkeztutakoei edo tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei dago zuzenduta.

Lehiaketa twitter bidez egingo da azaroaren 22an eta parte hartzaileek lortu behar dutena da beraien tesia 6 txiotan azaltzea. Ikertzaileen txio kateak epaimahai batek baloratuko ditu eta sari bi banatuko dira: txiolari ulergarriena (500€) eta txiolari originalena (300€).

Lehiaketa 2013/2016 urte bitartean tesia aurkeztutakoei edo tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei dago zuzenduta. Hauxe da parte hartzeko kontuan hartu behar duzuna:

Nori zuzenduta:
  • Tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei.
  • 2013/2016 urte bitartean (biak barne) tesia aurkeztutako ikertzaileei.
  • Aurreko edizioetan parte hartu duten ikertzaileek berriz ere parte hartzeko aukera dute.
  • Irabazle izan direnek ezin dute parte hartu.
Helburua:
  • Ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.
Arauak:
  • Parte hartzeko Twitter kontua izan behar da.
  • Tesia 6 mezutan azaldu behar da eta beraz ez da kontuan hartuko 6 txio baino gutxiago edo gehiago erabili dituzten ikertzaileen parte hartzea.
  • Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Txioak euskaraz idatzi behar dira.
  • Azaroaren 22an (asteartea) goizeko 09.00-21.00ak bitartean idatzi behar dira txioak. Txioak aldi batean edo tarteka bideratu daitezke baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.
  • Txio bakoitza zenbatu egin behar da: 1, 2, ... mezuaren aurretik jarrita.
  • Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia3 traola.
  • Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da.
  • Azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du.
  • Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.
  • Testu osagarria edo dokumentu atxikiak ezin dira esteka bidez bideratu.
  • Aldiz, audioak, bideoak, irudiak edo bibliografia esteka bidez gehitu daitezke.
Txioen hautaketa:
  • Txiokatutako mezuak lehiaketa ondoren bistaratzeko gordeko dira Unibertsitatea.net atariko "Txiotesia" atalean.
  • Antolatzaileek gordetako parte hartzaileen txioak gainbegiratuko dituzte arauak bete dituzten edo ez ziurtatzeko.
  • Arauak bete dituzten txiolarien mezuak multzokatu egingo dira eta txiolarien izen-abizenak jakinarazi gabe helaraziko zaizkie epaimahaikideei.
  • Bi txiolari hautatuko dira:
    • Txiolari ulergarriena: 6 mezutan bere ikerketa lana modu borobilenean azaltzeko gai izan den txiolaria.
    • Txiolari originalena: 6 mezutan bere ikerketa lana modurik irudimentsuenean zabaldu duen txiolaria.

Sariak:

  • Txiolari ulergarriena: 500€
  • Txiolari originalena: 300€
  • Irabazle biei elkarrizketa egingo zaie Unibertsitatea.net atarian.

Epaimahaia:
Jakintza alor desberdinetako bost kidek osatuko dute:
  • Koldo Garcia (@koldotxu). Doktorea genetikan, ikertzailea UPV/EHUn, zientziazalea eta UEUkidea.
  • Amaia Portugal (@amaiaportugal). Kazetaritzan lizentziatua, Radio Vitoriako erredaktorea, eta Zientzia Kaierako kolaboratzailea.  
  • Blanca Urgell (@b_urgell). Euskal Filologian doktorea, ikertzailea eta irakaslea UPV/EHUn. Euskaltzain urgazlea.
  • Iñaki Larrea (@ilarrea). Hezkuntzan doktorea, ikertzailea eta irakaslea Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean.
  • Ana Galarraga (@AnaGalarraga1). Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua eta zientzia-komunikatzailea Elhuyarren

Sari banaketa ekitaldia:

  • Unibertsitatea.net atariaren 10. urteurrena ospatzeko ere baliatuko dugu.
  • Abenduaren 1 (osteguna): Sari banaketa ekitaldia ospatuko da Donostian.
  • "Txiolari ulergarriena" eta "Txiolari originalena" nortzuk diren jakinaraziko da bertan, baina lehiaketako parte hartzaile guztien bilgune izan nahi du ekitaldiak.
  • Mahai-inguru bat prestatu dugu zientzia eta ikerketaren dibulgazioari buruz.
  • Amaieran mokadutxo bat hartzeko aukera izango dugu.
  • Denak gonbidatuta zaudete ekitaldi honetara! hala ere, jakinarazi zuen asistentzia komunikazioa@ueu.eus helbidera edo @Uninet_ataria twitter kontura.

 

Astero-astero informazio gehiago helarazten joango gara: epaimahaia nor den, sari banaketa noiz izango den, nor izango den hizlari gonbidatua...

Euskaraz egiten den izaera honetako lehiaketa bakarra da eta aurten ere lehiaketan parte hartzera edo bere berri ematera animatu nahi zaituztegu! Informazio gehiago nahi izanez gero idatzi komunikazioa@ueu.eus helbidera.