Dokumentuaren akzioak
Tesiker, euskarazko doktorego-tesien gunea
Euskarazko doktorego-tesi guztiak gune batean biltzeko helburua du Tesiker proiektuak.
2007. urtean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak UEUren laguntzaz. Euskaraz aurkeztutako doktorego-tesi guztiak bildu eta eskuragarri jartzea da asmoa eta urriko datuen arabera 550 euskarazko tesi daude bertan.
Tesikerrek UEUk kudeatzen duen Inguma Euskal komunitate zientifikoaren datu-basean du abiapuntua. Gaur egun 763 tesi lan daude Inguman katalogatuta eta horietatik 550 eskuratu daitezke Tesikerren.
Giza eta Gizarte Zientzien arloko lanak dira batik bat (%55,56) nahiz eta azken urteetan zientzien adarretako tesien gorakada nabaritu. Tesi egileak direla eta, 2000. urtera arte tesi egileen gehiengoa gizonezkoa bazen ere, 2014. urtetik hona emakume gehiagok aurkezten dute tesia euskaraz.
Ane Sarasua Aranberri UEUko Idazkari Nagusiari egindako elkarrizketa irakurri hemen: "Euskarazko tesi guztiak, gune bakar batean, eta klik bakarrean eskura izatea da helburua".