Dokumentuaren akzioak
Tesiak 3 minututan: zientzia-zabalkunderako lehiaketa bitxia NUP-en
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzak bultzatu duen ekimen honetan "gizartearen zientzia kultura zabalago bati ekarpena egitea, zientziaren zabalkundea egiteko beharra ikertzaile gazteei txertatzea eta diziplinetako ikertzaileen arteko harremana sustatzea" bilatzen da.
Baina zertan datza parte hartzaileek egin beharreko froga? Ikertzaileak, bere ikerketaren edo ikasketen amaierako proiektuaren garapena, denbora mugatuko parte-hartze batean azalduko du. Aurkezpena hizkera errazean, ulergarrian eta espezializatua ez den jendeari iristeko modukoan garatu beharko du. Oinarriak hemen topa daitezke. Hiru minutuak gaindituz gero automatikoki baztertua izango denez, lehiatzaileak komunikazio zuzena, argia eta eraginkorra aurkeztu beharko du.
Lehen edizio honetan hiru modalitate ezarri dira: Doktoretza tesiak, Masterraren Amaierako Lanak eta Ikasketen Amaierako Proiektuak. Hiru sari emango dira: Doktoretza Tesi baten Komunikazio hoberenari, 1.000 euroko saria; Masterraren Amaierako Lanaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria; eta Ikasketen Amaierako Proiektuaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria.
Honezkero 41 lagunek izena eman dute, diziplina ezberdinetako lanak aurkeztu dituztelarik: ingeniaritzak, pedagogia, gizarte lana, zuzenbidea, filologia eta hizkuntzaren didaktika, soziologia, natura-ingurunearen zientziak eta osasun zientziak.
Jendaurreko azken saio irekira heldu baino lehen kanporaketa bi egingo dira, aurre-hautaketa hau Doktoretza eta Master Amaierako Lanen multzoetan emango delarik. Esan bezala, lehiaketaren finala azaroaren 15ean, 19:30ean egingo da Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako ekitaldi-aretoan.