Dokumentuaren akzioak
Teresa Esteban: "Parkinsona duten gaixoen % 80 inguruk dementzia izango duela aurreikusten da"
Teresa Esteban (Bilbo, 1990) Psikologia ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Orduan konturatu zen burmuinak liluratzen zuela eta karrera amaituta, neurozientzia master bat egitera joan zen Londresera (Goldsmiths University of London). Masterra amaitu eta gero, oraindik erantzun gabeko galdera gehiago zituenez doktoretza egiteari ekin zion (UPV/EHU) galdera horietako batzuk erantzuteko. BCBLko ikertzailea da.
Psikologian graduatua zara eta Parkinsona ikertzen diharduzu gaur egun.
Ikasten hasi nintzenetik sentitu dut jakin-nahiak bideratu nauela. Psikologia ikasteko grina nuen pertsonak nola funtzionatzen dugun ulertu nahi nuelako. Laster konturatu nintzen gure desirak eta gorrotoak, nortzuk garen... burmuinaren gauza dela. Zelulek euren artean mezu konplexuak bidaltzeko duten gaitasunak liluratzen ninduen eta oraindik liluratzen nau. Ekintza sinpleena lortzeko ere, burmuinak kalkulu pila bat egin behar izaten ditu.
Neurozientzian egindako masterra amaitu eta gero, BCBL Parkinsonaren inguruan ikertzeko pertsona baten bila zegoela entzun nuen. Nik oraindik ez nekien asko ikerketaren munduari buruz, eta ez nekien horretan sartu nahi nuen ala ez, baina banekien galdera askori erantzuna eman nahi niela eta gaixoekin lan egitea gogoko nuela. Bi urte baino gehiago daramatzat mundu honetan eta ezin naiz zoriontsuago izan. Egunero gauza berriak ikasten ditut, arazoak daudenean konpontzeko irrikitan egoten naiz, eta Parkinsonaren gaixotasunean garunean zer gertatzen den ikertzeko aukera dut.
Parkinsonak dardara eta mugimendu arazoez gain, zailtasun kognitiboak ere sortzen ditu.
Urteak joan ahala, guztiok aukera gehiago ditugu zailtasun kognitiboak jasateko. Parkinsona izateagatik, litekeena da zailtasun horiek handitzea. Bost arlo egon daitezke kaltetuta: memoria, arreta, hizkuntza, gaitasun bisuala eta espaziala, eta planak antolatzeko eta ekintzak inhibitzeko ahalmena.
Gaixotasuna ez da modu berdinean azaltzen Parkinsona duen pertsonetan. Kognizioarekin gauza bera gertatzen da. Gerta daiteke Parkinsona duen pertsona batek inolako zailtasun kognitiborik ez izatea, arlo bakar batean izatea, edota arlo batean baino gehiagotan izatea.
Dementzia eta Parkinsona gehienetan eskutik helduta doazela diozu.
Parkinsona gaixotasun sendaezina eta neurodegeneratiboa da. Horrek esan nahi du gaixotasunak burmuina kaltetzen jarraiko duela. Lehenbizi, mugimenduarekin zerikusia duten sintomak ikusiko ditugu, lehenengo hiltzen diren burmuin zelulek garrantzi handia dutelako gure mugimendua zuzentzen. Parkinsona burmuinaren eremu gehiago kaltetzen doan heinean, zailtasun kognitiboak agertzeko aukerak handitu egiten dira. Zailtasunak areagotu egin daitezke, pertsonak bere independentzia galdu arte. Hori gertatzen denean, dementziari buruz hitz egiten dugu. Parkinsonaren diagnostikoa jaso eta 20 urte beranduago, gaixoen %80 inguruk dementzia izango duela pentsatzen da.
Biak dira sendaezinak baina kaltetutako funtzioak trebatu daitezkeela diozu.
Funtzio kognitibo batean lan egiten duen burmuineko eremu bat kaltetzen denean, funtzio hori egiteko zailtasunak izango ditugu, eta behin kaltetuta, ezin dugu kalte hori ezabatu. Horregatik, gaur egun helburu nagusia burmuinak jasotzen duen kaltea gelditzea edo moteltzea da. Entrenamendu kognitiboak ezin du Parkinson gaixotasuna sendatu, beraz, entrenamenduarekin ezin dugu kaltea gelditu. Hala ere, entrenamendu kognitiboak bi gauza lor ditzazke: funtzioa beste modu batean egiteko estrategia berriak sortzea , edo, agian, kaltea moteltzeko lan hori egiten duen garuneko eremua lantzea.
Funtzio kognitibo guztiek ez dute modu berdinean jokatzen. Badakigu, batzuk trebatzeko gai garela, eta beste batzuekin (planak antolatzeko gaitasuna, adibidez) ez gaude ziur. Edonola, oraindik ez dago argi funtzio baten trebetasun berri hori garuneko beste eremu baten lanaren ondorioa den, edo jatorrizko eremuaren lanaren hobekuntzaren emaitza den.
Entrenamendu kognitiboak dementzia atzeratzen lagundu dezakela diozu, baina nola atzeman hasierako sintoma horiek?
Egoera kognitiboa continuum bat bezala ulertu behar dugu: zailtasun bakar bat ere ez izatetik gure burua zaintzeko gai ez izatera. Zailtasunak agertzen direnean (adibidez hitzak aurkitzeko arazoak, edo arreta mantentzeko gai ez izatea), begiratu behar dugu zailtasun horiek adin hortako pertsona batean espero diren edota espero duguna baino zailtasun gehiago dituen pertsona horrek.
Test neuropsikologikoen laguntzarekin egin dezakegu, baina askotan zaila da erantzun bakar bat ematea. izan ere, egoera kognitiboan eragin handia du gogo-aldarteak, beste faktore batzuen artean.
Egun BCBLn ari zara ikertzaile. Parkinsonaren gaiarekin jarrraitzen duzu, baina beste ikerlerro bati ekin diozu.
Orain, Parkinsona duen gaixo multzo zehatz batekin ari naiz lanean; bulkadak kontrolatzeko arazoak dituzten gaixoekin hain zuzen. Zailtasun hau ohikoa da Parkinsona duten gaixoen artean, eta normalean, medikazioa aldatuta desagertzen da. Zailtasun hauek dituzten gaixoen burmuina zertan ezberdintzen den aztertzen ari gara, zehazki, mugimendu bat gelditu behar dutenean. Proiektu honetan, nire doktoregoa gidatzen duten ikertzaileekin lanean nabil, bata aspektu kognitiboetan eta erresonantzia magnetikoetan da aditua, eta bestea Parkinsona aztertzen duen neurologoa da.
Zein erronka dituzu eskuartean epe laburrean?
Hurrengo hilabetetan nire lehen artikulu zientifikoa idazten arituko naiz. Zientziaren munduan gabiltzanok gure aurkikuntzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen saiatzen gara, beste ikertzaileek ikusi eta gure arloko ikerketak aurrera egin ahal izateko.
Txiotesian parte hartu zenuen, nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Nahiko zaila izan zen tesia txio batzutan azaltzea baina euskara izan zen niretzako erronka handiena. Euskara ikasten nabil eta ideia konplexuak azaltzea zaila egiten zait. Nire ustetan, oso garrantzitsua da zientzia euskaraz zabaltzea, normalean gazteleraz egiten den aktibitate bat baita, eta hori aldatzeko garaia da.