Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Silvia Caballero: "EAEko haur eta nerabeen gainpisu tasak oso kezkagarriak dira"

Dokumentuaren akzioak

Silvia Caballero: "EAEko haur eta nerabeen gainpisu tasak oso kezkagarriak dira"

2019/05/15 - Ikergazte2019
Silvia Caballero Sanchez erizainak maiatzaren 27tik 29ra Baionan egingo den Ikergazte kongresuan aurkeztuko du bere ikerketa lana.

"Multimedia ekintza sedentarioak eta Dieta Mediterraneoarekiko atxikiduraren arteko erlazioa Bilbo Handiko haur eta nerabeetan". Horixe da Silvia Caballero Sanchezek Baionako Ikergazte kongresuan aurkeztuko duen lana. Erizaintzan graduduna (UPV/EHU) da Caballero eta geriatrian espezializatua. Horretaz gain, Ikerketa Biomedikoan (UPV/EHU), Osasun Publikoan (UPV/EHU) zein Geriatria eta Gerontologian du masterra (Coruñako Unibertsitatea).

Zerk eraman zaitu ikerketa hau egitera?

Masterrak egin ostean, tesia egitea erabaki nuen. Geroago, haur eta nerabeen obesitatea eta gehiegizko pisua saihesteko Osasun Publikoko proiektu polit batean sartu nintzen. Gure helburuak bi ziren: batetik, haur eta nerabeen obesitatearekin lotutako faktoreak goiz detektatzea, eta bestetik, geroago obesitatea murrizteko ekintza eraginkorrak diseinatzea eta inplementatzea.

Gehiegizko pisua izugarri handitu dela diozue. Zeintzuk dira datuak? Zer dakar horrek?

Osasun Munduko Erakundearen esanetan, mundu osoan zehar obesitateari buruzko datuak oso kezkagarriak dira eta goraka doaz, helduetan zein haurretan. Izan ere, 2016 urtean, 5-19 urte bitarteko haur eta nerabeen %18ak obesitatea eta gehiegizko pisua zuten. Obesitatea, osasun arazo larria da, gaixotasun askorekin lotuta dagoelako; diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, lo-arazoak, besteak beste. Obesitatea eta gehiegizko pisua jarduera sedentarioekin eta dieta ez osasungarriarekin lotuta daudela uste da. Dakigunez, haurrek eta nerabeek denbora gehiegi pasatzen dute telebista, ordenagailu edo kontsolaren aurrean; eta ez hori bakarrik, dieta mediterranearra ere gero eta gutxiago jarraitzen dute. Ikerlariek diotenez, pisu arazoak goiz detektatzeko beharra dago, eta bizi-ohitura ez osasungarriak aldatzeko haurtzaroan egitea oso egokia da. Eta horretan datza gure lana...

Bilbo Handia aztertu duzue eta zein da egoera Bizkaian, desberdina al da? Eta EAEn?

Bilbo Handian (egoera sozioekonomiko desberdinetako ikastetxeetan) lagin adierazgarria hartu genuen eta horregatik Bizkaiko egoera berdina dela pentsatzen dugu. Bizkaian edo EAEn honen bezalako beste ikerketarik ez dagoela uste dugu.

Zuen kasuan batetik haur eta nerabeen multimedia jarduera sedentarioak aztertu dituzue eta bestetik mediterraneoko dietarekiko harremana; baina baita ohitura sedentarioek eta dietak euren artean duten harremana ere. Zein izan da metodologia?

Bai. Alde batetik, jarduera sedentarioak aztertu genituen; hau da, ikasleek galdeketaren bitartez esaten ziguten zenbat ordu pasatzen zuten telebista ikusten, eta ordenagailuan edo bideo kontsolan jokatzen. Eta denbora tarte hori, Akademia Pediatrikoaren gomendioekin konparatu genuen (egunean pantailen aurrean 2 ordu baino gutxiago gomendatzen dituzte). Gurasoek beste galdeketa bat bete behar zuten, datu sozioekonomiko eta kultural gehiago lortzeko. Haurrak neurtu eta pisatu genituen, Gorputz Masaren Indizea (GMI) lortuz. Bestetik, Mediterraneoko dietarekiko haur eta nerabeen atxikidura neurtu genuen, galdeketa erakoaren bitartez (Kidmed Indize). Galdeketa hau fidagarria da eta haurren Mediterraneoko dietarekiko atxikidura neurtzeko askotan erabiltzen da. Azkenik, jarduera sedentarioak eta Mediterraneoko dietaren arteko erlazioa ikertu genuen. Gure hipotesia pantailen aurrean gehiegizko denbora pasatzen zutenek, atxikidura okerragoa zutela zen. Eta bi adin tarteak (haurrak eta nerabeak) konparatu genituen.

Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?

EAEko haur eta nerabeen gainpisuaren tasak Espainiar Estatukoak baino baxuagoak badira ere, oso kezkagarriak dira. Haurtzarotik nerabezarora arte (bakarrik bi urtetan, 11-12 urtetik 14-15 urtetara arte) multimedia jarduera sedentarioetan emandako denbora asko handitzen da, eta aldi berean, Mediterraneoko dietarekiko atxikidura ere okerragoa da. Bi faktore hauen arteko erlazio estua ikusi ez arren, Mediterraneoko dietarekiko atxikidura ona duten haurrek bideo-joko eta ekintza sedentarioetan denbora gutxiago ematen dute. Badirudi Mediterraneoko dietarekiko atxikidura ona izatea eta multimedia gailuekin denbora gutxiago igarotzea, gehiegizko pisua saihesteko lagungarriak izan daitezkeela.

Zer gelditzen da ikertzeke?

Oraindik obesitatea eta gehiegizko pisua sustatzen dituzten beste faktore batzuk aztertzea falta da; hala nola, familia eta ikasleen ezaugarri kulturalak, sozialak edo pertsonalak. Batzuk aldagarriak dira, eta osasun sustatzaileok ezagutuz gero, desagerrarazten lagunduko dugu; haur osasuntsuen eta etorkizuneko helduen mesedetan.

Zergatik parte hartu Ikergazte kongresuan?

Tesiaren zuzendariak honi buruz hitz egin zidan, eta ikerkuntzan euskara sustatzeko aukera ona iruditu zitzaidan, besteak beste.

Zer da zuretzako Ikergaztea izatea?

Ikerketaren datuak euskaraz jakinarazteko aukera zoragarri da.