Dokumentuaren akzioak
Sareko euskarazko produktuen katalogoa kalean da
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) osatu, Euskaltelek babestu eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Alkarbideren laguntzaz kaleratu den katalogo honen helburua gazteei Interneten dauden euskarazko produktuei buruzko informazioa hurreratzea da. 77 erreferentzia topatu ahal dira katalogo honetan, eta atal nagusi bi ditu:
- Sarean Blai: bertan, euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, aldizkari elektronikoak eta beste hainbat guneri buruzko informazioa kaleratzen da.
- Ikusi eta Ikasi: atal hau hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa bideratzen da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, datu-baseak eta liburutegietako katalogoak.
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogokoak liburuxka formatua du eta CD batekin batera banatuko da. CD-an liburuxkako informazio guztia bilduta dago eta baita, web guneen sareko esteka zuzena, klikatu eta zuzenean sartzeko.
Euskaraz bizitzen laguntzeko asmoz egindako katalogoa Bizkaiko 15 udalerritan banatuko da. Alde batetik, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Berriz, Etxebarri, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo 7.000 gazteei bidaliko zaie katalogoa. Bestetik, Alonsotegi, Berango, Enkarterriko Udalen Mankomunitatea, Erandio, Getxo, Gordexola, Urduña eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bideratuko dituzte beste 8.800 ale. Guztira, katalogo honen 18.000 ale banatuko dira.