Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Sarai Pouso: "Nerbioi estuarioak ematen dizkigun onura ez-materialak ikertu ditut tesian"

Dokumentuaren akzioak

Sarai Pouso: "Nerbioi estuarioak ematen dizkigun onura ez-materialak ikertu ditut tesian"

2020/01/15 - Unibertsitatea.net
Nerbio estuarioaren kasua ikertu du doktorego tesian. Orain, kosta Atlantiko guztia ikertzeko aukera izango du eskuratu berri duen postdoc beka bati esker.

Sarai Pouso 34 urteko sopeloztarra da. Ingurugiro zientzietan lizentziatua da (UPV/EHU) eta Berreskurapen Ekologikoko masterra egin zuen Alcalá de Henares-eko Unibertsitatean. Atzerrian hainbat esperientzia profesional izan eta gero, 2015ean Euskal Herrira itzuli zen AZTI ikerketa zentroan doktorego tesia egiteko.

Gizakiok ingurugiroarekin dugun erlazio konplexua aztertzen du eta erlazio horretatik gizakiok lortzen ditugun onura ez-materialak dira gehien interesatzen zaizkionak: adibidez, naturan bizi ditugun aisialdi esperientziek gure osasun fisiko eta psikologikoan duten eragin positiboa.

Nerbioi estuarioa duzu aztergai. Zehazki, bertako baldintza ekologikoak aldatzeak zerbitzu ekosistemikoetan eraginik duen.

Zerbitzu ekosistemikoak gizakien ongizatea ahalbidetzen duten ezaugarri eta prozesu ekologikoak dira, eta hiru taldetan sailkatzen dira. Batetik hornidura zerbitzuak daude. Hemen kokatzen dira naturatik lortzen ditugun elikagaiak, materialak, etab. Zerbitzu hauen adibide dira elikagai moduan erabiltzen ditugun arrainak edo gure eraikinak egiteko erabiltzen dugun egurra. Erregulazio eta euskarri zerbitzuak daude bIgarrenik, ekosistemetan gertatzen diren prozesuetatik lortzen ditugun onurak. Adibidez, gure hiri eta eraikinak itsasoak daukan indar suntsikorretik babesten dituzten itsasertzeko dunak eta manglarrak. Azkenik, zerbitzu kulturalak daude. Talde honetan naturatik lortzen ditugun onura ez-materialak aurkitu ditzakegu. Honen adibide dira naturak eskaintzen dizkigun aisialdiko esperientziak (itsasoan praktikatzen ditugun kirolak, mendi txangoak…), ikerkuntzarako eta hezkuntzarako aukerak edota inspiraziorako aukerak.

Nire tesian Nerbioi estuarioko zerbitzu kulturalak ikertu ditut, eta zehazki, aisialdiko bi esperientzia: kirol arrantza eta hondartzen aisi erabilera. Aktibitate hauek uraren kalitate minimo bat behar dute praktikatu ahal izateko eta estuario honetan azken 30 urteetan gertatu diren aldaketa ekologikoaren ondorioz, aisialdirako aukerak ere aldatu diren aztertzea interesgarria iruditu zitzaidan.

Azken 25 urteetan eman den bilakaera aztertzen ari zara.

Bai, estuario honetan uraren kalitatea eta ondorioz, baldintza ekologikoak asko aldatu dira azken hamarkadetan. XIX. mendeko erdialdetik, Nerbioi estuarioko bi ertzetan gertatutako industrializazioak, urbanizazioak eta portu garapenak estuarioaren morfologian aldaketa sakonak eragin zituen. Honek, egoera ekologikoaren degradazioa ekarri zuen. Hiri eta industrietako hondakinen zuzeneko isurketek, estuarioaren sedimentu eta ur zutabeko sustantzia kutsatzaileen akumulazioa eta oxigenoaren murrizketa ekarri zuen. Honek, komunitate biologikoen degradazio orokorra eragin zuen. XX. mendeko bigarren erdialdean, Europako estuario kutsatuenen artean zegoen Nerbioi estuarioa.

Nerbioi ibaiaren berreskuratze prozesua graduala izan zen eta hiru mugarri nagusi bereiz daitezke: 1990ean Galindoko Hondakin Uren Araztegian (HUA) tratamendu fisikoa martxan jartzea; 1996an “Altos Hornos de Vizcaya” burdingintza-industria kutsakorraren itxiera; eta 2001ean, HUA-ren hobekuntza tratamendu biologikoa gehitzea.

1989tik estuarioaren hainbat baldintza fisiko-kimiko eta elementu biologiko monitorizatuak izan dira. Datu hauen arabera, egoera ekologikoa pixkanaka hobetuz joan da ur zutabean. Aldaketa hauen ondorioz, zerbitzu ekosistemiko kulturalak aldatu diren aztertu dut nire tesian. Aldaketa hauek ikuspuntu ezberdinetatik aztertu ditut: ekologikoa, soziala eta ekonomikoa.

Uraren kalitatea hobetu egin da eta honek besteak beste Nerbioi estuarioko hondartzetara jendea hurreratzea ekarri du.

Bai, hala da. Estuarioan hiru hondartza daude gaur egun, hirurak Getxon: Areeta, Ereaga eta Arrigunaga. Ez dakigu zehazki zenbat pertsona hurreratzen ziren orain dela 25 urte hondartza hauetara, bisitarien kopurua askoz beranduago monitorizatzen hasi baitzen.

Beraz, hondartza hauen erabilera nola aldatu den jakiteko, gaur egun hondartza hauek bisitatzen dituzten pertsonen jokaera eta iritziak bildu eta aztertu ditut, inkestak erabilliz. Ikerketa honen ondorio nagusia hau da: jendearen jokaera aldatu egin da uraren kalitatea hobetu ahala, gero eta jende gehiago hurbildu da hondartzetara. Gehienek uraren kalitatea asko hobetu dela uste dute, eta gaur egun, egoera egokia dela uste dute. Horren ondorioz, bisitari gehienak uretan bainatzen dira.

Bisita hauek ekonomikoki baloratu ditut, eta kalkuluen arabera, hondartza hauen urteroko aisi-erabilera 3,5 milioi eurotan baloratu daiteke.

Uraren kalitatea hobetzeak kirol arrantza estuario guztira hedatzea ere ekarri du.

Bai, honetan ere datu ofizialen faltan, inkesten bitartez bildu ditut arrantzaleen jokaera eta iritziak. Kirol-arrantzaleek estuarioan dituzten ohiturak, uraren kalitatearen ondorioz aldatu diren aztertu nahi izan dut. Horretarako, estuarioa 5 zatitan banatu nuen, eta arrantzale bakoitzari galdetu nion ea zein lekutan praktikatzen zuen kirol arrantza, hilero zenbatetan bisitatzen zuen leku bakoitza, zein zen bere lekurik gogokoena, etab.

Inkesten emaitzen arabera, arrantzale gehienek estuarioaren kanpoko partea (Abra ingurua Bizkaiko zubira arte) nahiago dute arrantzatzeko. Gehienak, alde honetan hasi ziren arrantza praktikatzen baina azken urteetan arrantzale kopuru handi bat "barrurago" mugitzen hasi da. Gero eta arrantzale gehiago aurkitu daitezke Sestaon, Barakaldon, Astrabuduan... Jokaera aldaketa hau uraren kalitatearen hobekuntzagatik gertatu dela frogatu dut nire tesian.

Gainera, inkestetan bildutako informazioarekin, estuarioaren urteroko kirol arrantzaren erabilera 1,12 milioi eurotan estimatu dut.

Beraz baldintza ekologikoak hobetzeko egindako inbertsioek izan dute bere eragina.

1979an, bertako agintariek estuarioaren egoera estetikoa, sanitarioa eta ekologikoa berreskuratzea helburutzat zuen Saneamendu Plana onartu zuten. Bertan, uraren kalitatearen estandarra %60ko oxigeno saturazioan finkatu zen.

Galindoko Hondakin Uren Araztegia izan da Saneamendu Plan honen inbertsio garrantzitsuena (660 milioi eurotik gora 1989-2017 bitartean). Inbertsio garrantzitsuena ez ezik, uraren kalitatearen hobekuntzaren arrazoi nagusiena ere izan da Galindo.

Euskal Herriko gizarte eta ekonomian gertatutako aldaketek ere eragina izan dute estuarioaren baldintzen hobekuntzan. 80. hamarkadan gertatutako industria-krisiak estuarioaren inguruan zeuden industria kutsakor gehienen itxiera eragin zuen. Ekonomiaren birmoldaketa honek, ondorio positiboak izan ditu estuarioaren baldintza ekologikoetan, sustantzia kutsakorren isuria asko murriztu baitzen.

Gaur egungo oxigeno baldintzak, 1979ean finkatutako estandarra (%60) baino hobeagoa da urtean zehar.

Aztin egin duzu ikerketa.

AZTI-Pasaian egin nuen tesia, 2015-2019 bitartean eta 2019ko martxoan defendatu nuen tesia, UPV/EHUn, Leioan.

Nire tesian diziplinarteko ikuspuntua jarraitu dut, eta beraz, eguneroko lana asko aldatu da lau urteetan zehar. Azterketa ekologikoa eta soziala Aztin landu dut eta azterketa ekonomikoa egiteko, East Anglia-ko Unibertsitatera (UEA) joan nintzen hiru hilabetez.

Tesiaren hasieran, estuarioa bisitatu behar izan nuen inkestak egiteko. Datu fisiko-kimiko eta biologikoak, URAk eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak mantentzen dituzten monitorizazio programetatik eskuratu nituen. Iturri ezberdinak kontsultatu behar izan nituen bestelako datuak lortzeko: Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurugiro Saila, Bilboko Portua, hainbat kirol-arrantza elkarte, etab.

Tesia defendatu nuenetik, kontsultore moduan lan egin dut Europako MOSES proiektuan, itsasoko zerbitzu ekosistemikoak ikuspuntu ekonomikotik ikertuz. Urtarrilaren amaieran postdok bat hasiko dut Eusko Jaurlaritzako POSTDOK programaren laguntzarekin. Noruegako NMBU Unibertsitatean, Exetergo Unibertsitatean eta AZTIn lan egingo dut eta oraingoan, Europako Atlantiko kosta osoa izango dut aztergai. Proiektu berri honetan, diziplinarteko ikuspuntua jarraituko dut gizakiok kostaldeko ekosistemetatik jasotzen ditugun onura ez-materialak (edo zerbitzu kulturalak) aztertzeko. Onura hauek gure osasun fisiko eta psikologikoan duten eragina aztertu nahi dut, besteak beste, sare sozialen bitartez (Twitter, Instagram…) partekatzen dugun informazioa erabiliz.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Erronka handia da 4 urtez egindako lana era ulerkor batean 6 txiotan laburtzea! Niretzat oso esperientzia polita izan zen. Doktoregai eta doktore euskaldunok gure lana ezagutarazteko tresna polita eta originala dela uste dut. Gainera, diziplina oso ezberdinetan lan egiten duten ikertzaileen lanak ezagutzeko aukera ederra izan zen niretzat.

txiotesia,elkarrizketa