Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Rosa Mindegia: "Emozioak gu garenaren eta kanpora erakusten dugunaren zati handia dira, eta hauek lan-arloan aztertzea ezinbestekoa da"

Dokumentuaren akzioak

Rosa Mindegia: "Emozioak gu garenaren eta kanpora erakusten dugunaren zati handia dira, eta hauek lan-arloan aztertzea ezinbestekoa da"

2022/10/27 - Unibertsitatea.net
Rosa Mindegia Petrirena (Elizondo, 1993), ikertzailea da UPV/EHUko Psikologia Fakultatean eta Herbehereetako Tilburg Unibertsitateko Giza Baliabideen ikerketen departamentuan. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan gradua (2015) ikasi ondoren Erakundeen Psikologia eta Eskuhartze Psikosoziala masterra (2016) egin zuen. 2021eko maiatzean defendatu zuen bere tesia "Putting emotions in motion: The importance of team emotional intelligence and discrete emotions for understanding the relationship between managers and employees". Bertan, emozioek eta lidergotza estiloak langileen ongizatean duten efektua aztertu zuen.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketak egin eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua ikasi nuen, eta graduan nengoela, "Pertsonak eta berrikuntza" izeneko espezializazioa edo minorra egin nuen. Graduatu ondoren, masterra bilatzen hasi nintzen eta hoberena psikologian egitea izango zela erabaki nuen, nire burua espezializatu eta besteengandik ezberdintzeko helburuekin. Masterrean nengoela, ikerketa munduan hasi nintzen Sabino Ayestaran zenarekin, berak sartu zidan ikerketaren grina. Azkenean tesia egitea erabaki nuen, eta hau Aitor Aritzetarekin egin nuen. Tesiaren prozesua ez da erraza, baina gidari ezin hobea izan nuen.

Erakunde bateko zuzendaritza-taldearen eta langileen arteko harremanean emozioek duten garrantzia ikertu duzu tesian.

Hori da. Hasiera-hasieran emozioek, adimen emozionalak eta lidergoak ongizatearekin zuten harremana zein zen aztertu nahi izan genuen. Azken batean, emozioak gu garenaren eta kanpora erakusten dugunaren zati handi bat dira, eta hauek lan-arloan aztertzea, beraz, ezinbestekoa da. Tesia eta ikerketa aurrera joan ahala, adimen emozionalak eta emozioek liderraren eta langilearen arteko erlazioan eragin handia zutela ikusten joan ginen, eta hortik jarraitu genuen.

Tesia, Bateratzen izeneko ikerketa taldean egin nuen. Ikerketa talde hau EAEn dauden lau unibertsitatek eta beste erakunde batzuetako taldeek osatzen dute. Talde honen koordinazioa Mondragon Unibertsitatetik egiten da, eta enpresekin genuen harremana bertatik koordinatu zen.

Gaia garrantzia hartzen ari den arren, oraindik ere gutxi ikertu da honen gainean.

Bai, erakundeen eta lanaren testuinguruak intentsitate handiko emozio asko eragiten ditu, pasio eta zoriontasunetik, beldur eta tristurara. Hau dela eta, lanean pertsonek duten portaera ulertzeak emozioak ulertzea ekartzen du, ezinbestean. Nahiz eta garrantzi handiko gaia izan, emozioek lanean daukaten efektua zein den ulertzea oso konplexua da. Hauek maila askotan eragiten dute (bai norbanakoan baita talde mailan ere) eta horregatik da beharrezkoa ikerketa gehiago egitea.

Batzuetan zuzendariek duten portaeren eta langileek hautematen dutenaren artean desberdintasun handiak egoten dira, eta honetan eragiten duten aldagaiak zeintzuk diren jakin nahi izan duzu.

Ikusi dugu askotan liderrak bere buruaz pentsatzen duena (duen portaera eta langileekin duen erlazioa) eta langileak hautematen duena, ez datozela bat. Egoera honetan, erdibidean eragin dezaketen aldagaiek nola eragiten zuten jakin nahi izan genuen, hau ulertuta bi ikuspegien arteko aldea ahalik eta gehien txikitzea baita azken helburua.

Kolektibo desberdinen ikuspuntua jasotzeko, galdeketa egin zenuen.

Alde batetik, erakundeetako zuzendari taldeak aztertu genituen: hauen lidergo-estiloa eta talderaren adimen emozionala. Bestetik, enpresa horietako langileak: hauek hautemandako lidergoa, emozioak eta ongizatea. Osotara 10.000 parte-hartzaile baino gehiago dituen datu basea sortu zen. Neurketak egiteko, aldez aurretik beste ikerketetan balioztatutako eskalak erabili ziren. Talde-adimen emozionalaren kasuan, aldiz, guk geuk balioztatu genuen eskala, T-TMMS (Team Trait meta-Mood Scale, Aritzeta et. Al. 2021) izendatu genuena.

Zer erakutsi zuten emaitzek?

Emaitza nagusia, lidergo taldearen adimen emozionalak duen garrantzia nabarmentzea izan da. Izan ere, adimen emozional altuko lider taldeek badirudi hobe "irakurtzen" dutela beraien jarraitzaileek behar dutena, eta hauei hobe erantzuteko gai dira. Horrez gain, lan giro positiboagoa sortzen dute langileentzat, eta beraien ongizatea hobetzeko gai dira.

Emozioak kudeatzeko trebetasunak emaitza onak ematen ditu. Nola landu, beraz, erakunde bateko adimen emozional kolektiboa?

Adimen emozional kolektiboaz hitz egiten dugunean, talde batek emozioak artatu, taldean dagoen emozioa zein den argi izan eta adaptatiboak ez diren emozio horiek erregulatzeko gaitasunaz hitz egiten dugu. Adimen emozional hau, idatzita ez dauden arau informalez konposatuta dago, talde-kulturaz. Hau lantzea posible da, bai indibidualki eta bai kolektiboki ere, eta taldean emozionalki adimentsuak diren arauak sortzean datza.

2021eko maiatzean defendatu zenuen tesia. Nola joan zen?

Tesiaren defentsa oso ondo joan zen. Nazioarteko doktoregoa egin nuen eta tesia, ingelesez eta gaztelaniaz defendatu nuen. Egia esan motz egin zitzaidan, baina alaitasunez gogoratzen dut eguna. Tesiaren prozesuan dauden gora-behera eta momentu gogorren ondoren, egun polita izaten da tesia defendatzen duzun eguna.

Herbehereetan zaude, egonaldia egiten. Nolako esperientzia izaten ari da?

Bai, gaur egun Margarita Salas laguntza europarrarekin kontratatuta nago eta laguntza honek, urtebete kanpoko unibertsitate batean egoteko aukera (eta obligazioa) dakar. Tilburg Unibertsitateko Giza Baliabideen ikerketa departamentuan nago. Departamendu hau oso ezaguna da nire lan eremuan eta bertan nire tesian planteatutako etorkizuneko proposamenak aurrera ateratzeko lanean nabil, besteak beste. Egonaldi hau talde honetan egitea aukera paregabea da, dudarik gabe.

Hala ere, azpimarratu nahiko nuke, gaur egun ikerketan ari garen pertsona gazteon lan-baldintzak ez direla izan beharko liratekeenak, eta honek nahi baino buruhauste gehiago ekartzen dituela, are gehiago kanpoko herrialde batean bazaude. Nire egoeran gauden pertsona guztiok lan-baldintza duinagoak merezi ditugula uste dut.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Txiotesian parte hartzea oso polita izan zen. Egia esan, lehiaketa oso originala iruditu zitzaidan hasieratik. Badu bere zailtasuna tesi oso bat hain motz azaltzeak. Hala ere, oso lagungarria izan zen ahalegin hori egitea, azken finean tesian dugun errutina eta konplexutasunaren barruan sinplifikazio lana egiteak errealitatera bueltan ekartzen zaitu.


txiotesia,elkarrizketa