Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Rakel Gamito Gomez: “Ikertzaile euskaldunen taldea handia da, baina taldea komunitate bilakatu behar da”

Dokumentuaren akzioak

Rakel Gamito Gomez: “Ikertzaile euskaldunen taldea handia da, baina taldea komunitate bilakatu behar da”

2018/05/07 - Unibertsitatea.net
Rakel Gamito Gomez, UPV/EHUko doktoratu aurreko ikertzailea eta irakaslea da eta Artizarra adituen sare sozialean eman du izena.

Rakel Gamito Gomez (Arrasate, 198) UPV/EHUko doktoratu aurreko ikertzailea eta irakaslea da. Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean lan egiten du, Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean. IkHezi (Ikerketa Hezitzailea) ikerketa-taldeko partaide da eta bere ikerketa-lerroa hezkuntzan eta gaitasun digitalean oinarritzen da. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Pedagogia saileko burua da. Berak ere Artizarra aditu euskaldunen sare sozialen eman du izena.

Zer iruditzen zaizu horrelako proiektu bat martxan jartzea?

Zoragarria da! Ikertzaile euskaldunen taldea handia da, baina taldea komunitate bilakatu behar da. Ezagutza zientifikoa garatzeko, ezinbestekoak dira jakintza-arloetako adituen arteko harremana, komunikazioa eta elkarlana. Artizarrak hori guztia modu global eta, era berean, hurbil batean egiteko aukera eskaintzen digu; on-line eta euskaraz.

Eta azken ezaugarritxo hori da, nire ustez, Artizarraren distira. Egun badaude zenbait sare sozial profesional eta zientifiko, baina Artizarra da euskaraz eta euskal komunitatearentzat sortu den bakarra.

Zertarako erabiliko duzu zuk?

Nire arloko zein beste jakintzagaietako adituak ezagutzeko eta euren lanen berri izateko. Ingumarekin batera, euskal komunitate zientifikoaren erakusleihoa izango da Artizarra eta, ondorioz, ezagutza eskuratzeko baliabide bikaina.

Era berean, elkarlana bideratzeko tresna izango da. Jakintza-arloek egungo behar eta galderei erantzuteko foroak izango dituzte eta bertan parte-hartzea interesgarria eta oso aberasgarria izango da, adituen harreman-sare aktiboak sortzeko eta indartzeko.

Gomendatuko zenioke jendeari bertan egotea?

Bai, noski! Euskaraz elkarlanean aritzeko aukera paregabea da! Gainera, komunitatean informazioa partekatzeko, elkarrekin hausnartzeko eta ezagutza berria garatzeko funtsezkoa da aditu eta profesionalak Artizarraren orbitan egotea. Beraz, izena eman eta sarean parte hartu