Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Plentziako Itsas Estazioa Artikoko petrolio isuriei aurre egiteko lanean

Dokumentuaren akzioak

Plentziako Itsas Estazioa Artikoko petrolio isuriei aurre egiteko lanean

2016/02/24 - Unibertsitatea.net
Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikerketa talde ariko dira buru-belarri beste bederatzi herrialdetako 13 ikerketa erakunderekin batera.
Plentziako Itsas Estazioa Artikoko petrolio isuriei aurre egiteko lanean

ARGAZKIA: Patrick Kelley - CC BY 2.0

Plentziako Itsas Estazioa Artikoan gerta litezkeen petrolio isuriei aurre egiteko metodoak garatzeko nazioarteko ikerketa proiektu batean ari da lanean; hain zuzen, herrialde eskandinaviarretako zein Artiko inguruko zenbait erakunderekin batera, eta SYKE Finlandiako Ingurumen Institutuaren koordinaziopean.

Bertan, UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian eta Ingurumen arloko Kimika Analitikoa ikerketa taldeek egingo dute azterketa. Zehazki, honakoak behatuko dituzte: ea eskualde artiko eta azpiartikoetako petrolio isuriei aurre egiteko metodoak eraginkorrak diren; halaber, horiek muskuiluetan, krustazeoetan eta bertako arrainetan nolako ingurumen eraginak dituzten ere. Era berean, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordeak jakinarazi duenez, "Artikoko eta Baltikoko itsas eremuetako petrolio isuriei aurre egiteko mugaz haraindiko lankidetzan diharduten nazioarteko erakundeek eskura izango dituzte proiektuaren emaitzak".

Orotara, Europako bederatzi herrialdetako 13 ikerketa erakundek bat egin dute proiektu honetan; eta, Europar Batasunak, 5,3 milioi euro eman ditu, besteak beste, hiru urte eta erdian isuriei aurre egiteko metodoak garatzeko eta metodo horiek ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko.

Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Plentziako sendategi zaharrean dago kokatua, eta itsas ingurunearen osasuna zein horrek giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Hain zuzen, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsas baliabide biologikoekin lotutako ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu. Bi master ematen dira Itsas Estazioan: European MSc in Marine Environment & Resources (MER), UPV/EHUren eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateen eskutik, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra, horiei dagozkien doktorego programekin batera. Hogei bat zientzialarik eta hogeita hamar bat doktoregaik lan egiten dute zentroan.