Dokumentuaren akzioak
Pirinioetako floraren haziak kontserbatzeko lanak egin ditu udan Aranzadi Zientzia Elkarteak
Aranzadiko Zientzia Elkarteko Botanika Sailak interes berezia duten Pirinioetako landare espezieen haziak bildu ditu udan. Lan hau, Millenium Seed Bank, Jacako IPE-CSIC, Xixongo Lorategi Botaniko Atlantikoa eta Gasteizko Olarizu Lorategi Botanikoarekin elkarlanean egin ditu.
Aurten, 80 espezie ingururen haziak bildu dituzte Nafarroako eta Aragoiko Pirinioetan eta lan hauek Aranzadik Millenium Seed Bank erakundearekin sinaturiko akordioaren baitan kokatzen dira. Erakunde honek Cantabropyrenaicae proiektua du abian eta helburua da mendebaldeko Pirinioetako floraren (endemikoak, mehatxatuak, arraroak, egituratzaileak…) haziak “ex situ” hazi bankuetan kontserbatzea.
Pirinioek Europako landare dibertsitate handienetarikoa gordetzen dute (4000-4500 espezie) eta jakina da aldaketa klimatikoaren eraginak bereziki kaltegarriak izango direla goi mendiko landareetan.