Dokumentuaren akzioak
Passion for Knowledge jaialdiak hamar Nobel saridun bilduko ditu Donostian
Hasiera ekitaldia hilaren 27an egingo dute, Kursaalean. Han, hitzaldi
bana egingo dute Robert Langerrek, Ikerketa Zientifikoko Asturiasko
Printzea saria irabazitakoak, eta Aaron Ciechanover Kimikako Nobel
saridunak. Langer biomaterial berritzaileez ariko da, eta Ciechanover,
botiken garapenaz.
Goizez, Kursaalean zientzialarientzako lau tailer egingo
dituzte. Bertan, azken urteetan DIPCk izandako lan ildoen inguruko
hausnarketa egingo dute. Arratsaldeko egitaraua, berriz, irekia izango
da. Bertaratzen direnek Jean Marie Lehn, Dudley Hershbach, Richard
Ernst, Roald Hofffmann, Theododor Hansch, Frank Wilczek, Claude
Cohen-Tannoudji, Ada Yonath eta Heinrich Rohrer Nobel saridunen
hitzaldiak entzun ahal izango dituzte. Horrekin batera, Bernardo Atxaga
idazleak eta Luis de Pablo musikariak, adibidez, zientziaz eta ezagutzaz
duten ikuspegia azalduko dute. Hitzaldiek 45 minutu iraungo dute, eta
sarrera doan da. Dena den, ezinbestekoa da izena ematea. Bertaratu ezin
direnek www.dipc.tv webgunearen bidez entzun ahal izango dituzte hitzaldiak. Twitter eta Facebook bidez ere emango dute jaialdiaren berri.
Ikasleen eta irakasleen artean zientziaren ezagutza zabaltzeko
asmoz ere, bi topaketa antolatu dituzte. Hilaren 28an Derrigorrezko
Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko hainbat ikaslek Roald Hoffmann eta
Frank Wilczek Nobel saridunekin hitz egin ahal izango dute. Leku
guztiak beteta daude jada. Hurrengo egunean irakasleen txanda izango da.
Haiek Claude Cohen Tannoudji, Dudley Herschbach eta Heirnich Roherrekin
izango dute solasaldia. www.dipc10.eu webgunean eman dezakete izena irakasleek. Topaketak Zientziaren Kutxagunean izango dira.
Aquariumean, Itsasoagatik Jakin-mina zikloa egingo
dute. Charles A. Farwell, Fernando de la Gandara eta Silvya Earl
ozeanografiako adituek hartuko dute parte bertan. Gaiari lotutako bi
dokumental ere emango dituzte.
Aquariumean bertan eta Bretxan zientziari buruzko arte eta
argazkilaritza erakusketa bana egongo da ikusgai. Jaialdia amaitzeko,
urriaren 1ean eta 2an Europako Fisika Modernoko Elkartearen topaketak
izango dira.
Informazio guztia HEMEN.