Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Oxel Azkarate: "Pertsona Kooperatiboaz ari garenean ikasleen edo pertsonen izateari buruz ari gara, besteekin elkarkidetzan jardun eta harreman positiboak eraikitzeari buruz"

Dokumentuaren akzioak

Oxel Azkarate: "Pertsona Kooperatiboaz ari garenean ikasleen edo pertsonen izateari buruz ari gara, besteekin elkarkidetzan jardun eta harreman positiboak eraikitzeari buruz"

2021/09/09 - Unibertsitatea.net
Oxel Azkarate: "Pertsona Kooperatiboaz ari garenean ikasleen edo pertsonen izateari buruz ari gara, besteekin elkarkidetzan jardun eta harreman positiboak eraikitzeari buruz"

Argazkia: Xabi Igoa, Mondragon Unibertsitatea

Oxel Azkarate Iturbe (Arrasate, 1982) irakasle ikasketetan graduatua da, eta Berrikuntza didaktiko-metodologikoko proiektuen garapena eta kudeaketa hezkuntza erakundeetan masterra egina du. 2021eko martxoan defendatu berri du doktorego tesia Mondragon Unibertsitateko (MU) Berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntzan doktorego programan. Egun, MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakasle-ikertzailea da Berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntza inklusiboan ikerketa lerroan.

Lehen Hezkuntzan graduatu zinen eta ikerkuntzaren munduan murgildu zinen gero.

Horrela da, bai. Urte batzuetan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapatan irakasle moduan egin nuen lan. Baina ikerketan jarduteko gogoa eta motibazioa eduki dut masterra ikerketa ibilbidean egin nuenetik. Horrela, 2016. urtean, unibertsitatera eta ikerketara pausua emateko aukera izan nuen momentuan aprobetxatzen ahalegindu nintzen.

Irakasle bezala interesgarria iruditzen zitzaidan ikasgelako ikaste-irakaste prozesuak hobetzeko, hauetan sakontzeko, berritzeko, didaktiken eta metodologien ezagutza zabalago bat edukitzea. Era berean, garrantzitsua iruditzen zitzaidan hezkuntzak jendartean jokatzen duen funtzioaz edota eraldaketa prozesuetan duen garrantziaz hausnartzea eta aztertzea. Motibazio horietan oinarrituta-edo, pentsatzen nuen ikerketak gai horien ulermenean sakontzeko, ikasteko, aukera emango zidala, eta halaxe dela uste dut. Esango nuke ikerketak, batetik, perspektiba zabalagoak ezagutzen eta kontuan hartzen laguntzen duela; eta, bestetik, metodo konkretuen bidez, zehaztasun maila batez, gertaeren oinarriak aztertzeko eta sakontzeko aukera ematen duela. Gustuko dut hori.

Tesian, Pertsona Kooperatiboen profila ikasle gazteetan neurtzeko tresna sortzen eta balioztatzen aritu zara. Zertaz ari zara baina Pertsona Kooperatiboa diozunean?

Ikerketa honetan eraiki dugun definizioan oinarrituta, eta modu labur batean esanda, Pertsona Kooperatiboa izango litzateke gizakia eta jendartea kontuan hartzen dituzten balio eta jarrera indibidualak, kooperatiboak eta komunitarioak dituena; burujabea, elkar-kidetzan diharduena eta ekintzaile sozio-komunitarioa: elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako eraldaketa sozialaren alde pentsatzen duena eta egiten duena.

Ikasle gazteen kooperatibotasuna sustatzeari garrantzia eman beharko litzaioke?

Gure ustez bai, ikasle gazteen kooperatibotasunari, baina pertsona integral, global edo oso baten ikuspegi batetik ulertuta. Pertsona Kooperatiboaz ari garenean ikasleen edo pertsonen izateari buruz ari gara, besteekin elkarkidetzan jardun eta harreman positiboak eraikitzeari buruz, eta komunitatea pentsatzeko eta bertan jokatzeko modu bati buruz. Balio, jarrera eta konpetentzia batzuei buruz. Uste dugu Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balioak, jarrerak eta konpetentziak garrantzitsuak izan daitezkeela gazteen garapen pertsonalerako eta profesionalerako, bizitzarako. Esate baterako: norbera izaten ikasteko, ikasten ikasteko, besteekin kooperazioan harreman positiboak eraikitzeko eta elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako mundu ikuskera eraldatzaile baten alde pentsatzeko eta egiteko. Eta, era berean, komunitatearen garapen humano eta jasangarri baterako. Izan ere, XXI. mendeko testuinguruan identifikatzen diren askotariko krisiek mahai gainean pausatu dute egun pertsonek eta jendarteak, oro har, dituen erronka konplexuak (klima aldaketa, kolapso ekologikoa, automatizazioa, digitalizazioa, desberdintasun ekonomiko eta sozialen areagotzea…). Horiek guztiek eskatzen dute norbanako, erakunde eta komunitate desberdinen artean lankidetzan oinarritutako eraldaketa edota berrikuntza soziala, eta, horretarako, ahots desberdinek aipatzen dute humanoagoak edota demokratikoagoak diren balioen eta jarreren beharra. Bide horretan, uste dugu lagungarria izan daitekeela Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balioak, jarrerak nahiz konpetentziak balioan jartzea eta hauek garatzeko hezkuntza estrategiak ahalbidetzea. Kasu honetan, ikasle gazteetan zentratu gara, baina aldi berean, hezkuntza planteamendua bizitza osoko eta komunitate guztiarentzako ikuspegiarekin egitearen garrantzia azpimarratzen ahalegindu gara.

Zergatik da garrantzitsua Pertsona Kooperatiboen profila neurtzea?

Hezkuntza begirada batetik, garrantzitsua da zentroetan egiten diren eskaintzek edota esku-hartzeek ikasleen garapenean sortzen dituzten eraginen ezagutza edukitzea, eta, horretarako, datuak jaso eta aztertzea: neurtzea. Kasu honetan, neurketa aipatzen dugunean, ikasleen auto-pertzepzioa tresna psikometrikoen bidez jasotzeaz ari gara. Alegia, ikasle gazteek Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren aldagaietan daukaten auto-pertzepzioa jasotzeaz eta aztertzeaz. Azken batean, Pertsona Kooperatiboa profila ikasleetan garatzea euren misioan duten, edo interesa duten, hezkuntza erakundeei tresna bat eskaintzen zaie egiten dituzten hezkuntza eskaintzen diagnostikoa osatzeko; hau da, ikasleen auto-pertzepzioan oinarrituta, Pertsona Kooperatiboa (sarrera-irteera) profilean duten eragina neurtzeko tresna bat eskaintzen da. Bide horretan, neurketa, eta ikerketa oro har, garrantzitsua izan daiteke profilaren garapena hezkuntza erakundeetan lantzen lagundu dezaketen gakoak aztertzeko.

Profilaren neurketa egiteko KOOPHEZI-i tresna sortu duzu. Zertan datza? Nolakoak izan dira emaitzak?

Pertsona Kooperatiboa profila aldagai-anitzeko konstruktu moduan ulertuta, ikasleen auto-pertzepzioa jasotzen duen galdera-sorta bat da KOOPHEZI-i. Tresna honek hiru dimentsio orokor ditu Pertsona Kooperatiboa, indibidualismoa eta kolektibismoa, eta 17 aldagaik eta 65 itemek osatzen dute. Horietako 10 aldagaik modu zuzenean neurtzen dute Pertsona Kooperatiboa profila (auto-efikazia, moral barneratua, beharrizan kognitiboa, helburuen interdependentzia, enpatia kognitiboa, komunikazio asertiboa, justizia soziala, onginahia, ekintzaile soziala eta gizakiaren ikuspegi positiboa). Gainerako 7 aldagaiek aztertzen dituzte Pertsona Kooperatiboa profilaren aurkako balioak eta jarrerak: indibidualismoa 4 aldagaik (idiozentrismoa, nartzisismoa, gizakiaren ikuspegi negatiboa eta berekoitasuna) eta kolektibismoa beste 3 aldagaik (gatazkak ekiditea, identitate soziala eta talde eragina).

Zein lagin hartu duzu tresna frogatzeko?

Tesi honetan, KOOPHEZI-i tresnaren fidagarritasuna eta baliotasuna aztertzeko erabilitako lagina izan da 2.290 ikaslez osatutakoa. Horietako %49 emakumeak izan dira, eta %51 gizonak. Laginaren %40 Batxilergoko ikasleek osatu dute (16-17 urte), eta %60 Lanbide Heziketako eta unibertsitateko graduetako ikasleek (18-22 urte). Datuen jasoketa bi ikasturtetan zehar egin genuen, 2017-2018 eta 2018-2019.

Zeintzuk ondorio nagusi atera dituzu?

Kontuan hartuta urte hauetan egindako literatura errebisioan ez dugula Pertsona Kooperatiboa profila definitzen duen frogatutako teoriarik aurkitu, ezta berau neurtzen duen tresnarik ere, ondorio nagusia (ekarpen gisa ulertuta) izango litzateke, batetik, Pertsona Kooperatiboaren definizio bat eta ezaugarritze bat eraiki, eta profilaren garapenerako eta ebaluaziorako aldagai gakoen identifikazioa eta zehaztapena egin dugula hezkuntza ikuspegi batetik, Teoria Funtsatua metodologiaren urratsak jarraituta. Eta, bestetik, lan horretan oinarrituta sortu eta balioztatu dugula Pertsona Kooperatiboaren profila ikasle gazteetan (16-22 urte) neurtzeko tresna fidagarri bat, froga psikometrikoen sorkuntzarako nazioartean ezarrita dauden eredu estandarrak markatzen dituen irizpideak jarraituta.

Hezkuntza eskaintzek Pertsona Kooperatiboen profilean duten eragina neurtu nahi duenak, eskura du erreminta?

Bai, noski. KOOPHEZI-i Pertsona Kooperatiboaren profila ikasle gazteetan neurtzeko eskala eskuliburu moduan argitaratu genuen. Gainera, azken bizpahiru urteetan, ERAGIN ikerketa-proiektuan, KOOPHEZI-i tresna erabiltzen ari gara ikasleen hautemateak neurtzen dituzten nazioarteko beste tresna batzuekin batera, esate baterako, sormena, pertseberantzia, erregulazio emozionala edota pentsamendu kritikoa neurtzen dituzten tresnekin batera.

Martxoan defendatu zenuen doktorego tesia. Nola joan zen?

Oso ondo! Egun berezia da, mota guztietako emozioz, sentsazioz, ikaskuntzaz, bizipenez… betetako bide baten bukaera. Doktoregai moduan amesten duzun egunetako bat da, lana borobiltzeko eguna. Gogoa nuen defentsa egin eta fase bati itxiera emateko. Pandemia egoerak baldintzatu zuen defentsa ekitaldia, baina, azkenean, aukera izan genuen hurbileko 20 pertsona inguru zuzenean bertatik bertara egoteko. Besteek, streaming bidez jarraitzeko aukera eduki zuten.

Orain zein erronka dituzu eskuartean?

Ikerlari bezala ikasten eta bidea egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Bide horretan, erronka nagusia izango litzateke Euskal Herriko hezkuntza komunitatearentzat, bertako partaideentzat, esanguratsuak izan daitezkeen ikerketak elkarlanean garatzeko lan egitea. Posible den neurrian, ikerketaren bidez, ekarpena egitea hezkuntza komunitateari. Momentu honetan, alde batetik, Doktorego tesian hartutako bidean sakontzen ari gara: tresnaren bertsio laburtua garatzen eta Pertsona Kooperatiboaren profilak indibidualismoarekin eta kolektibismoarekin izan ditzakeen harremanak aztertzen, argitalpen berriak lantzeko asmoarekin. Beste aldetik, MU-HUHEZIko ERAGIN ikerketa proiektuan eta LANKI kooperatibismoaren ikertegiko beste ikerketa proiektua batean parte hartzen ari naiz.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia interesgarria da, tesi-laburpen ariketa praktikoa eta Euskal Herriko ikerlari zein alor desberdinetako ikerketa-proiektu desberdinak ezagutzeko modu polit bat. Gainera, beste esparru batzuetan bezala, beharrezkoa da ikerketa euskaratik eta euskaraz bultzatuko duten testuinguruak garatzea. Eta, nola ez, ikerlariok, ahal dugun heinean, ekimen hauetan parte hartzea.

txiotesia,elkarrizketa