Dokumentuaren akzioak
"Osagaiz" jaio da, Osasun-zientziei buruzko aldizkaria
Gaur goizean aurkeztu dute Osagaiz aldizkaria, osasun-zientziei buruzko aldizkari elektronikoa. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) sortu dute Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin. Dagoeneko on-line ikusgai dago lehenengo alea.
Elkarlanetik sortutako proiektua da Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren esanetan eta "osasun alorrean euskaraz dagoen hutsune bati erantzutera dator" . Beharrizanetik sortua da, baina Karlos Ibarguren OEEko lehendakariaren hitzetan "beharrak aukera eta aukerak beharra ekarri du. Osasun arloan sorkuntzan ari den profesional askoren publikatzeko beharrak eman digu OSAGAIZ erditzeko aukera eta OSAGAIZek eskaintzen duen aukerak behartuko du osasun arloko komunitatea sorkuntza lana areagotzera"
Osasunarekin lotura duten arlo desberdinetako profesionalen lanak euskaraz argitaratzeko aldizkaria izango da. Hori bai, Jose Ramon Furundarena zuzendariaren esanetan, "lehentasuna izango dute artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza-lanek". Interes handiko gai sanitarioen berrikuspenak ere argitaratuko dira, baita farmako berriei buruzko informazioa zein beste aldizkarietan argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak ere. Argitaratutako lanek egile-eskubideak eta DOI erreferentzia izango dituzte.
Osagaiz PDF formatuan argitaratuko da urtean bitan eta doan. Aldizkaria eskuratzeko nahikoa da erregistratzearekin.