Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Onintza Etxebeste Liras: "Baserriarena paradoxa da; balio komunen erreprodukzioa da, baina baita aldatzen doan organismo bizia ere"

Dokumentuaren akzioak

Onintza Etxebeste Liras: "Baserriarena paradoxa da; balio komunen erreprodukzioa da, baina baita aldatzen doan organismo bizia ere"

2021/02/04 - Unibertsitatea.net

Onintza Etxebeste Liras (Iruñea, 1993) Artean graduatu zen 2015an, eta Ikerketa eta Sormena Artean unibertsitate masterra garatu zue UPV/EHUn, 2016an. “Baserri hedatua. Jardute sinbolikotik artekaritzen eremura” tesia defendatu berri du 2020an, eta artearen eta ikerketaren arteko lanetan murgilduta dago. Webgunea du.

Artean graduatu eta ikerketaren ibilbideari ekitea erabaki zenuen.

Beti izan dut sormenarekiko joera, eta argi nuen unibertsitatean artearen ibilbidea jarraitu nahi nuela. Ondoren, masterra egiten ari nintzela, beste ikerketa diziplina batzuekin ere egin nuen topo, eta gogo horren atzetik hasi nuen ikerketa-tesia bera.

Baserria izan duzu tesian ikergai.

Gogoan dut haurtzaroan “Mikelentxonekoa” nintzela ziotela askok, eta gradu amaieran binkulu edo identitate horrekiko jakin-mina sortu zitzaidan. Interes pertsonal horrek mugituta hasi nintzen lehen aldiz baserriaren lanketan, eta bi ekintza artistiko garatu nituen Mikelentxonen bertan. Esperientzia hauek instituzioaren inguruan nuen ikuspegia handitu zuten, eta horrek eraman ninduen kultur nortasunak baserria “nola” eutsi duen ikertu nahi izatera.

Baserriaren ohiko definizioetatik harago eraman nahi izan duzu. Zeintzuk dira baserriari lotutako estereotipo nagusiak?

Ikerketa bera hiru ataletan banatzen da. Lehenengoan, marko teoriko gisa, ibilbide bat egiten da baserri hori nola irudikatu den aztertzen duena. Urrezko erradiografia baten antzera, baserriaren eredu tradizionalarekin bat egiten duten balioak adierazten dira, hau da, iragan mitiko, ideologiko eta sinbolikoak elikatzen dituzten interpretazioak. Hein handi batean, garai hobe batzuen kutxa sakratutzat atzematen da, nortasunarekiko galera-sentimendu sakonarekin batera. XIX. mendetik datozen garapen historiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak kontuan hartuta, eredu esentzial hori erreproduzitu duen iruditeria oso bat dago, idiosinkrasia oso bat, ekarpen artistikoetan plazaratu dena. Kontrakoekin jolastuz, baserriaren gainbeherari erreferentzia egiten dioten ekarpenak ere adierazten dira, eta baita baserria iraganean geldotzen duten patrimonializazio prozesuei buruzko adibideak ere. Bitarte honetan, baserriaren “gaia” darabilten ekarpen turistiko, mediatiko eta birsortze garaikide batzuen irakurketa egiten da, masa gizartearentzako kontsumo-objektutzat fetitxizatu eta kapitalizatzen dituzten ekintzenak.

Erretrospektiba baten forma hartzen duen honetan, badaude errepikatzen diren estereotipoak edo, hobe esanda, gure iruditeria elikatzen duten aurreiritzi erromantiko batzuk; paradisua, utopikoa, ideala, milurtekoa, isolatua, kulturaren babesleku, nortasunaren erreferente, familiaren ardatz, balio eredugarrien kokaleku... Aipa daitezke aurkariak ere; herrikoia, itxia, oinordekotza, errenta, miseria, berrikuntzarik gabeko gizartea, jasangarritasun eza...

Guztira, ibilbideak azaleratzen duena zera da, erreferentzia sistema baten menpekoa dela baserria; kategoria jakinetan monumentalizatzen eta objektu sinbolikotzat gorpuzten dela baina, era berean, marko garaikideetan erreproduzitu ahala -museoetan, eraikinetan, sagardotegietan, iragarkietan, jai giroetan-, egokitzen eta aldatzen ere badoala.

Baserriak apurka-apurka identitate eraikuntza-prozesu bati ekin ziola diozu. Noiz ematen hasi zen prozesua?

Ikusi bezala, paradoxa bat da baserriarena; balio komunen erreprodukzio bat da, baina baita aldatzen doan organismo bizi bat ere. Ekarpen hauek batzeak bigarren mailako elkarrizketak bilatzera narama; baserri enblematiko hori ezegonkortasunean pentsatzera eta, bide batez, eztabaida desberdinetan kokatzera. Batez ere, identitatea finkatzen duten errekurtsoak berridazteko behar bat nabari delako, iraganeko erreferenteak debate edo interferentzia berrietara irekitzekoa.

Kutxa beltzaren ideiak lagundu zidan eraikuntza-prozesu horretan barneratzen. Kutxa beltzetan informazioa sartu eta berdin mantendu edo erreproduzitzen da. Logika edo funtzionamendu jakin bat babesten du kutxa beltzak, transkribatu arren ohiko konnotazioen erreprodukzioan oinarritzen dena.

Pauso teoriko horiek eman ahala, prozesu artistiko desberdinak ere garatu nituen. Baserri desberdinetara gerturatu, irudiak jaso, elkarrizketak eragin, erresonantziak bilatu... Arte eremuak ematen zidan testuinguruetara gerturatu eta aipatutako debateetara irekitzeko aukera, zabal zitezkeen aldaketa eta ondorioak biltzekoa. Prozesu hauek harreman berriak antzemateko gertakari izan ziren, eta baserria bera laborategi gisa antzemateko aukera eman zuten. Izan ere, laborategiak -kutxa beltzaren irekierak- baserriaren azpiegituran frogak eta esperimentuak egiteko gaitasuna ematen du, ekoizpen desberdinak ahalbidetuz. Eraikuntza-prozesuen trama jarraitzeko, eta harekin espekulatzeko, baserria harreman eta eztabaida berrietara irekitzean zegoen gakoa.

Txiotesian aipatu zenigun momentu batean baserria hitz egiten hasi zela eta ahaldundu egiten dela.

Baserria erlazioekin eta interakzio anitzekin aldatzen den elementutzat atzemateko bidea eskaintzen du tesiak. Nolabait, tesia bera da laborategi. Bertan, baserria harreman berrietara askatzen da, eta metodologia teoriko alternatiboekin ere nahasten da.

Puntu honetan ohiko esanahiak berrantzemateko edo, behintzat, jokoan jartzeko bide-orri bat da proposatzen dena. Hainbat pentsalarien ekarpenek baserria interfaze bezala ikusten laguntzen dute, harremanak gurutzatzea ahalbidetu eta aukera berrietara hedatzeko aukera ematen diona, non edozein elementuren eragina izango den eraldatzaile. Prozesu edo trama horrek etengabeko mugimenduan kokatzen du baserria, ondorio eraldakorretan ehuntzen eta zabaltzen duena.

Erreferentea mantentzetik, identitatearen eraiketa-prozesu horietan barneratzeko gaitasuna ematen digun ekarpena da. Horregatik diot baserria ahalduntzen dela, edo hitz egiten hasten dela; objektu aktibo eta performatibo bilakatzen delako, ekintza, artekaritza eta gertakari guztien arabera etengabe berreraikiko delako. Artea, bitartean, harreman guzti horiek ukigarri egiteko eremu bilakatzen da. Izan ere, kontua jada ez da baserria nola interpretatu den, baizik eta nola adierazten den, eta nola plazaratzen dugun.

Zein faktore izan dira erabakigarriak identitate-eraikuntza prozesu horretan?

Diziplina aniztasuna -soziologia, antropologia, artea- oso garrantzitsua izan da baserria ulermen maila honetara eramateko. Prozesuan zehar kontzeptuen eta artearen arteko elkarrizketa hori berebizikoa izan da, baita objektuaren indarra antzematea ere, bere artekaritzak muturreraino eramateko aukera eman duelako. Ibilbide paralelo batean bezala, gerturatze artistikoak harreman horiek bizi egiteko prozesu izan dira, baserrian harreman desberdinak eragin eta esperimentatu diren heinean gu geu aldatu garelako. Maila teorikoa, bestetik, baserrian gertatu diren ekintzak deszifratzeko modua bilakatu da, ehundura horiei hitzak jartzeko modua.

Berritzen, moldatzen... den baserria irudikatzen duzu etorkizunean?

Eraldatzen, moldatzen... Identitatearen eta alteritatearen eztabaidan kokatzen dut baserria, etengabeko birdefnizioan. Tesian proposatzen diren lan artistikoak, baserrian bertan murgildu eta hartan esku- hartzen dutenak, adibidez, narratiba posible bat biltzen dutela esan daiteke. Etete horiek, halaber, kontraesan batean kokatzen gaituzte, etengabeko mugimenduan dagoenari eustea kutxa beltz baten antzera definitzea litzatekeelako.

Erreferenteak behar ditugu noski, baina, identitatearen eraikuntza-prozesuan aktiboki murgildu nahi izanez gero, uste dut harreman guzti horien borrokaren tartean kokatzea beharrezkoa dela, joko eta espekulazio berrietara eramatea. Guztira, eztabaida baten antzera irudikatzen dut baserria; inguratzen gaituen paisaia kulturala hausnartzeko eta esanahiak mugiarazteko elementu indartsu bat bezala.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Aukera desberdinetara irekita nago. Gustatuko litzaidake ikerketaren munduan jarraitzea, eta, era berean, garatutako metodologian sakondu eta beste esparru batzuetan helaraztea. Identitatearen alorreko beste hainbat gaietan ere aplika daitekeen lanketa dela uste dut eta, tresna gisa, kolektibo edo parte hartzaileagoa egitea oso interesgarria izan daiteke.

Txiotesian parte hartu duzu. Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia polita izan da. Gaiaren azalpen labur bat emateko ariketa interesgarria da. Bakoitzaren esparrutik ikerketa oso desberdinek topo egiten dute txiotesian, eta denak bertan nahastea eta elkar eragitea oso aberasgarria dela uste dut.

txiotesia,elkarrizketa