Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Olatz Arbelaitz: “Ikergazte, ikertzaile gazteek egiten duten ikerkuntza konpartitzeko gunea baino askoz gehiago da”

Dokumentuaren akzioak

Olatz Arbelaitz: “Ikergazte, ikertzaile gazteek egiten duten ikerkuntza konpartitzeko gunea baino askoz gehiago da”

2021/02/08 - Ikergazte
UPV/EHUko Informatika fakultateko irakaslea da, UEUkidea, eta Ikergazte2021 kongresuko batzorde zientifikoko koordinatzaileetako bat.

Dagoeneko irekita dago Ikergazte2021 Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresurako artikulu zientifikoak aurkezteko deialdia. Laugarren kongresu hau Gasteizen egingo da, ekainaren 9tik 11ra. UEUk antolatzen duen ekimena da IkerGazte eta helburu nagusia ikertzaile gazte euskaldunak biltzea eta egiten duten lanari ikusgarritasun handiagoa ematea da. Olatz Arbelaitz kongresuko koordinatzailearen esanetan, “ongi identifikatutako behar bati erantzunez sortu zen”.

IV. Ikergazte izango da. Durango, Iruñea eta Baionan egin ostean, aurtengoa Gasteizen izango da. Nolakoa izan da ibilbidea?

Lehenengo Ikergazte 2015ean egin zen arren, askoz lehenago zegoen identifikatua behar hori UEUn. Gogoan dut urte asko direla, ni artean Informatika Saileko buru nintzela, Ainhoa Latatuk Markeskoan bildu gintuela gaia lantzeko. Baina, krisiak krisi, 2015 arte ezin izan zen egin. Ordutik hona egin diren hiru ekitaldiak arrakastatsuak izan dira. Hiruetan eduki dugu deialdia zabaltzeko unean horrelakoak antolatzerakoan sortzen den ohiko urduritasuna eta gure buruari galdetu diogu ea zer nolako harrera izango zuen gure proposamenak; baina esan genezake, ongi identifikatutako behar bati erantzunez sortu zela Ikergazte. Edizio guztietan izan dira 200 parte hartzaile inguru eta ikertzaile gazteek egindako ehundik gora ekarpen aurkeztu dira. Horrez gain, nazioarteko eta etxeko adituak entzuteko aukera izan dugu eta nabarmentzekoa da tokian tokiko eragileekin izan dugun bi norabideetako hartu-emana. Alde batetik, ikertzaile gazteei eta hain gazte ez garenoi bertako errealitatea ezagutzeko aukera eman zaie, eta bestetik, bertakoek Euskal Herrian egiten den ikerkuntzaren berri izan dute. Hori horrela izanik eta dagoeneko Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldea ukitu ditugunez, ez genuen zalantzarik izan aurtengoan Araban egitea tokatzen zela.

Zein da Ikergazteren ekarpena?

Azken boladan bolo bolo dabil ikerkuntzaren garrantzia; eta hori horrela da, ez soilik nazioarte mailan, baita Euskal Herri mailan ere. Euskal Herrian punta puntako ikertzaileak badaude, baina azken boladan, inguruneak jartzen digun presioa eta dinamika dela eta, ikertzaile horiek nazioarte mailara begira ari dira ia beti; inguruan dutenaz, oso gertukoa ez bada behintzat, ezer gutxi ezagutuz.

Ikergaztek aukera ematen die nazioarteko ikerkuntza egin eta euskaldunak diren ikertzaile gazteei elkarren berri izateko: bai egiten dituzten lanak ezagutzeko eta baita fisikoki elkar ezagutzeko ere. Hortik luzaro iraun dezaketen harremanak eta elkarlanak sor daitezke dudarik gabe.

Ikergazteak ez garenoi ere aukera paregabea ematen digu Ikergaztek ikertzaile gazteek egindako lanen bikaintasunaz, haien komunikazio gaitasunaz eta haiekin egon eta eztabaidatuz ikasteko.

Artikuluak bidaltzeko epea ireki berri duzue. Zein da prozesua?

Artikuluek Ikergazten ere nazioarteko kongresu orotan jarraitzen duten prozesu bera jarraitzen dute. Alegia, orain zabaldu berri da lanak bidaltzeko epea eta zabalik egongo da martxoak 12 arte. Artikuluek ondoko baldintzak bete beharko dituzte: euskara zuzenean idatzita egon beharko dute; goi mailako ikerketa deskribatu arren, gaian aditua ez den pertsona batentzat ulergarri izan beharko dute neurri batean behintzat; gehienez ere 8 orrialdeko luzera izango dute eta webgunean argitaratutako txantiloiek dituzten formatuak erabiliz osatu beharko dira. Ikertzaileak artikulua prest duenean easychair plataformara igo beharko du.

Une horretatik aurrera, batzorde zientifikoko kideok pare bat aste izango ditugu artikuluak berrikusi eta gomendioak egiteko. Apirilaren 7ko astean jakinaraziko zaie ikertzaileei haien artikulua onartua izan den ala ez; eta onartuen kasuan egin beharreko zuzenketak zeintzuk diren. Hemendik aurrera, apirilaren 19ra arteko epea izango dute ikertzaileek haien artikuluaren azken bertsioa sortu eta plataformara igotzeko.

Onartutako artikulu guztiak kongresuan aurkeztuko dira. Beraz, artikuluko ikertzaile batek gutxienez eman beharko du izena Ikergazte 2021n. Horrela, hilabete baino gehiago izango dute ikertzaileek haien aurkezpena prestatzeko eta ekainaren 9 eta 11 artean Gasteizen aurkezteko.

Pandemia baten erdian egingo da oraingoa. Hala ere presentzialtasunaren aldeko apustua egin duzue. Zergatik?

Ikergazteren laugarren edizioa antolatzeko lehenengo aldiz pandemian sartu aurretik bildu ginen. Une horretan, presentzialtasuna beste aukerarik ez zegoen gure buruan.

Hurrengo bileretan aldiz, egoerak derrigortu gaitu aukera hori zalantzan jartzera, baina beti ondorio berera iritsi gara. Merezi du aurrez aurrekoa egiten saiatzeak.

Ikergazte, ikertzaile gazteek egiten duten ikerkuntza konpartitzeko gunea baino askoz gehiago da. Ikertzaile gazte horiei elkar ezagutzeko aukera paregabea ematen dien gunea da, egiten den ikerkuntza gizarteratzeko gunea da eta baita gure inguruko eragileak ezagutzeko aukera ematen digun gunea ere. Ikergazteren izaeraren parte handi bat desagertuko litzateke presentzialtasuna alde batera utziko bagenu!

Egia da, aurtengo edizioa Gasteizen izateak eta egoitza gisa Europa jauregia hautatu izanak ere laguntzen duela horretan. Bertan, ikasturte osoa daramate ekitaldiak antolatzen eta protokolo eta antolakuntza guztiak erabat zehaztuta dituzte.

Aitorpen txiki gisa ere esango dizut B plana, alegia azken momentua aurrez aurrekoa ezinezkoa dela ikusiko bagenu urrunekoa egiteko aukera ere ari garela prestatzen.

Hemendik eta ekainera bitartean hilabete batzuk ditugu aurretik eta ezin dugu galdu egoerak hobera egingo duenaren itxaropena. Ziur naiz Ikergazten ikusiko dugula elkar.