Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Oihane Mendizabal Sandonís: "Pirinioen mendebaldeko lurraldearen erromatarkuntza prozesua oso azalekoa zela uste zen duela hamarkada batzuk arte"

Dokumentuaren akzioak

Oihane Mendizabal Sandonís: "Pirinioen mendebaldeko lurraldearen erromatarkuntza prozesua oso azalekoa zela uste zen duela hamarkada batzuk arte"

2021/03/23 - Unibertsitatea.net

Oihane Mendizabal Sandonís (Donostia, 1992) Historian graduatua da UPV/EHUko Letren Fakultatean. Horren ostean bi master egin zituen unibertsitate berean: “Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa” eta “Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestaketa”. 2017az geroztik lanean dihardu Aranzadi Zientzia Elkartean Pirinioetako Galtzada Erromatarraren proiektuan. Halaber, 2019az geroztik Pirinio mendebaldeko lurraldeko erromatartze prozesuari buruzko doktoretza tesia egiten ari da Eusko Jaurlaritzako Doktoretza Aurreko beka bati esker.

Historia ikasketak egin zenituen eta arkeologiaren alorrean ari zara egun ikertzen.

Batxilergoan Historiari buruzko interesa baldin banuen ere, ez zen nire lehentasunetako bat, garai hartan Natur Zientziak eta batez ere Biologia nituelako gogokoen. Hala ere, norberaren erabakietatik kanpo dauden egoeren ondorioz, Historia Graduan matrikulatu nintzen Gasteizen eta arloa uste baino gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Behin graduan nintzela Arkeologia gertuagotik ezagutzeko aukera izan nuen; gainera, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik landa lanean parte hartzeko aukera izan nuen auzolandegi zein indusketa arkeologikoetan. Hori horrela, ondare arkeologiko eta materialean sakontzea erabaki nuen eta pixkanaka-pixkanaka ondarearen kudeaketa eta ikerkuntzaren barnean murgiltzen joan nintzen Aranzadiren eskutik gaur egun lantzen ari naizen tesira iritsi arte.

Pirinioetan erromatar paisaia nola egituratu zen aztertzen zabiltza tesian. Izan ere, Pirinioetako erromatarkuntza prozesua oso azalekoa izan zela uste izan zen urte luzez.

Hori da, duela hamarkada batzuk arte Pirinioen mendebaldeko lurraldeko erromatarkuntza prozesua oso azalekoa zela uste zen, gaiari buruzko iturri idatzi klasikoek edo materialak oso eskasak baitziren, batez ere Euskal Herri hegoaldean identifikatutakoekin alderatuta. Kontuan hartu behar da XIX. mendean eta XX. mende hasieran Arkeologia Artearen Historiarekin oso lotutako arloa zela eta, ondorioz, erromatar aztarna monumentalen atzetik zebiltzan garaiko ikertzaileak (mosaikoak, eskulturak, harrizko eraikin handiak), eta horrelako aztarnarik ez zen lurralde honetan aurkitu. Gainera, Orreaga kolegiata hain gertu izanda Erdi Aroari buruzko lanak eta hain ezaguna zen Orreagako Gudari lotutako ikerketek protagonismo askoz handiagoa izan dute, gainontzekoei itzal eginez. Ondorioz, bertako erromatar garaian jazotakoa ez zen ikerkuntzaren lehen lerroko gaia izan eta bertako biztanleek aurreko garaietan zuten bizimodu antzekoa jarraituko zutenaren ustea nagusitu zen.

Ibañeta inguruan egindako aurkikuntza arkeologikoek baina ordura arteko ustea aldatu egin zuten.

Ikuspegi hori iraultzen joan da azken hamarkadetan, hein handi batean Ibañetako pasabidearen inguruan topatutako aztarna gero eta ugariagoen ondorioz: nekropoliak, miliarioak, galtzadaren ibilbidea, herriguneak, meategiak, etab. Aurkikuntza horiek guztiak pertsona askoren lan nekaezinaren emaitza izan dira eta haien lanari esker gaude gaur egun ezagutzen dugun lekuan. Beraz, erromatar garaian inperioaren behar eta interesak asetzera bideratutako lurralde mendigune honen egituraketa oso bat dokumentatzea lortu da eta hurrengo helburua elementu horiek ulertu, lotu eta interpretatzean datza. Izan ere, leku hain estrategikoa izanik, Antzinaroan ere Pirinioetako txoko honek bere garrantzia izan zuela, gero eta nabarmenago gelditzen ari da.

Bi aztarnategitan burutu duzu ikerketa.

Bai, Zalduako aztarnategia egungo Auritz eta Aurizberri artean dagoena, eta Artzi-koa, izen bereko parajean kokatua Artzibarreko udalerriaren bihotzean.

Bi kokalekuak Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen galtzadari hertsiki lotutako guneak dira, haren ertzean kokatuta baitaude. Zalduan gutxienez 4,5 h-ko azalera duen herrigune bat dokumentatu da eta K.a. I. mendetik K.o. IV. mendera arteko aztarnak erregistratu dira, ia zonalde honen erromatar garai osoan zehar, alegia. Artziko aztarnategiak txikiagoa dirudi tamainan baina oso interesgarria da, bere kokagune estrategikoagatik eta Zalduako herrigunearen kronologia antzekoa du.

Aztarnategi hauetan aurkitutako aztarnetatik abiatuta garai hartako bizimodua ezagutzea da zure erronka. Zer erakutsi dute orain arteko emaitzek?

Bai Zalduan baita Artzin ere bertako termaguneen indusketan gabiltza azken urteetan eta bertako biztanle edo erabiltzaileei buruzko informazio argigarri asko dokumentatu ditugu. Aurkitutako aztarna gehienak egunerokotasuneko bizitzarekin lotutako materialak dira: eraikuntza materialak, zeramikazko ontzi zatiak, sukaldaritzan erabilitako animalia hezurren arrastoak, etab. Gehienak erromatar tradizioan aurki daitekeen materialak dira, baina haietariko asko bertako ohitura edo materialen eragin nabarmenarekin. Bestalde, klase edo bizi-maila desberdinetako pertsonen aztarnak ere aurkitu ditugu, horietako batzuk maila sozioekonomiko altukoak: urrezko eraztun bat edo brontzez eginiko kutun edo amuletoak adibidez. Aurkikuntzaren berezitasunaz harago, bertako biztanleak erromatar ohituretan eta bizimoduan integratuta zeuden errealitatea erakusten digute.

... eta zer aurkitzea gustatuko litzaizuke?

Beharbada, Zalduako aztarnategia zergatik abandonatu zen argitzen lagunduko digun edozein aztarna, oraindik erantzunik ez duen galdera garrantzitsuenetariko bat, baita kokagunearen amaiera misteriotsua. Horren faltan mosaikoen moduko beste aurkikuntza ikusgarriren batek ere ilusio handia egingo lidake, batez ere aztarnategiari ikusgarritasuna eskaini eta finantziazioa lortzeko aukerak handituko liratekeelako, etorkizunean ikerketekin jarraitzeko aukera emanaz.

Indusketekin jarraituko duzue aurten ere?

Hori izango litzateke gure asmo nagusia, nahiz eta asko baldintzatzen gaituzten bi arloren zain gauden, batetik, udan indarrean egongo diren baldintzak eta bestetik, eskuragai izango dugun aurrekontuaren zenbatekoa. Aranzadiko lantaldearen aldetik borondatea eta lanerako ilusioa badugu eta aztarnategiek eskaini dezaketen informazioaren ehuneko txiki bat baino ez dugu ezagutzen, beraz, sorpresa asko daude lurpean oraindik.

Tesiaren zein fasetan zaude orain?

Bekak eskaintzen duen epearen erdia pasa dut dagoeneko eta orain arte eskuratutako informazioa eta materialak ikertzen eta sailkatzen dihardut. Horrez gain, antzinaro osoan mendebaldeko Pirinioei buruz egindako ikerketa eta lanen bilketa bat ere gauzatzen ari naiz, lurraldea eta paisaia bere errealitate historikoan eta garaiko dinamika sozioekonomikoetan ahalik eta hoberen txertatzeko asmoarekin. Tamalez, zenbait zailtasun sumatu ditut ingurune hau gaur egungo bi estaturen artean banatuta baitago eta lurraldea ikertu duten ekimen asko gaur egungo muga politikoetara mugatuta daudelako. Ondorioz, nire helburua lurralde hau bere osotasunean lantzea da, antzekotasun nabarmenak sumatzen baitira ipar zein hego isurialdeko aztarnategietan.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Oso positiboa, egia esan. Twitter kontua badut ere ez naiz oso aktiboa izaten, baina horrelako ekimenak aukera bikainak iruditzen zaizkit euskal komunitatean lanean dihardugun pertsonen berri izan eta geure proiektuak besteei aurkezteko.

txiotesia,elkarrizketa