Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Oihan Vitoria: “Ikus-entzunezko enpresei zuzendu nahi nieke webgunea, esparru profesionalean ezagutzera ematea baita bilatzen dudana”

Dokumentuaren akzioak

Oihan Vitoria: “Ikus-entzunezko enpresei zuzendu nahi nieke webgunea, esparru profesionalean ezagutzera ematea baita bilatzen dudana”

2013/03/18 - Unibertsitatea.net
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzuneko komunikazioko gradua amaitzar dago Oihan Vitoria eta unibertsitatean eginiko lan guztiak bere webgune berrian plazaratu ditu.

Oihan Vitoria (@oihanvito) 1991an jaio zen arrasatearra da. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazioako gradua amaitzear dago eta bertan egindako lan denak webgune batean bildu ditu. Bere esperientziaz eta etorkizunaz jakiteko berarekin hitz egin dugu:

 

Zer erakutsi nahi duzu webgunean?
Unibertsitateko urteetan zehar egin ditudan ekoizpenak (dokumentalak, film laburrak, bideoklipak, erreportajeak, argazkiak, kartelak, aldizkariak, katalogoak zein artikulu idatziak) erakustea izan da nire helburua, batik bat atzera begirako oroitzapenak gogoratze aldera. Sarritan, unibertsitatean burutzen diren lanek bizitza laburra dute, irakasleari entregatzearekin bat ahazten baitira. Hala, eratu dudan webgunearekin tendentzia hori errotik hautsi nahi dut jendeak zuzenean ezagutu dezan urte guzti hauetan egin ditudan lanak. Gainera, nire esperientziaren erakusleiho bihurtu daitekeela irizten dut, alegia, lana topatzen lagundu diezadaken curriculum digital moduko bat, paperean entregatzen dena baino ikusgarriagoa.  

Nondik dator iniziatiba hori? Ideia hori?
Interneten atari pertsonala sortzeko iniziatiba Ikus-entzunezko sistemaren egitura ikasgaitik dator. Materiari amaiera emateko irakasleak agindutako lana izan zen eta ikaskide bakoitzak berea osatu zuen gustu handiz, gehienak Wix doako plataformaren bitartez. Nire webgunea ere modu honetan sortu nuen: http://oihanvitoria.wix.com/erakusleihodigitala

Erakusleihoa zeni zuzenduta dago?
Nire ikus-entzunezkoekiko interesa duen edonori bideratuta dago. Nolanahi ere, unibertsitatea amaitzen dudala aprobetxatuz, ikus-entzunezko enpresei zuzendu nahi nieke webgunea; funtsean, esparru profesionalean ezagutzera ematea baita bilatzen dudana.  

Nola joan zen zure aukeraketaren prozesua? Txikitatik datorkizu zaletasuna?
Egia esan, komunikazioaren munduak betidanik erakarri nau, batez ere esparru oso zabala hartzen duelako bere baitan: argazkigintza, diseinu grafikoa, bideoen ekoizpena eta kazetaritza, besteak beste. Horren irekia izateak era nabarmenean eragin zidan ikus-entzunezko ikasketak hautatzerako garaian, etorkizunera begira, nire burua ez nuelako irudikatzen gauza konkretu bat egiten. Geldi egon ezin den pertsona naiz eta batik bat zerbait praktikoa izatea bilatzen nuen, hau da, une berean arlo ezberdinetan aritzea, beti ere beraien arteko lotura erabatekoa izanik. Alde horretatik, aukeraketan asmatu egin nuela uste dut, lau urte hauen osteko balorazioa ona baita, oro har.

Edonola ere, hein handi batean gertutasunak eta inguruak baldintzatu nindutela onartu behar dut, unibertsitate ikasketak non egin erabaki aurretik ezagutzen nituelako ikus-entzunezko komunikazioan espezializatuta zeuden hainbat lagun.

Unibertsitateko ibilbidea nolakoa izan da zailtasun mailan, adibidez? Eta esperientzia aldetik?
Graduak irauten duen lau urtetan zehar zailtasun maila nahiko egonkorra dela iruditzen zait. Aurreneko hilabeteak, bereziki, oso gogorrak dira inoiz jorratu ez dituzun kontuen bueltan barneratzen zarelako eta guztia berria delako: lekua, ikaskideak, irakasleak, irakasteko metodologia... Dena den, ikasketen erritmoa hartzea ohitura kontua da, denboraren joanarekin lortzen dena.

Espero zenituen gauzak aurkitu dituzu unibertsitatean?
Espero nituen zein espero ez nituen gauzak aurkitu ditut unibertsitatean, onerako eta txarrerako, toki guztietan bezala. Hasiera batean, soinuaren inguruko argibide dezente jasoko nituela uste nuen, nahiz eta azkenean ez den horren garrantzizkoa izan graduan zehar. Orokorrean, baina, nituen aurreikuspenak bete direla esan dezaket. Pozik nago jasotako jakintzarengatik eta aurrerantzean, ikasitakoa baliagarria izango zaidalakoan nago.

Ikus-entzunezko aukerak zein dira? Zein esparru da gehien gustatzen zaizuna?
Kazetaria, argazkilaria, diseinatzailea, kamera, bideo editorea, soinu teknikaria, argiztapen teknikaria, ekoizlea, webgune kudeatzailea, film zuzendaria, aktore zuzendaria, irrati esataria, telebista aurkezlea, gidoigilea, errealizadorea... Zerrenda bukaezina da; gaur egun, ordea, ikus-entzunezko enpresek multimedia kazetarien premia dute eta geroz eta ohikoagoa bilakatu da, pertsona bakarrak hainbat lanpostu bete behar izatea. Hala, gehien gustatu zaidan aukera kazetaritzarena izan da, bertan trebatu naizelako gehienbat eta esperientzia gertutik bizi izan dudalako; 4 hilabetez lan egin nuen Noticias de Gipuzkoa egunkarian kultura eta gizarte sailetako kazetari gisa.

Hobetzekotan zer hobetuko zenuke? Eta, ez zenuena inondik inora aldatuko?
Zerbaitetan espezializatzea bota dut faltan, gauza asko ikasi arren ez garelako sakoneraino iritsi. Gehienetan oinarrien bueltan aritu gara, azalean, eta horrek hankamotz sentiarazi nau une batzuetan. Baina azken finean, horren esparru zabalean murgiltzeak eragozpen horiek dakar. Inondik inora aldatuko ez nuena, berriz, graduaren praktikotasuna eta talde lanen dinamika izango lirateke.

Lau urteak amaitzera zoaz, gerorako ze asmo dituzu?
Azkenaldian buruan bueltaka dudan kontua da honakoa. Uste baino bizkorrago igaro dira unibertsitateko lau urteak eta ia oharkabean, ikus-entzunezko merkatura salto egiteko prest nago. Komunikazioaren mendean bizi arren, egungo egoera ez da horretarako oparoena geroz eta diru gutxiago eskaintzen baitzaio arlo honi. Hala eta guztiz ere, modu batera edo bestera lanean hasteko saiakerak egingo ditudala ezin ukatu. Saiakera horiek hutsean geratuz gero, espezializatzen jarraitzeko asmoa dut, hedabideren batean praktikak eginda edo master batean murgilduta, etengabeko prestakuntza nahitaezkoa da eta. Ea ba non amaitzen dudan hurrengo urtea; bitartean, etorkizunaren inguruko zalantzek nire burua erasotzen jarraituko dute uneoro.