Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian NUPeko doktore batek Marie Sklodowska-Curie laguntza lortu du zuntz optikozko laser berriak ikertzeko

Dokumentuaren akzioak

NUPeko doktore batek Marie Sklodowska-Curie laguntza lortu du zuntz optikozko laser berriak ikertzeko

2017/11/02 - unibertsitatea.net
Laguntzari esker Sergio Rota Rodrigo bi urtez arituko da Bordeleko (Frantzia) Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategian (LP2N) ikertzen
NUPeko doktore batek Marie Sklodowska-Curie laguntza lortu du zuntz optikozko laser berriak ikertzeko

NUP

Sergio Rota Rodrigo (Iruñea, 1985) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Ingeniaritzako doktoreak Marie Sklodowska-Curie beka lortu du. Bi Nobel Sari jaso zituen zientzialari frantziar-poloniarraren omenez ematen du Europar Batasunak aipatu beka. Laguntzari esker Rota bi urtez arituko da Bordeleko (Frantzia) Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategian (LP2N) ikertzen. Laborategi hori Akitaniako Optika Institutuaren, Bordeleko Unibertsitatearen eta CNRS Ikerketa Zientifikoaren Erakunde Nazionalaren mendekoa da. Ikertzaileak zuntz optikozko laser mota berri bat diseinatuko du, atomoak hozteko fasean erabiliko dena, grabitazio-uhinen detektagailu berri batean. Horrez gain, urpeko haririk gabeko komunikazioetarako zein dermatologiako aplikazio medikoetarako ere erabili daiteke.

173.000 €-ko laguntza ekonomikoa jaso du Rotak ikerketarako. Bere proiektuak NeoLas izena du. Neodimio elementu kimikotik eta laser hitzetik dator. Helburua zuntz optikozko laser berriak garatzea da, maiztasun bakarrekoak, potentzia altukoak eta zarata txikikoak, infragorri hurbilari (gizakiarentzat ikusezina) eta urdinari (espektro ikusgaia) dagozkien uhin-luzera dutenak.

Hain zuzen ere, proiektuan garatzen diren laserrek darabilten zuntz optikoen nukleoa neodimio-ioiez dopatu da, eta horrek aukera ematen du seinale optikoa gorago aipatutako aplikazioek behar dituzten uhin-luzeretara anplifikatzeko. Rotaren esanetan, “Proiektuak erronka teknologiko handiak ditu, baina arlo akademikoaren eta enpresen arteko lankidetza-esparru batean egingo denez, fotonikaren esparruko Frantziako eragile nagusien esperientzia izango dugu”.