Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nola eraldatu dute mundua sareek eta komunikazio molde ezberdinek?

Dokumentuaren akzioak

Nola eraldatu dute mundua sareek eta komunikazio molde ezberdinek?

2016/04/27 - Unibertsitatea.net
"Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera, eta haratago" izenburua duen hitzaldia eskainiko du Urtzi Ayesta ikerlariak.

Ikerbasque/CNRS-LAASeko ikertzaile Urtzi Ayestak "Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera, eta haratago" izenburua duen hitzaldia eskainiko du bihar, apirilaren 28an, arratsaldeko 19:30ean Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Hala diote hitzaldiaren aurkezpenean: "Telegrafo elektrikoa kontsidera daiteke lehen mundu mailako komunikazio saretzat, eta gaur egungo komunikazio sare nagusien aitzindari, hala nola, telefonoa, hari gabeko sareak, Internet, Facebook, Twitter, etab". Hori dela-eta, hitzaldian, sare horien garapena ahalbidetu duten lorpen matematiko nagusiak aztertuko dira; eta, era berean, sare erraldoi horien egitura nolakoa den ulertzeko, naturan ditugun sare batzuetatik (esaterako, garuna edo proteina sareak) ondoriozta daitezkeen hainbat ikasgai azpimarratuko dira. Azkenik, etorkizun hurbilerako aurreikusi daitezkeen bilakaerak ere aipatuko direla jakinarazi dute.

Hitzaldirako sarrera librea izango da eta bertaratzerik ez dutenek Internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera ere izango dute http://www.kulturguneatb.net webgunean.

UPV/EHU, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroa, Bilboko Udala eta Radio Euskadiren laguntzarekin, hain zuzen, matematikak eta bere errealitatea gizarteari hurreratzeko asmoz Espainiako Matematikaren Errege Sozietateak antolatutako hitzaldi hau, apirilaren 7an abiatutako "Matematikak eguneroko bizitzan" zikloko azken ekimena da.