Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nerea Perez Ibarrola: "Ikertzeak eta ikerketa sustatzeak gizartearen garapenean laguntzen du"

Dokumentuaren akzioak

Nerea Perez Ibarrola: "Ikertzeak eta ikerketa sustatzeak gizartearen garapenean laguntzen du"

2017/03/20 - unibertsitatea.net
Nerea Perez Ibarrola (Iruñea, 1984) Historian lizentziatua (EHU/UPV) da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin zituen gerora doktoretza ikasketak eta baita tesia ere, Emilio Majuelo irakaslearen zuzendaritzapean. Cum Laude aipamena jaso zuen iaz “Langileria berri baten eraketa. Iruñerria 1956-1976” lanarekin.
Nerea Perez Ibarrola: "Ikertzeak eta ikerketa sustatzeak gizartearen garapenean laguntzen du"

Argazkia: NUP

Frankismoaren amaieran Iruñerrian izan ziren langile borrokak eta mobilizazioak ulertzeko 50eko hamarkadan eratzen hasi zen langileria berria aztertu duzu. Zerk eraman zaitu gai hori lantzera?
Betidanik deigarri egin zait Nafarroan frankismoaren amaieran izan zen mobilizazio soziopolitiko herrikoia. Inguruan diktaduraren azkeneko urteetako eta trantsizioko lan gatazketan eta mobilizazio sozialetan parte hartu zuen jendea nuen eta haiek kontatutako milaka istorioek, aspalditik, garaiari eta orduko borroka eta mobilizazioei buruzko jakin nahia piztu zidaten. Nire aitak garai hartan Iruñerriko fabrika handi batean lan egiten zuen eta ni neu Iruñeko langile auzo batean, Txantrean, jaio, hazi eta hezi naiz. Gero, historialari bezala, istorio haietan ezagutu nituen gatazka eta mobilizazioak, frankismo garaian nafar gizartean gertatu ziren eraldaketa sozial, ekonomiko, politiko eta kultural sakonen adierazleak zirela ulertu nuen; baita ere borroka eta mobilizazio haiek erabakigarriak izan zirela diktadurarekin amaitzeko.

Industrializazioa. Fabrika handiak. Langile gehienak nafarrak ziren eta Iruñean bertan jaiotako langile kualifikatuak asko.
Nafarroako industrializazioa berantiarra izan zen, oso azkarra eta industria jarduera zehatz batzuetan –metalaren sektorean, zehazki automobilgintzan- oinarritutakoa. Horrek eskulana eskatzen zuen, langileak. Landatik hirirako emigrazioaren garaia izan zen, Nafarroako herri asko hustu ziren garaia. 60ko hamarkadan Estatuko beste zenbait probintzietatik, Andaluziatik eta Extremaduratik adibidez, jende asko etorri zen; baina ordurako, Nafarroako nekazal herrietatik etorritako emigrante asko lanean ziren fabriketan.

Iruñean hazitako belaunaldi gazte bat orduan sartu zen lan merkatura. Nafarroako industrializazioa metalaren sektorean eta haren inguruko jarduera zehatzetan oinarritutakoa zenez, nolabaiteko kualifikazio maila zuten langileak behar ziren eta horregatik ahalegin handia egin zuten erakundeek eta enpresek Lanbide Heziketa sustatzeko. Aipatu gazte belaunaldi horrek, aukera izan zuen Lanbide hezkuntza hura jasotzeko. Haietariko asko, gerora, Iruñerriko fabrika handi eta garrantzitsuenetan lanean ari zirela, langile mugimenduko lider bezala nabarmendu ziren.

Auzo bizitza bera ere fabrikarekin batera klabea izan zela diozu.
Fabrikak ezartzearekin batera, Iruñea bera ere hazi egin zen eta hazkundeari eusteko hiri esparru berriak sortu behar ziren. Periferian etxebizitza merkeak sustatu zituzten, auzo berriak sortu ziren; langile populazioaren bizitoki izango zirenak.

Errealitate berbera bizi zuten populazio homogeneoak osatu ziren. Eguneroko bizitzako arazoei aurre egiteko laguntza eta elkartasun sareak sortu eta berezko bizitza soziala dinamizatzeko ekintza desberdinak abiatu zituzten, komunitatea sortuz. Homogeneotasun hori zela medio, identifikatze horrek langile edukiak hartu zituen. Eduki hauek, auzoetako bizitza sozialean parte hartzen zuten eragile ezberdinen (alderdi politikoen, parrokoen, apostolutza mugimenduen) bitartez sartu ziren auzoetara eta berauetan sortu ziren sozializaziorako esparru herrikoien bitartez hedatu ziren auzoetatik. Langileen topagune bezala jardun zuten heinean, langileen gizarteratze soziopolitikorako egiazko esparru bilakatu ziren auzoak. Berezko borroka formak ere sortu ziren auzoetan: auzokideen bizi kalitatea hobetzea helburu zuten antolakuntza moduak eta alternatibak. Hirigintza egoki baten alde, zerbitzu publikoen hornidura hobe baten alde eta berezko bizitza sozial zein kultural dinamiko, aberats eta herrikoi baten alde borroka egin zuten auzo elkarteak, esaterako.

Eta zein izan zen elizaren eta apostolutza mugimendu sekularren eragina?
Sareak sortzeko, pertsonak elkarlotzeko, errealitatea ezagutzeko, hura aldatzeko praxi bat garatzeko eta ibilbide militanteak hasteko esparru abantailatuak izan ziren Iruñerrian. Izan ere, langileentzat, kezkak eta ezinegonak bideratzeko, jakin-nahiak asetzeko eta errealitatea ezagutu eta ulertzeko erreferentziazko tresna nagusiak, hasiera batean kasik bakarrak, izan ziren. Frankismo garaian militantzia soziopolitikoak batez ere tokian tokiko erreferentzia markoetan garatu ziren eta ondorioz, hautabide soziopolitiko horiek, tokian tokiko testuinguruetan erabilgarritasun gehiago zuten esparruetatik bideratu ziren. Iruñerrian esparru horiek apostolutza mugimendu sekularrak izan ziren.

Antifrankismoa ere bazuten ikur
Antifrankismoa, sortutako identitatearen ezaugarri bereizgarrienetako bat izan zen. Aldarrikapen sozioekonomikoek erregimenaren markoan ez zutela biderik uste zuten eta borroka ekonomikoak eta borroka politikoak bat egin zuten. Langileek eraldaketa oso baten alde; eraldaketa ekonomiko, sozial eta politiko baten alde egin zuten borroka.

Klase identitate eta identitate antifrankista bat zen, frankismoarekin amaitu nahi zuena. Marko berri bat, bizitza berri bati hasiera emateko, gizarte eredu berri bat sortzeko, aukera izan zitekeela uste zuten.

Zer gehiago esan dezakegu orduko mugimenduaz?
Orokorrean, langile borrokak, borroka antifrankistak, hiriko sektore sozial herrikoiak ere inplikatu zituela nabarmentzekoa dela uste dut. 70eko hamarkadaren lehen erdialdean, langile mobilizazioak populazioaren gero eta atxikimendu gehiago lortuz joan ziren; mobilizazio bakoitzean fabrikak, auzoak, parrokiak, elkarteak, mendi taldeak, apostolutza mugimenduak, langile mugimenduak eta talde politikoak elkarlotzen zituzten sareez osatutako gizarte ehun herrikoi batek jarduten zuelako. Militantzia sozial, sindikal eta politikoa ez ziren bereizten, elkarri eragin zioten eta elkarren osagarri izan ziren. Horregatik, fabriketan eta langile mugimenduko erakundeetan antolatuta zeuden militante aktiboen kopurua ikusgarria izan ez zen arren, langileriaren eta hiriko sektore herrikoien elkartasuna eta jomugak, sentimenduak eta ametsak bateratzea lortu zen nolabait; auzo elkarteek, apaizek edota gazte, ikasle zein emakume taldeek, langileen aldarrikapen eta borrokekin bat egin zuten.

Emakume taldeak aipatu dituzu. Zein izan zen emakumeen papera?
Egia esateko, tesia egin nuenean ez nuen emakumeen papera bereziki aztertu. Ikerketarako 50 elkarrizketa inguru egin nituen eta horietatik bost baino ez ziren emakumeak izan. Lana amaituta horretaz pentsatu nuen. Zergatik? Egia da urte haietan, fabriketan lanean askoz emakume gutxiago zegoela eta langile mugimendua bera, gizonezkoek osatzen zutela hein handi batean. Hal ere, horrek ez du esan nahi emakumeek langile borroketan parte hartzen ez zutenik. Fabriketan lan egin eta langile mugimenduan zuzenean parte hartu zuten emakumeez gain, historiak eta gizarteak hobetsitako parte hartze eta militantzia ereduez haratago begiratzen badugu, emakume asko aurkituko ditugu ekarpen handia egiten. Emakumeak langile familien egunerokotasunaren zutabea izan ziren eta auzo borroketan paper nabarmena izan zuten. Adibidez, greba batek ezin du 48 egun iraun gizonak kobratzen ez duen bitartean familia bere gain hartzen duen emakumerik gabe. Parte hartzeko modu desberdin bat da, gizarteak ezarritako rol banaketaren araberakoa, bai, baina ezinbestekoa langile borrokarako. Hura ere parte hartzea eta protagonista izatea izan zela nabarmentzen hasi behar dugu.

Oraindik badago zertan sakondua? Beste proiekturik?
Epe luzera langileria horren historia egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Langileriaren eraketa aztertu ostean, haren bilakaera eta desagerpenaren historia egiteke dago oraindik.

Zer suposatzen du zuretzat IkerGaztea izateak?
Ikerketan aritzea ez da erraza. Baliabideak urriak dira eta horrek ikertzaileak, bereziki ikertzaile gazteak, ezegonkortasun egoera batean lan egitera eta bizitzera eramaten gaitu. Hein handi batean ikerketa behar haina baloraturik ez dagoelako gertatzen dela uste dut. Hala ere, ikerketan aritu ahal izatea, niretzat behintzat, gogobetekoa da. Momentu honetan gustuko dudan horretan lan egiten dut eta hori esatea, gaur egun, ez da erraza. Benetan pentsatzen dut ikertzeak eta ikerketa sustatzeak gizartearen garapenean laguntzen duela eta zentzu horretan, ikertzaile bezala, ekarpen bat egin dezakedala sentitzen dut.