Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nerea Alaba eta Amaia Pinacho: "Eremu profesionalean ate mordoxka ireki dizkigu IkerGaztek"

Dokumentuaren akzioak

Nerea Alaba eta Amaia Pinacho: "Eremu profesionalean ate mordoxka ireki dizkigu IkerGaztek"

2015/06/25 - Unibertsitatea.net
Nerea Alaba eta Amaia Pinacho elkarrizketatu ditugu, IkerGazte kongresuan beraien lana aurkeztu zuten neska bi. Elkarrekin aurkeztu zuten ikerlana eta ekarpen handia egin omen zien kongresuak kontatu digutenaren arabera.
Nerea Alaba eta Amaia Pinacho: "Eremu profesionalean ate mordoxka ireki dizkigu IkerGaztek"

Nerea Alaba eta Amaia Pinacho

Zertan datza egin duzuen ikerketak?

 

Egin dugun ikerketaren helburua da Elgoibarko hizkuntzaren muga dialektalaren inguruan argi-izpi bat lortzea. Horretarako, 2009-2011 artean Elgoibarren, bertan, bildutako toponimoak izan ditugu aztergai. Toponimo, leku-izen, horiek denboran zehar (XV.mendetik gaur arte) izan duten eboluzioa ikertu dugu, ondoren, eboluzio horretan oinarrituta zenbait ondorio dialektal atera ditugu.

 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

 

Gure ikerketak, aurretik aipatu bezala, Elgoibarko hizkeraren zioari (hizkuntzalari eta dialaktologoek zail dute Elgoibarko hizkera euskalkiren batean sartzen: mendebaldekoak, erdialdekoan...) argitasunen bat ematea izan da eta, horretarako, toponimoak erabili ditugu. Azterketa horretatik ateratako ondorio nagusia Elgoibarko hizkerak, denboran zehar, mendebaldetik erdialderantz egin duela bada ere, konklusio hori ziurtatzeko, ikerketan aurrera egitea beharrezkotzat jotzen dugu. Hau da, egindako toponimoen azterketa (lexikoaren alorrean) zabaldu beharko litzateke.

 

Ikerketa amaitu baduzue zertan ari zarete? Eta bukatzear bazaudete...gero zer?

 

Biok dugu irakasletzan jarduna. Hala ere, egindako ikerketaren ildotik badugu proiekturik. Batetik, IkerGazten aurkeztutako artikuluaren monografiko sendo batean ari gara lanean. Bestetik, urte hauetan jasotako leku izenekin jarduera didaktikoak prestatzen ari gara, hezkuntzan erabil daitezkeenak, txikiek ikasi eta handiek ere jasoko lituzketenak, leku izenen transmizioa egin nahian. Adierazi bezala, leku izenak gure izanaren parte dira eta horiek transmititzea eta hainbat eremutan gizartaratzea garrantzitsua iruditzen zaigu.

 

Zer suposatu du zuentzako IkerGazte kongresuan parte hartu izanak?

 

Euskal Herrian egiten ari den goi-mailako ikerkuntza ezagutzeko parada izan dugu. Kongresu, tailer eta saio osagarrien bitartez, gainera, hainbat ikerkuntza arloren edo esparruren berri izan dugu. Bestalde, ikertzaileen arteko harremanak sendotu ahal izan ditugu, ikerlari gazte eta seniorren lanak gertutik ezagutzeko eta gurea erakusteko parada izan baitugu.

 

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

 

Azterketa zientifikoak euskaraz idazten dabiltzan ikerlari gazteen eta euskaldunen lana ezagutarazteko foro aparta da IkerGazte; gainera, esperientziadun aztertzaileek beren esperientziak erakustarazi dituzte eta, horrek, ikertzaile gazteek izan ditzaketen buruhauste, zalantza eta konplikazioei aurre egiten lagudu die. Horrez gain, aztertzaileen elkartrukearen bidez, elkarrekin ikasteko eta, ikerketaren bidean aurrera egiteko, balio handia du.

 

Eta euskarari dagokionez?

 

IkerGaztek, lehenengo kongresu honetan, euskararekin duen konpromisoa erakutsi du. Horrek, gure hizkuntzari; gure izanari, so egin eta ikerketa gurea dugun hizkuntzan egitea ere posible dela erakutsi digu. Askotan kanpora begira jarduten dugu, hori garrantzitsua bada ere, guretik abiatu eta etxeko ikerketa aurrera ateratzea errealitatea dela ikusi dugu.

Horrenbestez, gureak diren ikerketa zientifikoak kanpoan ez ezik, gurean ere lekua badute eta, euskaraz egiten badira, gure hizkuntzari sekulako babesa emango diogu: babesa eta behar duen bultzada ( ahalik eta esparru gehienetan lekua izateko).

 

Zer da kongresuan bizi duzuenetik gehien azpimarratuko zenuketeena?

 

Jakinminaz bustirik irten dugu kongresutik. Hiru eguneko ikasketa-prozesu sakona izan dugu (hainbat esparrutakoa) eta aurreikusi bezala, gure ikerketa aurrera ateratzen jarraitzeko zalantza batzuk uxatu eta beste hainbat batu dizkiogu bideari. Izan ere, kongresuan askotariko ikerlerroak izan direnez, norberarenean sakontzeko (gurean esaterako) aukera gehiegirik ez dugu izan eta, horrek, zenbait zalantza zortu dizkigu. Dena den,nbertigo itzela ematen badigu ere, jakin badakigu, ikerlariaren egitekoa bide luzea dela, eta bidean, itzal ugari aurki ditzakegula.

 

Zer nolako giroa bizi izan zenuten kongresuan zehar?

 

Ikertzaileen artean giro polita nabaritu dugu: norberak bere ikerlana erakusteko nahia, ikerketan aurrera egiteko grina, elkarlanerako gogoa, jakinmina .... Hala ere, ikerlerroak askotarikoak zirenez, sumatu dugu nobera berari zegokion edo antzekoa zuen esparruei atxiki zaiela, hau da, bere alorreko ikertzaileekin lerrotu dela. Hori normaltzat hartzen badugu ere, ez ote gaude horrek giroa piska bat hoztu duela.

 

Zein da kongresuak egin dizuen ekarpena?

 

Ekarpena handia izan da bi eremu nagusitan: norberarenean, ikertzeko bide-aukerak ezagutu eta egindakoa partekatzeko aukera eman digulako, poza, norberaren asebetzea. Ikertzailearen lanari zentzua hartzen hasiak gara, horregatik, eremu profesionalean, berriz, adierazi ditugun ate mordoxka ireki dizkigu IkerGaztek: esperientziadun aztertzaileetatik ikasi eta esperientziak elkartrukatu, ikerketaren bideak hobeto ezagutu, metodoak, erronkak...