Dokumentuaren akzioak
Nanozientzia komiki bidez "NanoKOMIK" erronkan
NanoKOMIK proiektuaren erronka komiki bat sortzea da, hain zuzen, nanobotereak erabiltzen dituen pertsonaia bat protagonista duen istorio grafikoa osatzea. Horretarako, alde batetik, nanobotereei buruzko informazioa helarazteko saioak prestatu dituzte, eta, bestalde, komiki bat nola sortu azaltzen duen oinarrizko eskuliburua ere jarri sute sarean eskuragarri ekimenaren webgunean.
CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroek bultzatutako ekimen hau, hain zuzen, 12-18 urte bitarteko gazteak gogoan hartuta diseinatu dute. Horregatik, komikia sortzen laguntzeko, datozen hilabeteetan, zientziari eta komikiari buruzko tailer irekiak antolatu dituzte honako hirietan: urtarrilaren 30ean, Bilbon; otsailaren 6an, Donostian; otsailaren 20an, Gasteizen; otsailaren 27an, Iruñean; eta martxoan, Lapurdin eta Bordelen. Horiek, bi orduko saioak izango dira eta, bertan, parte-hartzaileek komikiak sortzen ikasiko dute.
Nanozientzian eta materialen zientzian espezializatuta dauden ikerketa-zentroen ekimen honen bidez, parte-hartzaile askoren artean osatutako nanofikziozko lehen komikia egitea dute xede. Halaber, ideia originalekin osatutako komikia argitaratu egingo dute eta erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoa ere azaldu dute.
Antolatzaileen hitzetan, "Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea du helburu" proiektuak.
Lanak aurkezteko epea otsailaren 1etik apirilaren 30era artekoa izango da. Gainera, dagoeneko, erronkan zein tailerretan izena emateko epea irekita dago. Informazio gehiago: www.nanokomik.com webgunean.