Dokumentuaren akzioak
Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut"
Naima El Bani Altuna, 25 urteko Bilbotarra da. Geologia ikasi zuen UPV/EHUn eta garai hartan hasi zen itsas mikrofosilak Debako estuarioan aztertzen. Gero Paleozeanografia masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean eta Bizkaiko Golkoko foraminiferoak ikertzen hasi zen arren aukera berri bat suertatu eta Kanadara joan zen Artikoko foraminiferoak ikertzera. Handik gero Norvegiara, Tromsøra, eta han dabil bere tesia egiten.
Geologoa zara... nondik sortu zitzaizun zientziarekiko eta ikerketarekiko grina?
Zientziarako grina txikitatik datorkit, ama biologoa da eta berak piztu zuen nigan interesa. Txikitatik izan nuen argi zientzia ikasi nahi nuela baina dantzan ibili nintzen diziplina desberdinetan. Denek pizten zuten nire jakin-mina. Hala ere, batxilergoko azken urtean Norvegia hegoaldera etorri ginen eta fiordoen ikusgarritasunak harrituta Geologia ikastea erabaki nuen. Eta nahi gabe, Norvegia iparraldera ekarri nau Geologiak 8 urte eta gero.
Artikoko paleozeanoa ikertzen ari zara baina Euskal Herriko itsas-hondoak ere aztertu zenituen aurretik.
Geologia egitea erabaki nuen baina itsas zientzietan espezializatzea nahi nuen hasiera hasieratik. Gradu amaierako lana aprobetxatu nuen itsas-zientziak, geologia eta aldaketa klimatikoa lotzen zituen zerbaiten inguruan lan egiteko. GrALa EHUko Alejandro Cearreta ikertzailearekin egiteko zortea izan nuen eta berari esker ezagutu nituen foraminiferoak. Debako estuarioan azken hamaika mila urteetan (Holozenoa deritzon garai geologikoan) eman diren ingurune aldaketak aztertzea izan zen nire lanaren helburua. Azken glaziazioan itsas-maila 120 metro beherago zegoen Europan eta deglaziazioan izotzaren urtzeak itsas-maila igoarazi zuen. Hori dela eta gure kostaldea Holozenoan zehar erabat aldatu zen. Gogo handiz egin nuen lana.
Gero Kanadara joateko aukera sortu zitzaizun eta handik berriz Norvegiara joatekoa.
Egia esan, zorte handia izan dut... Bordelen egin nuen Paleozeanografia Masterra eta 1. mailan nengoela Artikoko foraminiferoekin lanean bukatu nuen nahi gabe. Nire zuzendariari esker kontaktuan jarri ginen bere Kanadako lankide batekin eta masterreko proiektua biekin egin nuen. Horrela hasi nintzen Artikoko foraminiferoekin eta Artikoan segitzea erabaki nuen.
Garai bateko itsas-hondoko tenperatura ikertzeko foraminifero bentonikoak ikertzen dituzu. Zer dira?
Foraminiferoak oskoldun protista txiki batzuk dira. Uretan “flotatzen” bizi badira, foraminifero plantoniko deritzegu, eta itsas-hondoan bizi badira berriz, foraminifero bentoniko. Azken horiek erabili nituen Debako estuarioa ikertzeko, eta azken horiek erabiltzen ditut gaur egun ere nire doktoregoan.
Mikrofosil hauen oskoletan dago gakoa...
Bai, oskolak kaltzio karbonatozkoak izan ohi dira, baina oskol horien kimika ingurunearen arabera alda daiteke. Esate baterako, nire proiektuan oskol horiek duten magnesioa neurtzen dut, izan ere, oskolek magnesio gehiago izan ohi dute tenperaturak gora egin ahala. Aldi berean, oxigenoaren isotopoek ere tenperatura islatu dezakete. Hamaika gauza egin daitezke oskol horiekin iraganeko inguruneen pistak topatzeko!
Nola jasotzen dituzu laginak?
Itsasoratu egiten gara 3 aste inguru irauten duten espedizioetan eta metodo geofisikoei esker itsas-hondoko sedimentuak ontzitik “ikustea” lortzen dugu. Interesatzen zaigun tokira heltzen garenean zundaketak egiten ditugu itsas-hondoko sedimentuak gainazalera ekarri eta ikertu ahal izateko.
Imajinatu dezazuen: zundaketak itsasontzitik itsas-hondora kable batez lotuta doan metalezko tutu luzeak izaten dira eta tutu horiek plastikozko beste tutu bat daukate barruan. Tutuak hondoa jotzen duenean pistoi batek edo grabitate indarrak tutua itsas-hondoko sedimentuan sartzea lortzen du eta gero sedimentuz betetako tutu luze hori ontziratzen dugu berriro. Plastikozko tutua laborategira eramaten dugu, tutua ireki eta bertako sedimentuetatik laginak hartzen ditugu. Lan asko da baina hain da aberasgarria espedizioen esperientzia hauetan parte hartzeko aukera izatea ikaragarria dela!.
Zure ikerketan talde lanak garrantzia handia du beraz.
Berebizikoa. Azaldu bezala, laginak hartzea ez da gauza erreza eta ondo koordinatuta dagoen lan talde baten beharra dago (ikasle, ikertzaile, ingeniari eta marinelak batera lanean!). Laborategiko lanean eta datuak interpretatzeko momentuan ere oso aberasgarria (eta beharrezkoa) da lan talde ona izatea, eta zorionez, ni ezin naiz kexatu nire zuzendari eta lankideez.
Zientziaren dibulgazioa euskaraz egitearen garrantziak eraman zintuen twitter kontua zabaltzera. Baita txiotesian parte hartzera.
Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut, baita jendeak bertoko geologiaren gaineko interes pixka bat izatea. Ingelesez egin izan banu ez dut uste euskal komunitatearen arreta deitzea lortuko nukeenik eta twitter kontuari esker barrera hori apurtu dut akaso. Norberaren hizkuntzan esaten diren gauzak hurbilagoak zaizkigu eta horregatik uste dut dibulgazioa gure hizkuntzan egitea garrantzitsua dela. Nire aldetik, txiotesia ariketa pertsonal moduan hartu nuen, ideiak sintetizatu eta hobeto komunikatzen ikasteko.
Txiotesia Norvegian azaltzen hasi eta gai interesgarriak atera omen ziren: euskarak ba ote duen lekurik zientziaren esparruan...
Mundu globalizatu honetan asko gara Euskal Herritik kanpo lan egiten dugunak eta urrun egonda ere gure hizkuntza erabiltzen jarraitu nahi dugunak. Egun ingelesez bizi naiz, zientzia nire bizitzaren parte da eta euskara nire hizkuntza, eta nik biekin batera normaltasunez bizi nahi dut. Nire ustetan euskarak bere tokia topa dezake zientzian Euskal Herriko mugetatik kanpo ere, eta txiotesia bezalako ekimenek argi uzten dute zientzia euskaraz komunikatu daitekeela eta komunikatu behar dela. Korrikako kantak dio, ezta? Komunikatzen den herri bat ez da inoiz zatituko!
Hilabetean Cambridgera zoaz.
Bai eta gogo handia dut! Hiru hilabetez egongo naiz Cambridgeko Unibertsitatean nire foraminiferoen oskolen kimika aztertzen eta bertako lantaldearekin lan egiteko eta ikasteko irrikaz nago.
Eta tesia noizko?
Hiru urte barru akaso... Denbora oso arin (arinegi!) pasatzen dela konturatu naiz urte honetan, eta hiru urte ez dira ezer! Twitter bidez informatuta mantenduko zaituztet ;)