Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Naiara Barrado: "Printzipioz ez daukat Jupiter alde batera uzteko asmorik, baina beste planeta batzuetara abiatzea gustatuko litzaidake"

Dokumentuaren akzioak

Naiara Barrado: "Printzipioz ez daukat Jupiter alde batera uzteko asmorik, baina beste planeta batzuetara abiatzea gustatuko litzaidake"

2018/06/19 - Unibertsitatea.net
Naiara Barradok Fisikako ikasketak egin zituen UPV/EHUn. 2009an defendatu zuen bere doktorego tesia: “Turbulencias y ondas en la atmosfera de Júpiter”.

Naiara Barrado Izagirrek, (Erromo, Getxo, 1981) Fisikako ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta doktorego tesia defendatu zuen 2009an: "Turbulencias y ondas en la atmosfera de Júpiter". Gaur egun UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan ari da lanean Fisika Aplikatua I sailean. Zientzia Planetarioen Taldea ikertaldeko kidea ere bada. Berarekin izan gara:

Fisika ikasteari ekin zenion unibertsitatean. Ordurako espazioaren munduarekiko interes berezia zenuen?

Egia esan ez bereziki. Beti erakarri nau astronomiak baina jende askori bezala. Ez nuen inoiz horretan nire ogibide bezala pentsatu. Hala ere Fisikako ikasketak aurrera zihoazela Klimaren fisika edo Meteorologia eta Astronomia gehien gustatzen zitzaidana zela ikusi nuen. Hori dela eta 4. mailan hortik bideratu nituen nire ikasketak. Karrera bukatzear nengoela eta tesia egitea pentsatzen hasi nintzenean Agustín Sanchez-Lavegaren Zientzia Planetarioen Taldearekin egin nuen topo. Talde honetan eguzki sistemako planetetako meteorologia lantzen zen, beraz, gustuko nituen bi gauzak batzen ziren: meteorologia eta astronomia. Tesia bertan egitea ideia bikaina iruditu zitzaidan.


Jupiterren dinamika atmosferikoa ikertu zenuen tesian. Zer da Jupiterrez ezagutu nahi duzuen hori?

Tesia 2009. urtean defendatu nuen eta bertan Jupiterren atmosferako turbulentzia eta uhinak aztertu nituen. Geroztik planetaren atmosferaren dinamikaren inguruko alderdi gehiago aztertzen jarraitu dut.

Jupiter planeta oso interesgarria da ikuspuntu askotatik baina guk bere atmosferaren dinamikaren gaia aztertzen dugu. Oraindik ez dakizkigun gauza asko daude, bere haize zonalaren jatorria esaterako. Baita bere barnean zer ote dagoen. Jupiterren gaineko gauza gehiago jakinez gero Eguzki Sistemaren jatorriaren informazioa ere izango genuke adibidez.

 

Zure lanerako Cassini zundaren eta Hubble espazio teleskopikoaren irudiak erabiltzen dituzu.

Jupiter eta Saturnoren atmosferak aztertzeko Hubble Espazio Teleskopioaren datu base eguneratu bat daukagu. Hubble-en irudiak libreak dira, hau da, edozeinek erabili eta ikusi ditzake “jabetza” denboraren ostean. Batzuetan urtebeteko jabetza daukate eta beste batzuetan berehala libratzen dira. Beraz, jabetza epean irudiak Hubble-i eskatu dizkion taldeak soilik erabili ditzake. Batzuetan gure taldea edo taldekideren bat da eskatzailea eta orduan irudiak berehala ditugu eskuragai.

Cassiniren irudien kasua bestelakoa da. Irudiak atera eta 9-12 hilabetera libratzen dira. Gure taldeko kiderik ez dago Cassini ISS taldean, beraz, ezin ditugu denbora hori pasatu arte erabili.

Hauek gure irudi iturri nagusiak diren arren, ikerketa batzuetan garrantzitsuak eta funtsezkoak izan diren beste iturri batzuk ere badaude: lurreko teleskopioetatik hartutako irudiak. Alegia, behatoki profesionaletatik (TNG, Keck, IRTF) zein behatzaile amateurrak beraien teleskopioetatik egindakoak. Lurretik egindako behaketek aurrekoak baino bereizmen espazial txikiagoa duten arren abantaila handi bat dute: denbora-bereizmen handiagoa dutela. Beraz, planeta behagarria den sasoietan egunero dugu Jupiterren argazki bat baino gehiago eta hau ez da Hubble edo Cassinirekin gertatzen. Gure taldeak, behatzaile amateurren irudiez osatutako IOPW (International Outer Planet Watch) datu-basea kudeatzen du eta argitalpen zientifiko asko egin dira irudi hauek baliatuta.

 

UPV/EHUko Zientzia Planetarien Taldean diharduzu ikertzen, zein ikerlerro nagusi dituzue?

Planeten atmosferak ikertzen ditugu. Merkurio kenduta (atmosferarik ez daukalako) gainerako planetetan aritzen gara, hauen dinamika atmosferikoa, hodeiak eta garraio erradioaktiboa ikasten.

Taldea UPV/EHUko kideek osatzen dugu batez ere: Agustín Sanchez-Lavega, Ricardo Hueso, Santiago Pérez-Hoyos, Jose Felix Rojas, Jon Legarreta, Teresa del Rio, Jesús Arregi, Iñaki Ordoñez, Hao Cheng Cheng, Peio Iñurrigarro eta nik neuk. Hala ere kanpoko kideak ere baditugu, gure taldean Tesia egindako Itziar Garate-Lopez eta Arrate Antuñano esaterako. Gaur egun post-doc moduan dabiltza Parisen eta Leicesterren.

Taldekide bakoitza arlo batean espezializatuta dagoela esan daiteke eta horrek ikertzen ditugun gaiak ikuspuntu askotatik aztertzea ahalbidetzen du. Honi esker diziplinarteko lan oso osatuak egin ditzakegu.

 

Martxoaren 8a zela eta antolatu ziren ekimenetan parte hartu zenuen. Alegia, emakumeak zientzian duen presentzia umeei erakusten. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Alde batetik, SEAk (Sociedad Española de Astronomia) antolatutako “Chatea con una astronoma” ekimenean parte hartu nuen. Bestalde ikastetxe pare batera joan nintzen hitzaldiak ematera. Bi esperientziak oso-oso politak izan ziren eta datorren urtean errepikatzeko irrikan nago. Baita gauza berrietan pentsatzen ere!

Umeei astronomia azaltzen badut esperientzia, asko gustatzen zait. Inoiz ez dakizu zein ateraldi izango duten eta hori beti da dibertigarria. Oraingoan baina zientziaren gaia eta emakumeena lotu ditut eta emakumeek zientzian egindako ekarpenak umeei azaltzea benetan aberasgarria izan da. Umeek generoaren ondorioz ematen diren desberdintasunak bidezkoak ez direla oso ondo ulertzen dute. Bete egin nau esperientziak, asko ikasi dut.

 

Astrofisikaria eta emakumea izateagatik bereizketaren bat bizi izan duzu? Gauzak aldatzen doazela edo oraindik zer egin badagoela uste duzu?

Orokorrean ezetz esango nuke. Noizbait izan dut nire ideiak edo lorpenak kontuan hartu ez izanaren sentsazioa baina ez dakit emakume izateagatik, nire gaztetasunagatik (momentu hartan) edo nire izaeragatik izan den.

Gauzak aldatzen doaz baina orokorrean gizartean oraindik asko dago egiteko, baita zientzian. Ez da ulergarria gero eta emakume gehiagok zientzia alorreko ikasketak egin eta zientzialari ospetsu eta saritu gehienak gizonezkoak  izatea. Ez da ulergarria ume bati zientzialari bati buruz hitz egin (haren izena eta sexua aipatu gabe) eta gizonezko bati buruz hitz egiten ari naizela pentsatzea. Ez da ulergarria errektore emakume bat izateagatik gure unibertsitatea berezia izatea. Eta horrelako adibide asko daude.

 

Jupiterri begira jarraitzeko asmoa duzu edo badituzu bestelako proiektuak eskuartean?

Printzipioz ez daukat Jupiter alde batera uzteko asmorik, baina beste planeta batzuetara abiatzea gustatuko litzaidake. Marte adibidez pil-pilean dago orain eta gure taldea planetaren inguruko proiektu askotan dabil sartuta. Bestalde, dibulgazioa gustuko dut eta hau euskaraz sustatzea ere bai. Beraz, nire proiektuen artean honi garrantzia ematea ere badago.