Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nahia Idoiaga: "La Manada" auzia inflexio puntu bat izan da gizarteak bortxaketaren kulturari, justizia patriarkalari eta beste hainbat gairi buruz zituen usteak eraldatzeko"

Dokumentuaren akzioak

Nahia Idoiaga: "La Manada" auzia inflexio puntu bat izan da gizarteak bortxaketaren kulturari, justizia patriarkalari eta beste hainbat gairi buruz zituen usteak eraldatzeko"

2019/04/29 - Ikergazte2019
Hirugarrenez parte hartuko du Ikergazten nahia idoiagak. Psikologian eta psikopedagogian lizentziatua da eta 2016an defendatu zuen doktorego-tesia euskaraz.

Baionako Ikergazte kongresurako “La Manada” auzia Twitterren: Sare sozialetatik gizartea eraldatuz” lana aurkeztu du Nahia Idoiaga Mondragonek. Psikologian eta psikopedagogian lizentziatua da eta 2016an defendatu zuen doktorego-tesia euskaraz. Gaur egun Bilboko Hezkuntza fakultateko (UPV/EHU) irakaslea da. Hirugarrenez parte hartuko du Ikergazten.

La Manada” auziaren epaiak Twitterren izandako jarraipena aztertu duzue. Zerk eraman zaitu horretara?

Tesian bertan pertsonen gizarte irudikapenak ikertzen hasi ginen, baita sare sozialak, bereziki Twitter irudikapen hauen isla izan daitekeen ere. Horrez gain tesi ostean sexu arriskuei buruzko ikerketa proiektu batean aritzeko aukera ere izan nuen eta hor ikertzen geundela “la Manada” izenaz ezagutzen dugun talde bortxaketa eta bere prozesu judiziala bizi izan genituen. Orain urtebete, iazko apirilak 26an, auzi honen sententziak sortutako gizarte erantzuna ikustean, berau aztertzeko beharra sentitu genuen eta horren ondorio da lan hau.

Sare sozialek, eta bereziki Twitter-ek, egun pil-pilean dauden gaiei buruzko gizarte irudikapenak isla ditzaketela diozu

Twitter, besteak beste, eztabaida plaza bat da. Bertan egungoak diren gaiak momentuan bertan eztabaida daitezke; bai banako zein elkarteek beren ideiak adierazi ditzaketelarik. Era honetan, gertaera garrantzitsuenei buruzko irudikapenak islatuak eta berreraikiak izan daitezke jakintza publikoarentzat. Gainera, 2010. urteaz geroztik, mundu mailako mugimendu feministak patriarkatuarekin, sexismoarekin, misoginiarekin, genero indarkeriarekin eta desberdintasunekin lotutako hainbat gairi buruzko arreta eta kontzientzia zabaldu nahian irmoki dabiltza sare sozialetan lanean; beraz, hori aztertzeko nahiak ere eraman gintuen Twitter aztertzera.

Gizarte Irudikapenen teoriaren barruan, Collective Symbolic Coping-az ari zarete. Zer da zehatz-mehatz?

Collective Symbolic Coping-ak taldeek gizarte-ordena arriskuan jartzen duten egoera berriei esanahia nola ematen zaien azaltzen du. Hau da, gure kasuan “La Manada” auzia inflexio puntu bat izan da gizarteak bortxaketei, bortxaketaren kulturari, justizia patriarkalari eta beste hainbat gairi buruz zituen usteak eraldatzeko. Teoria honen bitartez gizartearen pentsamenduaren eta aldarrien transformazio hau aztertu dugu.

Inflexio puntu bat izan dela diozu. Zein zentzutan?

Bai, hala da. Ez da tamalez gertatutako lehen bortxaketa ezta lehen talde bortxaketa izan; berau besteko gertakari larriak arinago ere bizi izan ditugu. Ez da ezta justizia patriarkala agerian geratu den lehen kasua ere izan, baina halere aurrekaririk gabeko gizarte mugimendua eta protestak sortu ditu kaleetan eta baita sare sozialetan ere

Zer da zehatz-mehatz aztertu duzuena?

“La Manada” auziko epaia plazaratu zen dataren -2018ko apirilaren 26aren- inguruan, lau astetan Twitterren #lamanada traola erabili zuten txio guztiak aztertu ditugu. Hauen bidez La Manada” auziari buruz Twitterren plazaratutako diskurtsoa aztertu dugu, bere esanahi sinbolikoa ere jorratuz.

Mundu digitalari aldaketa sozialean dagokion lekua aitortzea ikertzaileen betebeharra dela azpimarratu duzue.

Mundu digitala aldaketa sozialerako lanabesa da; eta honenbestez, gizarte eraldaketarako duen garrantzia eskaini behar diogu; eta ahalduntze erreminta bezala erabiltzen ikasi behar dugu. Ikerltzaileok prozesu horretako gakoak identifikatzen saiatu behar gara, aktibistei beraien jardunean laguntzeko.

Zeintzuk dira ateratako ondorio nagusiak?

Twitterreko diskurtsoan CSC-ean deskribatutako lehen bi faseak aurkitu ditugu, kontzientzia hartzea eta dibergentzia. Dibergentzia fase horretan gaiari buruzko interpretazio desberdinak plazaratu eta kontrajarri baitziren, eztabaida eta jarraipen publiko sutsua sortuaz. Mugimendu feminista eta beronen diskurtsoa argi eta garbi nabarmendu ziren Twitteren. Bortxaketaren kultura eta justizia patriarkala salatu eta biktimarekiko babesa eskaini zuten txioak gehiengoa izan ziren. Azpimarratu beharrekoa da, aktibismo feminista digital honek, “La Manada”-ren kasuan eragin indartsua izan zuela; bai online ,baina baita kaleetan eta beroni lotutako irudikapen sozialetan ere. “La Manada”–ren estaldura digitalak ekintza eta aldaketa sozial erreala bultzatu zuen kaleetan eta gizartean. Honen isla dugu, adibidez, Espainiar gobernuak sexu erasoak epaitzeko legea berrikustea eta aldatzea erabaki izana.

Halere, beste hainbat sexu eraso kasutan gertatu izan den bezala, “La Manada” auzia salatzeko sortutako mugimenduaren kontra mugimendu anti-feminista ere plazaratu zela Twitterren. Diskurtso anti-feminista honek argudiatu zuen edozein gizon izan daitekeela bortxaketaz akusatua feminismo erradikalak sortutako “gizonen kontrako mugimenduaren” ondorioz.

Honenbestez, ezinbesteko deritzogu CSC-ak deskribatutako dibergentzia fasean plazaratutako diskurtso feminista horrek indarrean jarraitzea, konbergentzia eta normalizazio faseetara heldu eta bertan gailendu arte. Hau izango baita bortxaketaren kultura garaitzeko era bakarra.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?

Ikerltzaile euskaldun eta gaztea izatea. Horrela esanda gutxi esan dudala dirudi, baina asko esatea da. Ikerkuntzaren munduan gaztea edo hasiberria izatea erronka handia da; gure ikerketaren oinarrian finkatzeko momentua baita, eta gainera, ezagutzen ez dugun iker munduan sartzen baikara. Gai anitzetan lanean gabiltzanok oinarri horretan euskara txertatu nahi dugula argi uztea oso garrantzitsua eta polita da.

Zerk eraman zaitu ikergazte kongresuan parte hartzera?

Aurreko bi Ikergazteetan ere parte hartu nuen -uste dut ez didazuela gehiago parte hartzen utziko- eta, nolabait, ahalduntze esperientziak izan ziren; alor desberdinetako ikertzaileok, kalitatezko ikerkuntza euskaraz egin dezakegula frogatzeko aukerak. Horrez gain, prozesu antzekoan gauden pertsonok batzea ere oso aberasgarria da. Fisikan tesia egiten ari den gazte batek eta nik tesi prozesuan erronka, gatazka eta beldur antzekoak ditugula jakiteak eta prozesu horretan aurrerago eta atzerago dauden lagunekin esperientziak partekatzeak ni behintzat asko lagundu ninduen.