Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nagore Elu: "Gustuko dut ikertzen dudanak etorkizun batean aplikazioren bat izan dezakeela pentsatzea"

Dokumentuaren akzioak

Nagore Elu: "Gustuko dut ikertzen dudanak etorkizun batean aplikazioren bat izan dezakeela pentsatzea"

2017/10/03 - unibertsitatea.net
Nagore Elu Arantzamendik (1992, Ondarroa) txikitatik izan du gustuko giza gorputzak eta naturak berak nola funtzionatzen duen jakitea. Hori dela eta “Biokimika eta Biologia Molekularra” gradua egin zuen UPV/EHUn. Orduan ezagutu zuen ikerketaren mundua eta baita gustatu ere, baina “Biologia Molekularra eta Biomedikuntza” masterra egin zuenean erabaki zuen benetan ikerketaren munduan murgildu nahi zuela. Une honetan UPV/EHUko Biologia Molekularra eta Biomedikuntzako programan ari da doktoretza egiten, Ugo Mayor-en laborategian. Azken IkerGazte kongresuan Zientzia zehatzak eta natur zientzietako poster aurkezpen onenaren saria jaso zuen “Angelman Sindromearen oinarriak ikertzen: Zein da UBE3Aren biktima?” ikerlanarekin.

Poster aurkezpen onenaren saria jaso zenuen azken Ikergazten zer nolako esperientzia izan zen?
Oroitzapen oso kuttuna daukat. Erronka polita izan zen nire lana publiko guztiari nola helarazi pentsatzea, ikusita zein profil ezberdinetako jendea zegoen; sakonduko dut, ez dut, dena kontatuko dut, sarreratxo orokor bat emango dut... Gustuko dut dibulgazioa eta gogo handiz prestatu nuen bost minutuko hitzalditxoa, baina dudarik gabe, bertan aurkitutako giroak eman zidan falta zitzaidan ukitua. Ulertuko ote zenaren beldurrarekin igo nintzen taulara, baina azalpena eman ostean jendeari gustatu zitzaiola sumatzeak sentsazio oso berezia uzten dizu eta bide horretatik jarraitzera animatzen zaitu.

 

Zer da zuretzat IkerGazte izatea?
Dudarik gabe, familia baten parte izatea. Euskaraz dibulgatzeko gogoz dauden eta beste ikerketa arloetako lanen inguruan jakin mina duten pertsonez osatutako familia bat da, eta izenak ala dion arren, gazte zein ez hain gazteek dute lekua. Familia honetan denetarik ikasteko aukera dago. Nork esango zidan niri spin-orbita edo plasmoiei buruzko azalpenak entzungo nituela! Eta orduantxe konturatzen zara jendeak zein gauza ezberdin eta interesgarrietan lan egiten duen. Nik uste bertan batu ginen guztiok ikuspegi askoz zabalagoarekin eta gauza berri asko ikasita bueltatu garela etxera.

 

“Angelman Sindromearen oinarriak ikertzen: Zein da UBE3Aren biktima?” ikerlana aurkeztu zenuen. Zer da Angelman sindromea?
Angelman Sindromea adimen urriko gaixotasun neurologikoa da, autismoaren antza daukana. Gaixotasun arraroen taldean dago sailkatua, izan ere bere intzidentzia 1:20,000koa da. Orokorrean garapenaren atzerapena, mugimendu eta orekaren asaldura eta hitz egiteko zailtasunak dira ezaugarririk esanguratsuenak. Oraingoz ez dauka sendabiderik, eta eragile nagusia UBE3A proteinaren gabezia dela jakina den arren, ez da ezagutzen gabezia honek zergatik sortzen duen gaixotasunaren koadro klinikoa.

 

UBE3A proteina aztertu duzue zehatz-mehatz. Zerk eraman zaitu arlo horretara?
UBE3A proteina aztertzen dugu Angelman Sindromea duten pertsonetan bera delako funtzioa ongi burutzen ez duen proteina. Gustuko dut ikertzen dudanak etorkizun batean aplikazioren bat izan dezakeela pentsatzea, edo pertsona horiei eta beraien familiei laguntzeko bidean gure hondar-alea jarri dugula jakitea. Ikerketa mota guztiak dira garrantzitsuak, oinarrizkoak barne, baina familia batzuk bizi duten arazo bat konpontzeko bidean laguntzen ari zarela pentsatzea motibazio gehigarri bat da.

 

DDII proteina UBE3Aren substratua dela frogatu duzue. Zer esan nahi du horrek? Zergatik da aurrerapauso handia?
UBE3Aren funtzioa zelulako beste proteina batzuk, hau da, bere substratuak, erregulatzea da, horretarako substratuei ubikuitina deritzon proteina txiki bat gehituz. Kontua da orain arte substratu horiek ezezagunak zirela. Orain jakin dugu UBE3Ak DDI1 proteinarengan eragin zuzena daukala. Kontuan hartuta Angelman Sindromea duten pazienteetan UBE3Ak ez duela bere funtzioa burutzen, uste dugu bere substratuen erregulazioa, DDI1ena kasu, aldatu egingo dela, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu jakitea zer gertatzen den zelulan proteina hauekin. Aurrerapauso handia da, substratu hau (edo bere inguruko proteinaren bat) gaixotasunaren eragile ez-zuzena baldin bada, etorkizunean diana terapeutiko gisa erabiltzea planteatu baitaiteke.

 

Zein da hurrengo pausoa?
Hurrengo pausua DDI1 substratu honi buruzko informazioa biltzea izango da; zelulan non kokatzen den jakitea, egoera normal batean eta UBE3A falta denean DDI1 kantitateak konparatzea… Zenbat eta gehiago jakin proteina honi buruz, argiagoa izango da gaixotasunaren testuingurua. Proteina honek rol garrantzitsua jokatzen duela ikusten bada, pentsatuko dugu etorkizunean nola jarraitu. Tratamendu posible batetik urrun gaude, baina bidea eraikitzen joatea da gure helburu nagusia.

 

Zein proiektu duzu orain esku artean?

Ikerketari dagokionez, tesiaren proiektuarekin ari naiz buru-belarri. Batetik UBE3A proteinaren testuingurua aztertzen ari naiz. Interesgarria litzateke jakitea zein beste proteinekin elkarreragiten duen, bere egitura nolakoa den etab. Bestetik, jada identifikatutako DDI1 substratua karakterizatzen dihardut (lokalizazioa, kantitatea…). Baina horrez gain, izugarri gustuko dudan dibulgazioan ere lan egiten dut herrian daukagun Zientziaren Giltzak Elkartean, hilean behin hitzaldiak antolatuz. Ikertzaileon lana da egiten duguna modu sinple batean mundu guztiari helaraztea, zientzia egunerokotasunean horren arrotza izan ez dadin.